Martxoak 8: greba feminista. Mundua

Argentinatik mundu osora

Gutxienez 60 herrialdetan deitu dute emakumeen grebara eta lanuzteetara. Europako mobilizazio arrakastatsuenak Herrialde Katalanetan eta Espainian egin dituzte

Argentina osoan ehunka martxa egin zituzten atzo. Jendetsuena Buenos Aires hiriburuan arratsaldean egindakoa izan zen. DAVID FERNANDEZ / EFE.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Gutxienez mundu osoko 60 herrialdetan deitu zuten atzo emakumeen grebara eta lanuztera, Islandiako emakumeen 1975eko aurrekariaren ideia hartuta. Jarraipen eta arrakasta ezberdina izan zuen herrialdez herrialde, eta mobilizazioen mezu eta aldarrikapen nagusiak ere ezberdinak izan ziren toki anitzetan. Baina oinarrian, gauza berbera eskatu zuten mobilizatu ziren pertsona guztiek: eskubide eta aukera berdintasuna emakumeentzat. Argentina izan zen mobilizazioaren erdigune nagusietako bat, grebaren ideia nazioartera zabaltzeko ekinbide nagusia hango mugimendu feministarena izan baitzen. Europan, bereziki handiak izan ziren Espainiako eta Herrialde Katalanetako mobilizazioak.

Argentinan paro (geldialdi) feminista 11:00tan hasi zuten, karrikatan zarata atera eta sare sozizalak mezuz betetzeko deialdiarekin. Martxa handiak, berriz, arratsaldean egin zituzten ehunka hiritan; handiena, Buenos Aires hiriburuan. Argentinako mugimendu feministak badaramatza urte batzuk lanuzteak sustatzen. Sorreran, emakumeen aurkako hilketengatik protesta egiteko, Ni una menos (Ezta bat gutxiago ere) lelopean —azken hamar urteotan 2.679 hil dituzte, Femizidioen Ikerketa erakundearen arabera—.

Atzoko mobilizazioak, ordea, gizonek egindako hilketak salatzeaz gain, aldarrikapen gehiago eraman zituen karriketara, eta Mauricio Macri presidente eskuindarraren politikak auzitan paratu zituen; gehienbat, lan arloan egindako erreformengatik eta abortatzeko eskubideari paratutako trabengatik. Protesta egunaren antolatzaileek zortzi puntuko manifestu bat argitaratu zuten. «Gaur milioika emakume, lesbiana, trans eta trabesti mobilizatu gara mundu guztian, eta karrikara atera gara gure bizitzen eta gure eskubideen alde, gure nahien eta gure autonomiaren alde», azaldu zuten lehenbiziko puntuan.

Azken urteotan Argentinan egin dituzten lanuzteek eragina izan dute Latinoamerikan, eta, atzo ere, lanuzteak eta mobilizazioak deitu zituzten ia herrialde guztietan. Telesur katearen arabera, Brasilgo hiri batzuetan errepideak moztu eta martxak egin zituzten indarkeria matxistaren aurka, eta Paraguain mugimendu feministako ordezkari batzuek eskakizun zerrenda bat aurkeztu zuten Lan Ministerioan, lan arloko diskriminazioarekin bukatzeko.

Europan, erreferentzia puntuetako bat Herrialde Katalanak izan ziren atzo. Han ere historian lehenbiziko aldiz antolatu zuten emakumeen greba bat, eta hagitz jarraipen zabala izan zuen. Emakume taldeek Bartzelonako bide nagusiak eta Kataluniako bertze hiru errepide itxi zituzten, eta Generalitatearen trenbide zerbitzuak zenbait geltoki itxi zituen jendetza pilatzea eragozteko. Bartzelonan, hiriko bideak itxi zituztenean, tentsio uneak izan ziren Mossos d'Esquadra Polizia autonomikoa piketeei oldartu zitzaienean. Valentziako Unibertsitatean ere Espainiako Polizia ehun bat ikasleri oldartu zitzaien, errektoretzako eraikina «sinbolikoki» hartzeko ekintza bat egitera zihoazenean. Bartzelonako Udalaren arabera, eguneko lehenbiziko elkarretaratzean 7.500 emakume elkartu ziren Sant Jaume plazan. Ada Colau alkateak ere parte hartu zuen. «Edo emakumeei entzuten zaie, edo ekonomia gelditzeaz arduratuko gara, gauzak aldatzen has daitezen», adierazi zien hedabideei.

