Kote Cabezudoren aurkako auzia

Estudioko irudi orbandunak

Hainbat andre modelok Kote Cabezudo argazkilaria salatu dute abusuak egin zizkielako estudioan, eta baimenik gabe erabili dituelako irudiak. Gipuzkoan, bereziki, erreferentzia ezaguna izan da
CC0

Arantxa Iraola -

2018ko maiatzak 1
Kote Cabezudo. Modaren munduarekin estu lotutako izena da: argazkilari ezagun bat. Gipuzkoan, bereziki, sona handia izan du iragan hamarraldietan alor horretako argazkiak egiteagatik. Jakina zen, esaterako, harekin lan egiten zuela Gipuzkoako modelo agentzia entzutetsuenak —First Models; modelo askoren harrobi—. BERRIAk baieztatu du harengana bidaltzen zituztela usu modelo hasiberriak. Oso gazte direla hasten dute askok bidea, eta emakume adingabe askori ere argazkiak egina da, beraz. Bestela ere, bere kasara, beste modelo askorekin izaten zuen harremana. Haren estudioan tratu profesionala eta egokia jaso zutela adierazi duten modeloak badira. Baina urteotan pilatuz joan dira haren kontrako salaketak. Hain justu, haren aurkako auzibide bat zabalik dago Donostiako epaitegian, instrukzio fasean oraindik. Emakume modeloak dira salatzaileak. Besteak beste, sexu abusuak leporatzen dizkiote, eta haiei egindako argazkiak desegoki erabiltzea Interneten. Argazkilari erotiko gisara ere ibilitakoa da Cabezudo, eta sona du pornografiarekin eta erotismoarekin lotutako eremuetan.

Hasi zenetik bost urte igaro diren arren, isil antzean joan da orain arte auzibidea. Azken asteotan etorri da aldaketa: hainbat modeloren akusazioa bere gain hartua duen abokatuak—Mario Diez, argazkilaria da bera ere— bideo batzuk zabaldu ditu sare sozialetan, salaketa larriak egin ditu, eta bolo-bolo dabil orain. Izan ere, esan du epailea —kasutik baztertuta dago— auzibidea eragozten ibili dela eta horren motiboa dela Donostian pederastian diharduen sare bat dagoela, pertsona ezagun eta «boteretsuek» eratutakoa. Ustez hor dihardutenen izenak zabaltzen hasi dira, eta uholde bat sortu du horrek.

BERRIAk elkarrizketatu dituen lekukoen arabera, auzibideak bost urte badaramatza ere, argazkilariari buruzko ahopean egindako esamesak lehendik ere bazebiltzan airean. First Models agentziako buruak esana du hamabost bat urte badirela argazkilariarekin harremana eten zutela. Hari egozten dizkioten delituen inguruko inolako zantzurik ez zutela izan adierazi du. Agentzian ibilitako modeloak ere badira ezeren susmorik ez zutenak. Beste hainbat modelok diotenez, ordea, haren jarrera desegokiari buruzko kontuak entzunak ziren. BERRIA solastatu ahal izan da, halaber, Kote Cabezudoren modelo ziharduten neska adingabeei eginiko irudi «desegokiak»— haien adinarentzat, erotikoegiak— ikusi zituzten pertsonekin. Salaketarako urratsa egin duen emakumezko batekin ere mintzatu da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna