Artea

Maitasunaren labirintoan

'Carmen // Shakespeare. Desiraren iragazpenak' erakusketa-labirintoa zabalik dago jada Artium museoan. Bisitaria gertaeren parte da, eta norberak osatzen du amodiozko istorioa

Olga Mesa eta Francisco Ruiz de Infanteren Carmen // Shakespeare erakusketako obra bat, Gasteizko Artiumen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Carmen // Shakespeare. Desiraren iragazpenak erakusketa ostiralean zabaldu zuten Gasteizko Artium museoan. Maitasunaren labirintoan murgiltzeko aukera maiatzaren batera arte izango dute bisitariek. Izan ere, Olga Mesa koreografo eta ikusizko artistak eta Francisco Ruiz de Infante artista multimediak, bisitaria maitasunaren bide nahasietan barrena bidaiaraziko dute. «Askotan ez da erraza 'maite zaitut' esatea. Bidea korapailastsua izaten da», adierazi dute artistek.

Carmen // Shakespeare teknologiak anplifikatutako, isilarazitako, nahasitako edo sortutako maitasun eta giza harremanen inguruan hausnartzen duen proposamen hibrido bat da. «Kontakizun mitiko, poetiko eta egunerokotasunezko handi bat da erakusketa», nabarmendu dute.

Kontakizuna, hots, amodioaren gorabeherak, labirinto baten bidez islatu dute. Baina mugak lausoak dira. «Amodioan, ez dauden traba asko ikusten baititugu». Bidean, protagonismo handia du bisitariak. sortzaileek onartu dute itxuraz prestatutako abentura baten aurrean egon arren, bisitariak azkar sentituko duela organismo konplexu baten barnean amodioan galtzen ari dela. «Bisitariaren ikusmemoriarekin jolastu nahi dugu. Bisitari bakoitza xehetasun desberdin batekin geldituko da, eta istorio desberdin bat osatuko du».

Bisitariak lau gune ezberdinekin egingo du topo: sedukzioaren makina, gatazkaren makina, jitoaren makina (erresistentziarena?) eta heriotzaren makina. «Ordenarik gabeko baina elkarri lotutako lau gune dira. Carmen // Shakespeare proiektuaren pultsua ahalbidetu duten lau garai». Era berean, gune bakoitzaren barnean instalazio desberdinak daude: «Instalazioetako bat nagusia izango da, eta inguruan zenbait antena barreiatu: ganbarak, sotocka, maketak, zinemak eta bulego faltsuko simetrikoak».

Bidean dikotomiekin asko jolasten dira Mesa eta Ruiz de Infante: argiak eta itzalak, soinuak eta irudiak, espazioa eta denbora, amodioa eta heriotza... Carmen eta Shakespeare.

«Maite zaitut nire zalantza bera baino gehiago», dio Shakespearek bere amodiozko sonetoetako batean. «Maite ez banauzu, nik maite zaitut. Eta maite bazaitut, argi ibili» , erantzuten dio Carmenek. Egiari zor, ez zuten sekula elkarrekin hitz egin, baina Artiumen bat egin dute mitoakCarmenek eta mito sortzaileak Shakespearek.

Eta bat egin duteezaugarri desberdinetako bi artistak ere. «Baliabide ezberdinetako bi artista dira Mesa eta Ruiz de Infante. Lehendabizikoa dantza mundutik dator, bigarrena arte plastikoenetik, baina era oso naturalean uztartzen dira», nabarmendu du Igone Martinez de Luna Arabako Foru Aldundiko Kultur diputatuak. «2012. urtetik gabiltza proiektu honekin lanean. Erraz egiten dugu lan elkarrekin, baina edozein bikoteren moduan, baditugu gure kontraesanak eta gorabeherak. Oso poetikoa da», gaineratu du Ruiz de Infantek.

Denbora tarte honetan, puzzle baten moduan, erakusketa osatuz joan direla azaldu du bikoteak. Ispiluen erabilera ugaria da, kronometroena, altzariena... «Aulkiak beste artelanetan ere erabili izan ditut. Ez dagoen presentzia bat irudikatzen du. Dagoeneko joan da edo ez da etorri. Ikuslea dudan jartzen du. Baina, aldi berean, labirintoan tokia har dezake. Eseri eta hausnartu egin dezake», gaineratu du Ruiz de Infantek.

Funtsean, amodioari buruzko hausnarketa bat eragin nahi dute. «Bisitaria ausartzea nahi dugu. Utz diezaiola libre bere buruari, gal dadila labirintoan, eta esna diezaiola nori bere kontzientzia».

Erakusketa baino gehiago

Performanceak, hitzaldiak, eszena muntaketak... ere egingo dira erakusketa zabalik dagoen bitartean. «Erakusketa baino egokiagoa da gertaera deitzea Carmen // Shakespeare-ri», nabarmendu du Daniel Castillejo Artium museoko zuzendariak.

Gertaera martxan denetik ekintza osagarri ugari antolatu dituzte han eta hemen. «Hiru antzokitan aritu gara, performance publikoak egin ditugu, idatziak publikatu, sarean bost edo sei film jarri...», azaldu du Ruiz de Infantek. Gasteizen ikuskizun osagarriak ere egingo dituztela iragarri dute artistek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.