Liburuen oihanean bidea zabalduz

Euskal argitalpen saldoa ekarriko du, beste behin ere, Durangoko Azokak. Besteak beste, Izagirre, Uribe eta Urretabizkaiaren lanak iragarri dituzte. Saiakera da nagusi

Liburuen oihanean bidea zabalduz.
Ander Perez Argote
2016ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Liburu argitalpen oldearen sinonimo izan ohi da Durangoko Azoka. Ate-joka dabil aurtengoa, eta prest dute argitaletxeek udazken eta neguko salmentetarako uzta. Kalean dira liburu batzuk dagoeneko, eta hurrengo asteetan izango dira gainerakoak. Tartean, izen nabarmen batzuk: Koldo Izagirre, Kirme Uribe eta Arantxa Urretabizkaia, adibidez, eta baita estreinako autoreak ere. Generoetan, biziki oparoa izanen da ez-fikziozko lanen eskaintza: kronikak, memoria lanak, saiakerak, biografiak... Eleberriak aurrea hartuko die, alde handiz, poesiari eta narrazioari, eta, azken urteetako joerari eutsiz, asko izango dira euskararaturiko erdal obrak.

Kritika onak jaso zituen Sua nahi, Mr. Churchill? kaleratu eta 11 urtera dator Koldo Izagirreren narrazio bilduma berria. Izenburuan ongi zehaztu du ipuinen giroa: Franco hil zuten egunak (Susa). «Euskal Herria asaldatu zuten» 1975eko egun horietan, «frankismoa durduzatu» zuten horietan kokatu ditu Izagirrek liburua osatzen duten bederatzi ipuinak. Azaroaren erdialderako izango da lana liburu dendetan.

Ipuin bilduma kaleratuko du Harkaitz Canok ere, Zer demontre dago aulkien azpian? izenarekin (Pamiela), eta Lorena Martinez-Oronozen ilustrazioek jantzia. Osotara, 26 kontakizun hiperlabur izango dira. Motz-motzak dira Karlos Linazasororen ipuinak ere, Trilogia hiperlaburra lanean bilduak. Irailetik da liburua kalean.

Eskaintza zabala izango da eleberrietakoa, ohiko moduan. Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa) kaleratuko du, 1936ko gerratik ihes egin eta Eresoinka erbesteratuen taldean elkar ezagutu zuten Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizitzak nobelatuz. «Arnasa luzeko eleberria da» Uriberena, Susa argitaletxearen arabera; «ametsen eta ezintasunen kronika nobelatua». Susak, gainera, Patxi Larrionen estreinako lana aurkeztu zuen irail amaieran, Feriatzaileak eleberria. Bigarren edizioa prestatzen ari dira orain.

Patxi Zubizarretak 1987an kokatu du bere eleberri berria, Bartzelona eta Hendaian bizi diren bi gazteen arteko maitasun harremana ardatz. Txalapartak argitaratuko du Erantzuna haizeandabil lana, Manu Ortegaren irudiek lagunduta. Elkarrek, bestalde, ale berriak gehituko dizkio urtaroko eleberri eskaintzari: Miren Gorrotxategik Zubikarai Saria eskuratu zuen iaz, eta hari esker kaleratuko du aurki 33 ezkil misteriozko lana, bere lehenengoa. Jose Inazio Basterretxeak «Franco epelegia zelakoan, nazien laguntzaz iraultza egin nahi zuten falangista bilbotar batzuen istorio ezkutua» jaso du Begoñaren itzalpean nobelan. Mikel Hernandez Abaituak, azkenik, Joseba Agirregomezkorta musika kazetari eta literatur kritikariaren ibiliak kontatuko ditu Airearen isla eleberrian.

Toure detektibearen abentura berri bat ekarriko du Ereinek, Jon Arretxeren eskutik: Satorketan da behin behineko izenburua. Xabier Etxaniz Rojok iktus bat pairatu ostean hitza galdu duen protagonistaren bizitza kontatuko du Waterloon-n galdutakoak lanean, eta Aitziber Etxeberriak Nomada kaleratuko du, 1936ko gerra amaituta SESBtik Euskal Herrira itzuli nahi duen pertsonaiarengan fokua jarrita. Ereinek, gainera, Joseba Lozanoren Inoren lurraldean «misteriozko nobela gotikoa» argitaratuko du.

