Tximeletaren aurreneko harra

Bertsolariekin egindako elkarlanaren fruitu da 'Mugitu' Tximeleta plaza taldearen lehenengo diskoa.Hamar abestietatik sei berriak dira

Bertsolariek idatzitako testuak baliatu dituzte lehen diskoan. TXIMELETA.
Araitz Muguruza.
2014ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Plaza taldea diren aldetik, bertsioak egitetik bizi dira Tximeleta taldekoak. Kantuei ez diete inolako beldurrik, edozeinen bertsioa egiten baitute. «Edozein abesti jotzen dugu: Barricadaren eta Michael Jacksonen abestien artean jo dezakegu fandango bat». Bertsiotik bertsiora aritu dira taldea sortu zutenetik, eta, horregatik agian, ez zuten disko bat egiteko beharrik sentitu. «Enkarguz egindako lau abesti bagenituen, eta behin ohartu ginen disko bat osatzeko sei baino ez genituela falta; orduan heldu genion prestakuntzari», azaldu du Maider Ansa Tximeletako abeslariak. Kaleratu berria dute aurreneko diskoa: Mugitu.

Bertsolariekin elkarlanean egin dituzte abestiak. Hitzak egiteko «egokienak» iruditzen zaizkio Ansari: «Instituzio bat dira Euskal Herrian». Eta bide batez, haien lana eskertu nahi izan dutela nabarmendu du abeslariak. «Aitortu nahi genien ahalegina, abesti askotako hitzak egiten baitituzte; duten presentzia eta garrantzia eman nahi izan diegu horrela». Diskoa osatzen duten hamar abestietatik bederatzitako hitzak egin dituzte bertsolariek; hamargarrena instrumentala da. Kantuak sortzeko gaia-edo jarria zutela adierazi du Ansak: «Gehienei doinu bat eman diegu, eta horrek iradokitzen ziotenari buruz idazteko eskatu genien. Baina kasuren batean eman diegu gai orokor bat». Argi zuten taldea aurkeztuko zuen kantu bat nahi zutela, eta hori Iker Zubeldiari enkargatu zioten: Tximeletak gara. Mundu hau uzten bazun doinua erabili dute.

Josu Erbitiren DrumGroove estudioan grabatu dute, eta Elkar estudioko Victor Sanchezek masterizatu die diskoa.

Zubeldiaz gain, Miren Amurizaren, Arkaitz Estiballesen, Xabier Silveiraren, Julio Sotoren, Joseba Andoni Beltzaren eta Eneko Lazkozen bertsoak musikatu dituzte. Itzulpen bat ere bada tartean. Manu Gomez bertsolariak Visca la terra lliure abestia itzuli du, eta hura musikatu dute.

Izen batean, bi esanahi

Diskoaren izenean taldearen nortasuna eta aldarria batu nahi zituzten. «Estiballesek ongi baino hobeto azaltzen ditu herri jaiak Mugitu jaietan abestian, eta horretan oinarritzea erabaki genuen guk ere, sinesten dugulako jaietan gorputza dantzarako mugitzeaz gain antolatzeko ere mugitu behar dela», gaineratu du Ansak.

Musika taldeak bezalaxe, kontzertuz kontzertu emango dute uda Tximeletakoek. Urte amaiera arte 50 bat emango dituztela kalkulatzen du Ansak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.