Dozenaka milaka Madrilen

Herrialde Katalanetan bezala, Espainian ere jarraipen zabala izan zuen grebak. Bi sindikatu nagusiek, UGTk eta CCOOk bi orduko lanuztera deitu zuten, eta, horien arabera, 5,3 milioi herritarrek parte hartu zuten deialdi horretan —Hego Euskal Herrikoak eta Herrialde Katalanetakoak barne—. «Herrialdeko sindikalismoaren historian aurrekaririk gabeko lanuztea izan da», adierazi zuen UGTk. Mugimendu feministako eragileek, ordea, egun osoko grebara deitua zuten. Manuela Carmena Madrilgo alkateak herriko etxearen ondoan egindako elkarretaratze batekin bat egin zuen. «Egiazko berdintasuna eskatzeko da bakarrik, eta munduak aldatu dezan emakumeak tratatzeko duen modua». Arratsaldean Madrilen egin zuten manifestazioan dozenaka milaka herritarrek parte hartu zuten.

Abortoa Irlandan

Europako bertze herrialdeetan, grebak eta lanuzteek ez zuten Herrialde Katalanetan eta Espainian bezain jarraipen zabala izan, baina martxa, manifestazio eta bertzelako ekintza anitz eta jendetsuak egin zituzten kontinente osoan. Italian bat egin zuten Argentinako hilketen aurkako leloarekin, eta Erroman manifestazio jendetsu bat egin zuten indarkeria matxistaren, sexu indarkeriaren eta diskriminazioaren aurkako leloekin. Garraioan, hezkuntzan, osasunean eta zerbitzu sektorean lanuztera ere deitua zuten.

Erresuma Batuan, berriz, 61 unibertsitatetan greba egin zuten atzo, Emakumeen Greba Erresuma Batua taldearen arabera. «Emakume guztien arteko elkartasuna ari gara aldarrikatzen: trans emakumeena, emakume beltzena, emakume indigenena, langile klasekoena, elbarriena, migratzaileena, sexu langileena, musulmanena, lesbianena eta queer-ena», adierazi zion The Guardian egunkariari Noshin Salari Rad ekintzaileak.

Herrialde batzuetan problematika zehatzek hartu zuten protagonismoa Emakume Langilearen Egunean. Irlandako Errepublikan, errate baterako, gobernuak atzo onartu zuen maiatzaren bukaeran abortatzeko eskubidearen inguruan erreferendum bat egitea ahalbidetzeko legea. «Erreferendum honetan herritarrei eskatuko diegu utz diezaietela emakumeei haien buruaren gaineko erabakiak hartzen», adierazi zuen Leo Varadkar lehen ministroak. Hego Korean, berriz, emakumeen aurkako sexu indarkeriaren kontrako manifestazio handi bat egin zuten Seul hiriburuan, nazioarteko #MeToo (Baita ni ere) kanpainari atxikita. Azken aldian goi-mailako politikariek eta ordezkari erlijiosoek egindako sexu erasoen berriak argitaratu dituzte hedabideek, eta Hego Koreako gizartea astindu du horrek.

Asiako bertze muturrean, martxoaren 8a urteko egun handietako bat izan ohi da Kurdistanen. Afrin hirian, gerraren erdian, milaka emakumek martxa bat egin zuten, Turkiako armadak hiriaren erdigunean egin zituen bonbardaketei desafio eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu