Xabier Montoia. Musikaria eta idazlea

«Zarata dago alde guztietatik, baita fisikoa ere»

Gaztetako baikortasuna albo batera utzi eta «salbaziorako» tarte txikia ikusten duen arren, maitasun kantuak egiten jarraitzen du, baita gizabanakoen eta kolektiboaren arteko talken inguruko kezkak islatzen dituzten liburuak idazten ere.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko maiatzak 19
«Inoizko kritikarik» onenak jaso ditu Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955), bai Hitzontziak nobelarekin (Susa), baita Gorraizea diskoarekin ere (Gaztelupeko Hotsak). Hala ere, «jakitun» da horrek ez duela hazkunderik ekartzen bere irakurle eta entzule saldo fidelean. Hilabete batzuk igaro dira bi lanok plazaratu zituela. Ez zaio gaizki iruditu tarte luze samar baten ondoren solastatzea, ordea. «Ez naiz gauza horien zain egoten. Egia esanda, nire espektatibak oso txikiak izaten dira hasieratik. Hori ikasi dut... Bai musikan, eta baita literaturan ere». Donostiako Gasteiz tabernan mintzatu da, modu pausatuan, irratitik The Policeren Every Breath You Take, Abbaren Dancing Queen eta Amy Winehouseren Back To Black entzuten diren bitartean.

Denborak, denboraren iragateak, inoiz baino gehiago erasan dizu bi obra hauetan?

Nik uste dut hasieratik egon dela gai hori nire obran; adibidez, gai nagusietako bat da Anfetamiña-n. Noski, urteak pasatu ahala hori areagotu egingo zen.

Errautsak haizetan kantuan esaten duzu: «Izan ginen gazteak ez dira itzuliko. Gure orduko ametsak errautsak haizetan...». Esaldi honek ardazten ditu bi lanok?

Egia esanda, disko honetako kantuak, musika, banituen duela bost urte. Kantu gehienen hitzak ez, ordea. Nobela idazten ari nintzen bitartean kantuetako hitzak ere ari nintzen idazten. Normala da gaiak gurutzatzea.

Xabier Montoia beti ikusi izan dugu begi-belarriak garaian garaikora erne, joera berrietara. Lehenengo aldiz-edo sentitu duzu nostalgia bat?

Ez, ez. Nola esan? Kantuetan agertzen diren gauzak ez dira niretzat automatikoak, ez dira nik beharbada momentu honetan gogoan ditudanak. Lehendabizi doinu bat izaten dut, eta esaldiek badute aldez aurretik neurri bat. Beraz, hor ibiltzen naiz, neurri horretara nolabait egokituz. Beraz, nik berez ez nuke hori horrela esango, hemen zurekin, taberna batean... Baina, nolabait, doinu horrek irtenbide batzuk bilatzera bultzatzen nau. Eta horiek dira nik aurkitutako esaldi bat, irtenbide bat... baina aldi berean, jakineko zerbait. Izan ginen gazteak ez gara inoiz berriz izango. Jakina! Hala ere, esaldia ez zait arrotza; ez dut gehiegi pentsatu hartan, egia esanda, ez modu kontzientean behintzat. Beste gauza batzuk dauzkat gogoan, burua osorik hartzen didatenak.

Gorraizea eta Hitzontziak. Egungo bi gaitz, ala bi aterpe?

Edo biak. Kasu honetan, uste dut biak direla, edo behintzat niri interesatzen zaidana hori da: bikoiztasun edo hirukoiztasun hori, alderdi bat baino gehiago izatea.

Zerk eragiten dizu zuri gehiago, gorraizeak edo hitzontzi bilakatzeak?

[Pausa luze bat eta barreak] Bada, gorreriak, beharbada. Baina ez nago seguru.

Ia klixe ere bihurtu da garaiotan, baina esaten da entzutea dela ekintzarik eraldatzaileena.

Nik uste dut justu kontrakora garamatzala denak. Zalapartara. Zarata dago alde guztietatik, gero eta gehiago, eta maila guztietan. Baita modu fisikoan ere. Niretzako hori bai da gai inportantea: zarata.

Mekanismoren bat topatu duzu horri aurre egiteko?

Ez, jasan egiten dut soilik.

Zure musikak eta literaturak elkarrizketak izan dituzte, edo traba egin izan diote elkarri?

Ez, elkarri lagundu egin diote beti. Bata bestearen babesleku izan dut beti. Batean etsi dudanean, bestea eduki dut. Hori beti izan da horrela, eta orain ere bai.

Askotan egokitu zaizu batean edo bestean etsitzea?

Askotan [barreak]. Ni saiatzen naiz erlatibizatzen. Bestela, ez dago aurrera egiterik...

Irteera kolektiboez eta bakarkakoez dihardu pertsonaietako batek Hitzontziak liburuan. Ematen zuen azken urteetan irteera kolektiboetarako aukera berriro etor zitekeela...

Nik egotea nahiko nuke, baina ez. Ikusten dudanak ez narama hori pentsatzera, kontrakora, baizik. Ruper Ordorikak badauka kantu bat Enzensberger idazle alemanaren poemarekin. Berreziketaren zailtasunari buruzkoa da. Eta dio: «Ene! gizonik ez balego, orduan bai pagotxa». Eta hori da problema, gauzak errepikatu egiten direla etengabe; putzu batetik atera orduko hurrengoan sartua zaude. Adibidez, egunotan Nikaraguan gertatzen ari dena...

...Ni gaztea nintzenean bazegoen, behintzat ametsetan, iraultza baten desira. Zergatik? Bazegoelako klase bat hori egiteko. Gaur egun, klase hori egon, badago, eta inoiz baino handiagoa da, nahiz eta eraldatua izan, baina...

Klase horren kontzientzia galdu egin da?

Tira, sekula ez du izan kontzientzia. Akaso batzuek lortzen zuten kontzientzia izatea, baina bazen orain baino handiagoa, dezentez handiagoa. Burgesiak irentsi egin zuen. Orduan, orain, nik ez dut inor ikusten hori egiteko. Nork egin behar du hori... ? Beharbada denok batera, baina...

Feminismoak?

Bai, izan liteke. Bai, feminismoa izan delako mugimendu bakarrenetarikoa zerbait lortu duena. Haren eragina nabarmena da gizartean gaur egun, ikus daitekeen zerbait da, gauzak nola aldatu diren... Pentsaera eta jarreretan ari da eragiten, eta hori guztia, noski, positiboa da, baina...

Baina, gainerakoan, zarata?

Bai, eta, horrekin lotuta, ezkerra deitzen den horrek ez dauka sinesgarritasunik, edo behintzat nik ikusten dudana, Alemanian, Frantzian, Italian, Espainian, Euskal Herrian...

Pertsonaia horrek berak esaten du zein urrats txikia dagoen zapaldua izatetik zapaltzaile izatera.

Bai, nobela osoa horretan oinarritua dago. Horrek egiten du irtenbide kolektiboa utopiko izatea, baina, aldi berean, posibilitate bakarra da. Hor dago koxka: ez dut sinesten banan-banan ezer egin litekeenik —bueno, zerbait egin liteke, idatzi eta abar—, baina ez dut sinesten autolaguntzan eta gauza horietan.

Zapaldua / zapaltzailea dikotomia horretan sortzailea ere pasatu liteke batetik bestera?

Bai, dudarik gabe, eta biak ere izan liteke aldi berean.

Sortzailearen egoera oso prekarioa da egun...

Bai; ziur aski beti izan da prekarioa, baina orain areagotua, noski.

Zer sentitzen duzu zeure burua 1976ko Gasteiz hartan jarrita? Oroimen soila da?

Niretzat, dena ikasten ari nintzen garaia da. Orduan ari nintzen mundua deskubritzen, orduan hasi nintzen irakurtzen, eta ni baino zahartxoagoak zirenek pasatzen zizkidaten irakurgaiak. Haiei esker hasi nintzen irakurtzen.

Orain baino baikorragoa zinen?

Oso baikorra nintzen orduan. Uste nuen alda zitezkeela gauzak.

Ekologista baten galderak kantuan galdetzen duzu ea ba ote den salbaziorik. Zer uste duzu?

Nik galderak ugari ditut, erantzunak batere ez. Hori da konstantea diskoan, eta nobelan ere bai. Galdera horiek ez dira soilik ekologistarenak, munduari begiratzen dion edonorenak baizik. Eta salbaziorako aukerarik, ia ez...

Ezta esparru txikietan ere, auzoan?

Hori ere oso zaila da, espazio txikiak ere espazio handiz inguratuta baitaude. Eta presio hori daukate alde guztietatik. Hau da nire gaztetako eztabaida bat. Neurriak badu garrantzia, esaterako zapaldu izatetik zapaltzaile izatera igarotzeko bide horretan, baina, hori bakarrik balitz, gaitz erdi. Bueno, saiakera guztiak ondo daude, baina hortik ez dut askoz gehiago espero, ikusiak ikusita.

Irteerarik ez, baina nobelak ikuspegi kolektiboagoa ematen du, eta diskoak, aldiz, indibidualagoa. Zure ahotsetik aterakoa erabat.

Bueno, irteerarik ez dut ematen, hori seguru. Nik ez dut nobela bat idazten irteerarik emateko. Hasteko, ez daukadalako irteera bat, noski. Horretarako egin liteke saiakera bat, panfleto bat... baina ez nobela bat.

Bueno, akaso ez zinateke idazlea ere izango irtenbidea edukita.

Bueno, zergatik ez? Manifestu Komunista literarioki ere oso aberatsa da. Hasierako esaldi mitiko hori... [«Mamu bat dabil Europan barrena —komunismoaren mamua...»] Tolstoiren mailan dago.

Aurreko nobelan ere, Azken afaria-n, lau ziren protagonistak. Kasualitate hutsa da?

Bueno, errealitatea, edo nik kontatu nahi izan dudana kontatzeko, lau behar nituen, ez bost edo hiru.

Diskoan zure ahotsetik ari zara, eta badago zu bat ere, aurreko diskoan zegoen modura.

Bai, baina, lehen esan bezala, kantuak egiteko lehendabizi doinua izaten dut. Eskuragaitza kantuan, adibidez, bi kontutxo badaude aipatzeko. Badago Elvis Costelloren kantu bat, I Want You izenekoa. Kantuko esaldi guztiak horrela hasten ditu, eta orduan pentsatu nuen halako keinu bat egin nezakeela nik. Eta, bestetik, banuen buruan Benito Lertxundiren Hitaz Oroit. Horregatik dago hor zu hori hain markatua, alegiazko zu bat. Ez da mezu bat, ez da aitorpen bat; kantu bat da.

Baina ez dago maitasunaren aldarri bat?

Bueno, nik ikusten dudan moduan, nik popa egiten dut; hau da herri musika, gaur egungo herri musika. Genero horretan, maitasun kantuek portzentaje handi bat daukate, gai nagusia ez bada. Orduan, estilo ariketa bat ere bada niretzat. Nik neure burua emari horren barruan ikusten dut. Ni atomotxo bat naiz hor, eta nire ekarpena oso txikia da, baina neure burua horretan ikusten dut.

Azken bi diskoetako pop minimalistari helduz, urrundu egin zara genero urbano dantzagarrietatik?

Propio alboratu izan naiz rock moldeetatik, gitarra, baxu eta bateria eskematik; hori izan da nire eskema ia beti. Rock—and—rollaren lengoaia hori nik eraman nezakeen mutur horreta raino eraman nuen; geroztik, ez neukan gogorik horri jarraitzeko, nik eman nezakeena emana neukalako.

Aspalditxo esan zenuen rock-and-rolla esklerosiak jota zegoela. Orain nola dago?

Berdintsu jarraitzen du. Ez dut erabat jarraitzen, baina entzuten ditut pil-pilean daudenak, eta toki guztietan daudenak, eta oraindik ikusten dut niretzat agortu diren erreferentzia batzuk dituztela: 80ko hamarkadako taldeak, rocka, garagea ...

Hala ere, publikoan egon da aldaketa bat; gazteek ez dute nagusiki rocka jarraitzen.

Topoan ikusten ditut gazteak musika entzuten, batez ere. Eta susmoa daukat gazteek beste genero batzuk entzuten dituztela, eta asko pozten naiz. Rock-and-rollaren fenomenoa oso arraroa izan da, gazteek beti entzun baitute gurasoen kontrako musika, baina, rock-and-rolla heldu zen, eta mende erditik gora iraun du. Orain, hip-hopa, reggaetona, trapa... Pozgarria da. Baina nire susmoa da soilik.

Zuk ere har zenezakeen bide hori.

Bai, zergatik ez. Baina gogoa ere izan behar da gero.

Beti izan zara dantzaria.

Bai, eta banaiz orain ere. Ez dut askotan egiten, baina moldatzen naiz, topatzen dut modua gorputza mugitzeko, baita etxean ere.

Salbaziorako kontu handirik ez dugu aipatu, baina ari zara sorkuntzan?

Ari naiz nobela labur bat idazten.

Badakizu laburra izango dela?

Hasieratik agindu nion neure buruari digresiorik ez izateko, zehatza izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna