Albistea entzun

Beharraren eta ahalaren neurrian

Gabonetako kontsumo egunen atarian, erosketak arduraz egiteko gomendioak zabaldu dituzte kontsumo elkarteek. Aurrez planifikatzea eta beharra neurtzea aholkatu dute
Bilbo erdian edo auzo batean prezio desberdina izan dezakete jostailuek; horregatik, garrantzitsua da prezioak konparatzea.
Bilbo erdian edo auzo batean prezio desberdina izan dezakete jostailuek; horregatik, garrantzitsua da prezioak konparatzea. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2017ko abenduak 9

Erakusleihoak, supermerkatuetako apalak eta telebistako iragarkiak Gabonetako apaingarriz agertzen hasi dira dagoeneko. Laster igarriko da kalerik kale Gabonekin batera datorren kontsumo giroa. Hala, erosketen zurrunbiloan arduraz jokatzeko aholkuak zabaltzen hasi dira kontsumo elkarteak. Denen artean bat nabarmendu dute: behar denaren eta ordaindu daitekeenaren araberako kontsumoa egitea.

Modu batean eta bestean, hori azpimarratu du Jose Luis Segura Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko (EKA) komunikazio arduradunak. Dioenez, 2008ko krisi ekonomikoak Gabonetako kontsumoan jaitsiera ekarri zuen, kontsumo orokorrak izan zuen beherakadaren barruan. Eta horrek joera berri batzuk piztu zituen: inprobisazio gutxiago, planifikazio gehiago, opari praktikoagoak... 2012tik aurrera kontsumoa suspertzen hasi zela ikusi zuten, baina, neurri handi batean, krisitik eratorritako joerek hor dirautela dio. Sasoia hurbildu ahala, halere, betiko aholkuak errepikatu beharrean daude: «Kontsumo zentzuzkoa eta probetxugarria egiteko».

Erosketa eskuetatik joan ez dadin, gakoetan gakoa «planifikazioa» da Segurarentzat: «Erosketa zerrenda prestatu, horretarako aurrekontu bat zehaztu eta hori ez gainditzen ahalegintzea da gakoa». Zerrenda osatzerakoan, benetan zein behar dauden eta zer aprobetxatuko den identifikatu eta hori norberaren gaitasun ekonomikoaren arabera neurtu behar dela dio.

Etxeko lan horiek eginda, kalean produktuak eta horien prezioak ahal dela saltoki batean baino gehiagotan alderatzea aholkatu dute EKAkoek. Horretarako, herrietako eta hirietako gune ezberdinetan begiratzea komeni dela esan du Segurak: «Bilbon, adibidez, jostailu bera oso prezio ezberdinean egon daiteke hiri erdigunean edo kanporago dagoen auzo bateko denda batean». Aitortu du lana eskatzen duela horrek; normalean, baina, «emaitza ona» ematen du.

Krisiaren ondotik finkatu den ohituretako bat erosketak gero eta lehenago egitea izan da. Horretan black friday fenomenoak eragina izan duela dio Segurak. Azaldu duenez, «nazioarteko kontsultoriak Gabonetako kontsumoaren gaineko galdetegi bat egiten du Europako hainbat herrialdetan, eta ondorioztatu du Espainiako Estatuko familia bakoitzak Gabonetako erosketa guztien %33 egin dituela jada black friday eguneko deskontuak baliatuta. Asko da».

Erosketak denda fisikoetan egitean, ahal den guztietan, esku dirua erabiltzeko ere aholkatu dute. «Esku diruarekin ordainduta gehiago konturatzen gara egiten ari garen gastuaz. Askoz min handiagoa ematen du poltsikotik dirua ateratzeak, eta txartelarekin errazagoa da kontrola galtzea».

Lautik bat, Internet bidez

Gabon hauetan egingo den gastu osoaren ia laurden bat Internet bidez egingo dela kalkulatzen da, EKAren arabera. Aintzat hartzekoen artean, zera lehenetsi du Segurak: «Hobe da aurreordainketako edo diru kantitate mugatuko txartelekin ordaintzea, bankuko kontu korrontearekin lotuta dagoen txartela erabiltzea baino». Iruzurra izatekotan, bankuko txartelarekin ordaintzeak arrisku handiagoa baitakar. Halaber, erosketa egiten den webgunea segurua den ziurtatzea gomendatu du; horretarako, hiru uve bikoitzen aurretik giltzarrapo itxi baten marrazkia ageri den begiratu daiteke, arrasto gisa.

Europako Batasuneko herrialdeen barruan egiten bada Internet bidezko erosketa, hamalau egunen barruan atzera egiteko eskubidea du kontsumitzaileak. Hiru salbuespenekin: produktu galkorrak, berehala kontsumitzeko produktuak eta produktu pertsonalizatuak.

Opariekin batera, janaria da gehien erosiko dena datozen egunetan. Hona Seguraren gomendioa: «Janaria izoztu, poltsikoa gehiegi ez berotzeko». Gabon egunen aurretik, elikagaiak garestitzen dira gehien, batik bat «jaki preziatuenak». Izoztu eta gero ondo desizoztu daitezkeen elikagaiak aste batzuk lehenago erosita, «aurrezki polita» lor daitekeela aipatu du Segurak.

Aholku horien aurrean, publizitatea da mehatxurik handiena; «kontsumo konpultsibo bat» bultzatzen duelako, Seguraren hitzetan. Iragarki oro, baina, «loteslea» dela gogorarazi du, eta iragartzen dena bete egin behar dela, zehatz-mehatz, legeak hala behartuta. Alde horretatik kontsumitzailea babestuta dagoela dio. «Enpresa iragarleak ez badu iragarritakoa betetzen, herritarrek erreklamatu egin dezakete, eta gero eta gehiago erreklamatzen dute».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Circom sariak banatu dituzte Donostian ©ETB

Egungo erronkak aztertu dituzte 39. Circom biltzarrean

Urtzi Urkizu

Danimarkako TV2 Nord kateak jaso du Gran Prix saria, Donostian. Ukrainako ‘Hromdaske’ hedabideko bi kazetarik hitzaldia eman dute.

Izokin bat, Bidasoa ibaian gora. ©JOSE ARDAIZ GANUZA

Joan-etorriko arrainen balioa

Iker Tubia

Arrain diadromoen onura ekologiko eta kulturalak handiak direla adierazi dute Europako Diades proiektuaren emaitzek. Arrain horiek ibaitik itsasora edo itsasotik ibaira migratzen dute, eta haien populazioak arriskuan daude. Adituek babes neurri «bateratuak» eskatu dituzte.
Natalia Garriga eta Rosa Roma i Monfa, atzoko agerraldian. ©ARNAU PASCUAL / KATALUNIAKO KULTURA DEPARTAMENTUA

Kataluniak ehunka bikoizketa eta azpidatzi emango dizkie plataformei

Jakes Goikoetxea

TV3k bikoiztutako eta azpidatzitako film eta telesailak jartzen ari dira 'streaming' plataformen esku
Txokolatezko txalupa bat itsasoratu du gaur Albaolak

Uretaratze gozo-gozoa

Enekoitz Telleria Sarriegi

Txokolatez egindako 1.500 kiloko txalupa bat itsasoratu dute Pasaiako badian. Albaola Itsas Kultur Faktorian egin dute, Euskal Herri osoko gozogileen artean. Eta bai: flotatu egin du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Itziar Ugarte Irizar

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...