Ez da bereziki ugaria poesia eskaintza, baina halere, izanen da zer irakurria. Utriusque Vasconiaek bi lan argitaratuko ditu, Karlos Linazasororen Zerua beti beherago dago bata, eta Kepa Fernandez de Larrinoaren Jakintzaren bortizkeria edo erdara globalaren zamaren hitz-dolua bestea. Amaia Iturbidek, bestalde, Dorrearen eta penduluaren arteko ituna poesia lana emango du argitara, Ereinekin. Mikel Etxaburuk eta Luigi Anselmik dagoneko argitaratutakoei gehitu behar zaizkie titulu horiek.

Saiakeraren eremu zabala

Ez-fikzioaren eremuak biltzen ditu, beste behin ere, euskal sorkuntzaren titulu gehienak, mota eta genero askotakoak. Irati Jimenezek, adibidez, begirada sakonaz erreparatu zien hiru hitz zehatzei Nabarra aldizkarian zebilenean, eta orduko ariketa hori osatuta aurkeztuko ditu orain Odola, Gatza eta Musua liburuak, Txalapartarekin. Tafallako (Nafarroa) argitaletxeak, gainera, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoaren memoriak kaleratuko ditu, besteak beste.

Kazetaritzatik, fikziotik eta saiakeratik, hiruretatik du zerbait Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia lanak (Pamiela). Hondarribiko Jaizkibel konpainia mistoko fundatzaileetako bat da Urretabizkaia, eta orain 23 urte sortu zutenetik gaur arte bizitakoak bildu ditu autoreak liburuan.

Aski izenburu iradokitzailea jarri dio Ibon Sarasolak bere saiakera berriari: Kontuak garbitzen (Erein). Euskara batuaren bilakaeraz hausnartu du autoreak liburuhorretan, haren jardun pertsonala ardatz hartuta. Argitaletxe horrek, gainera, zortzi liburuz osatutako Korrespondentziak izeneko bilduma aurkeztuko du Donostia 2016rekin batera. Euskal Herriko idazle baten eta atzerriko baten arteko gutun trukea jasoko du liburu bakoitzak.

Edo argitaletxearekin publikatuko du Ismael Manterolak Maite dut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean saiakera lana, eta Iban Zalduak letrak izango ditu hizpide (Euskal) literaturaren kontra (eta alde) saioan, Elkarrek argitaratua. Susak, gainera, saiakera feministen Lisipe bildumari ekin berri dio, Zuriñe Rodriguez eta Oihana Etxebarrietaren Borroka armatua eta kartzela lanarekin.

Antzerkiak ere izango du lekua udazkeneko uztan. EHAZEk Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak obra txalotua liburura eramango du; Aztarnak, gainera, Xabier Letek bere garaian idatzitako Gabon Txirrita antzezlana berreskuratu du. Sasoiko dabil liburu grafikoen generoa ere, heldu zein gazteentzako eskaintza oparoz armatua. Berezia da Harkaitz Canok, Joxemari Lopetegik eta Antton Olariagak elkarlanean ondu duten Itzal zaunka lana (Elkar). Pamielak, gainera, liburu grafiko formatuan emango du Ivan Gimenezen Korralito forala lan arrakastatsua, Tasio marrazkilariaren irudiek lagunduta.

Erdal idazleen lanak euskaraz irakurtzeko aukerak ez dira faltako aurten ere. Pasazaitek, adibidez, Hassan Blasimen Kristo irakiarra ekarriko du aurki, Ana I. Moralesek itzulia. Susak poesia kaiera berriak aurkeztuko ditu gaur, Miroslav Holub, Stephane Mallarme eta Nijole Miliauskaiteri eskainiak. Danele Sarriugartek, bestalde, Angela Davisen Emakumea, arraza eta klasea lana itzuli du; Elkarrek eta Jakinek kaleratuko dute lana. Txalapartak, azkenik, Najat El Hachmiren Azken patriarka argitaratuko du, Jexuxmari Zalakainek espetxean itzulitakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.