«Gizarteak lehen baino gutxiago hartzen ditu kontuan gazteak»

Laurent Cantet zinemagile frantziarrak jaso du Giza Eskubideen Zinemaldiko ohorezko saria, bere ibilbide «ausart eta konprometituagatik»
Laurent Cantet zinemagile frantziarra, atzo, Donostian.
Laurent Cantet zinemagile frantziarra, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko apirilak 28
«Ahotsik ez duten horiei ahotsa emateko» ahalegina egiten du Laurent Cantetek (Melle, Frantzia, 1961). Osatu duen ibilbide «ausart eta konprometituagatik» saritu dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Atzo jaso zuen saria, Viktoria Eugenia antzokian, arratsaldez. «Ez naiz xalo hutsa; film batek ez du mundua aldatzen, baina galderak egin ditzakegu zinemari eta kulturari esker, eta arazoak plantea ditzakegu; egiten ez badugu, gehiegikeria asko gerta daitezen utziko dugu», esan zuen atzo eguerdian egindako agerraldian.

Cantetek harreman estua izan du Donostiarekin hasiera-hasieratik. Zinemaldiko zuzendari berrien saria irabazi zuen 1999an, Ressources humaines estreinako lanarekin. Haren aurretik, telebistarako prestaturiko Isla Sanguinaires egina zuen soilik, 1997an. Hamar urte geroago, 2009an, Zinemaldiko epaimahaiburu izan zen. Ordurako dezenteko aitortza eta onespena jasoak zituen Frantzian eta nazioartean, Cannesko zinema jaialdiko Urrezko Palma irabazi baitzuen Entre les murs (2008) pelikularekin.

Orduz geroztik beste hamar urte igaro dira, eta berriro ere gazteengan eta hezkuntzaren munduan jarri du begi-mira, L'Atelier filmean (2017). Idazketa tailer batean ariko dira hainbat gazte, eta nobela bat idatzi beharko dute elkarrekin. Frantziako hegoaldeko La Ciotat hirian izandako eraldaketa kontatzen du filmak: 80ko hamarkadaren amaiera aldera, ontziolak itxi ostean, turismoaren mendeko gune hutsal bihurtzen dira, eta bertako gazteek ez duten aterabiderik ia, ez dute ingurukoaren batere kontrolik. «Uste dut gizarteak lehen baino are gutxiago hartzen dituela kontuan gazteak. Aurrez aurre ikusten dut bortxazko mundu bat dutela, gogorra eta zaila. Egin beharko litzatekeena da eurak gehiago entzun, eta ahalik eta gehien laguntzen saiatu, munduari aurre egin diezaioten tresnak ematen saiatu. Baina ez ditugu entzun ere egiten».

Bizi ikuspegi bat

L'Atellier filma egitean, Cantetek gazteekin hitz egiten zuen. «Gidoi moduko bat izaten dut; hipotesi batzuk izaten ditut, baina gero gustatzen zait eurekin hitz egitea, eta gidoia moldatu eta egokitu ere egin nuen». Izan ere, filmeko tailer gidariak bezala, berak ere izaten du kezka «txotxongiloen manipulatzaile huts» bihur ote litekeen. «Hori saihesteko era bakarra entzutea eta erne egotea da», Cantetek adierazi duenez.

Filmetan gai sozialak lantzea eta izaera konprometitua azaltzea ez du egunerokotasunetik aparte ikusten: «Nire munduaren eta bizitzaren ikuskera hori da, eta filmetan ere berdin gertatzen zait». Hala ere, zinema ulertzeko modu desberdinak daudela dio, eta horiek guztiak errespetatzen dituela: «Errealitatea gogorra da, eta batzuek zinema erabiltzen dute errealitate horretatik eskapo egiteko, eta ondo egiten dute. Nik beste era batera egiten dut, ordea. Nire amak leporatzen dit nire filmak goibelak direla, eta egunen batean komedia egingo dudala espero du», esan zuen barrez.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko ohorezko saria jasotzeak «ilusio berezia» egin dio Canteti. Hala adierazi zuen atzo. Aurrez, besteak beste, Goran Paskaljevic, Patricio Guzman, Robert Guediguian, Iciar Bollain, Deepa Mehta, Lourdes Portillo, Jose Luis Borau eta elias Kerejeta izan ziren sarituak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna