Bizkorra bezain zaila bosgarrena

Sanferminetan aurten izan den entzierrorik azkarrena izan da Jandilla ganadutegikoena. Ez da adarkaturik izan, baina bi korrikalari eraman dituzte ospitalera, kolpeak artatzeko

Bizkorra bezain zaila bosgarrena.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Oso zaila izan zen atzo zezenen aurrean korrika egitea. Entzierro garbia izan zen sanferminetako bosgarrena. Meridako (Badajoz, Espainia) Jandilla ganadutegiko zezenen txanda izan zen. Azkar eta arriskutsu fama dute. Ospea bete zuten, nahiz eta inor ez zuten adarkatu. Bi minutu eta hamabi segundo besterik ez zuten behar izan San Domingoko eta zezen plazako ukuiluen artean dauden 849 metroak egiteko. Gurutze Gorriak, entzierroaren ostean, 73 lagun artatu zituen, eta horietatik bi bakarrik eraman behar izan zituzten Nafarroako Ospitale Gunera, kolpeengatik.

Joaldunak atera ziren zezenen aurretik San Domingoko ukuiluko ateak irekitzean. Jende andana zegoen San Fermin santuaren irudiaren parean zezenak noiz iritsiko zain. Berehala, hiru zezen beltz jarri ziren taldearen buruan. Izugarrizko abiaduran ekin zioten maldari. Korrikalariek segundo gutxi batzuk besterik ezin izan zuten lasterka egin, zeramaten abiadura tarteko. Hala ere, oso irudi politak ikusi ahal izan ziren. Beste kale batzuetan ez bezala, San Domingoko kalean lasterka ari zirenen gehiengoa zuriz jantzita zegoen. Hala, entzierroaren esentzia bertan dagoela esan daiteke.

Udaletxeko plazara iristerako, hiru zezenak gainontzeko animaliak baino metro batzuk aurreratuago zihoazen. Baina, Mercaderes kalera iristerako, Gabriela zuri-zikin koloreko zezenak bat egin zuen lehen taldearekin, eta arriskurik handiena orduantxe izan zen. Mercaderesko bihurgunean lasterka egiteko tokia zegoela iritzita, Australiako korrikalari bat hesiaren aldetik igarotzen ari zela, zezen beltzetako batek harrapatu zuen. Haren atzetik zetorren zezen zuri-zikinak ere jo zuen, eta hegan ariko balitz bezala parez pare jo zuen hesia. Harrigarria dirudien arren, Australiako gazteak kolpeak besterik ez zituen izan, eta, hesiaren azpitik arrastaka igarota, salbu jarri zen.

Mercaderesen izandako jarrera berarekin jarraitu zuten Estafeta kalean gora zezenek. Ziztu bizian ekin zioten entzierroko kalerik luzeenari. Parte hartzaileek zailtasun handiak izan zituzten zezenaren aurrean jarri eta lasterka egiteko. Kaleko bazterretan jendea egon arren, ez zegoen asteburuko jendetzarik. Beraz, espazioarekin aitzakiarik ez zegoen. Zezenek eta joaldunek osatutako taldea abiaduraren eraginez luzatzen hasi zen. Ondorioz, lehen hiru zezenen aurrean soilik jarri ahal izan zuten entzierroan parte hartzen ari zirenek. Gainontzekoak joaldunen tartean kokatu zirelako.

Inolako arazorik gabe iritsi ziren Telefonica parera zezenak. Azken urteetan ohikoa den bezala, kailejoirako bidea hesiaren ondotik egin zuten. Horrek arrisku egoerak sortu ohi ditu. Hala ere, atzo ez zen halakorik gertatu, une oro zezenek jarrera zintzoa eduki baitzuten; ez zuten inor adarkatzeko ahaleginik egin.

Herenegungo entzierroan gertatu bezala, zezen plazara iristean, korrikalari batzuk hondarra zapaldu orduko zango trabatu egin ziren. Inolako arazorik gabe egin zuten zezenek eta joaldunek salto haien gainetik. Lehenengo iritsi ziren hiru zezenak eskuin aldera jo zuten, baina, atzetik zetorren taldeak ukuiluetarako bidea zuzenean hartu zuenez, haiei jarraituz amaitu zuten ibilbidea.

Gaur, aurtengo jaietako seigarren entzierroan, Victoriano del Rio ganadutegiko zezenak izango dira protagonista. Zortzigarren aldia izango dute sanferminetan. Estatistikei begiratuta, orain arte parte hartu duten zazpi entzierroetan bi lagun soilik adarkatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.