Adarkatzeko intentziorik gabe

Victoriano del Rio ganadutegiko sei zezenek ziztu bizian egin dute zezen plazarako ibilbidea. Eroriko eta kolpe asko izan dira, batez ere Estafeta kalean. Ez dute inor adarkatu

Adarkatzeko intentziorik gabe.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ikusgarria eta emozioz betea izan zen sanferminetako seigarren entzierroa. Madrilgo Victoriano del Rio ganadutegiko sei zezenak zintzoak izan ziren. Ez zuten inor adarkatzeko imintziorik egin. Hala ere, korrikalari asko harrapatu zituzten azpian, zeramaten abiaduragatik, batez ere. Bederatzi lagun artatu behar izan zituzten erietxean. Atzo arratsaldean egindako zezenketan hil zituzten sei zezenek bi minutu eta hamabost segundo behar izan zituzten zezen plazako ukuiluetara iristeko.

Zazpigarren aldiz hartu zuten parte sanferminetako entzierroan Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek. San Domingoko ukuiluetan ikusi zenez, itxuraz bat bakarrik zen ezberdina. Ukuiluko atea ireki orduko, lasterka atera ziren, baina taldeburuan joaldunak kokatu ziren. Gainera, ezohiko egoera bat gertatu zen. Joan den larunbatean Jose Escolarreko zezen batek egin bezala, joaldun bat atzera egiten saiatu zen. Hala ere, unaietako batek makilarekin keinu egin, eta aurrera jarraitu zuen.

San Domingoko aldapako lehen metroetan, zezenak motel samar abiatu ziren, eta joaldunak jarri ziren taldearen buruan. Ondorioz, zezenen aurrean korrika egiteko zailtasun asko izan zituzten entzierroan parte hartu zutenek. Udaletxeko plazarako bidean izan zen unerik arriskutsuenetako bat. Korrikalari bat estropezu eginda lurrera erori zen, eta unerik txarrenean hasi zen zutik jartzen, zezenak pasatzen ari zirenean. Hala ere, zorte handia izan zuen, hesiaren aldera pauso bat emanda saihestu baitzuen zezenen kolpea.

Mercaderes kalera iristerako, zezenak jarri ziren taldearen aurrealdean. Estafeta kalera arazorik gabe iritsi ziren. Korrikalarien artean bultzadak izan ziren, zezenen artean ahalik eta ondoen kokatzeko. Azken egunetan gertatu bezala, abiadura zela eta, segundo gutxi batzuk soilik egin zituzten lasterka entzierroetako parte hartzaileek zezenaren aurrean. Horixe gertatu zitzaion elastiko arrosa zeraman korrikalari bati ere. Estafetako lehen metroetan zezenaren aurrean jartzea lortu zuen, baina, hiru pauso ematerako, lurrera erori zen. Saiatu zen adarretako bati helduta kolpea arintzen, baina azkenean animaliaren azpian amaitu zuen.

Estafeta kalearen erdi aldera, zezenetako bat taldetik apur bat aldenduta gelditu zen, aurrekoen abiadurari jarraitu ezinik. Ohi bezala, ibilbidearen alboetan jende asko zegoen arren, aurrera soilik begiratzen zuten animaliek. Telefonica parera iristean, ibilbidea apurka estutzen hasten denez, jende andana jausi zen. Gainera, gune horretan, arrisku biziko une bat ere izan zen. Zezen plazarako bidean, eskuineko hesian dozena erdi bat korrikalari erorita zeudela, zezen bat pasatu zen gainetik. Baina zintzo jokatu zuen zezenak, eta bere bideari jarraitu zion. Hala, plazako hondarretara iritsi orduko ukuiluetara sartu zen.

Gaur sanferminetako zazpigarren entzierroa izango da, eta Nuñez del Cuvillo (Cadiz, Espainia) ganadutegiko zezenen txanda izango da. Orain arte, zazpi aldiz izan dira Iruñeko sanferminetako entzierroan, eta zortzi lagun adarkatu dituzte. Batez ere, San Domingo aldapan dira arriskutsuak, han ziztatu baitituzte korrikalari gehien, lau, hain zuzen ere. Ikusi behar gaurko sei zezenek estatistikak betetzen dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.