Gemma Garcia Fabrega.
Kataluniako erreferenduma. ERREALITATEAREN ISPILUAK

Hondoko itsaskia

2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Itsasertzean bada haize zakar bat, indarrez jotzen duena, erreferendumarekin lotura duten 140 web atari aurrean eraman nahi dituena, bozkalekuak izango diren eskoletako zuzendariak ikaratu nahi dituena, ateak itxi ditzaten. Baina badagoitsas barruan aspaldiko hondoko itsaskia, ur gainean igeri eginez bizirik mantentzen gaituena.

Auzoetatik eta plazetatik datozen olatuak dira. CDR Erreferendumaren Defentsarako Batzorde gisa izendatu dituzte, Kubako iraultzan sortutakoen oroitzapen lausoa. Urriaren 1ean bozkatu ahal izateko herritarren sareak antolatzen ari dira, elkarren arteko hartu-emanak estutuz,harremanak sendotuz, gu bat sortuz espekulazioak eta masa turismoak pipiatutako eremuetatik.

Gracia auzoan, iluntzean elkartzen dira batzordeko kideak, gazteak, edadetuak, haurrak, txakurrak... Raspall izeneko plaza da topalekua, buhame itxura duena. Goiztiarrenak eta zaharrenak hasierako lerroan esertzen dira, zirkulu bat osatuz, eta gainontzekoak inguruan pilatuz joaten dira.

Aniztasuna da gakoa, igandean izango den bezala, eta berdintasunean bozkatu ahal izateko baldintzak bermatzea ezinbestekoa da horretarako. Kontzientzia hori izatea. Horregatik erabaki dute edadetuak eta elbarriak bozkatzera laguntzeko topaleku bat jartzea, baita beldurra dutenei ere laguntzeko; ateneoak eta casals-ak babesteko espazioak izango dira.

Mutiko batek proposatu duerreferendumean parte hartzeko asmoa ez dutenek euren botoa nortasun agiririk ez dutenei emateko, paperik ez dutenei, alegia. Wallavot izena paratu dio ekinaldiari. Denetarako ideiak sortzen dira.

Janaria prestatzeko eta banatzeko batzorde bat ere eratu dute, akaso bezperatik bozkalekuak estatuaren segurtasun indarretatik babesten egon beharko dutenherritarrei jaten eman ahal izateko.

Etxeko postontzietara iristen hasi dira bozkalekuen jakinarazpenak mahaiak osatzeko, baina, bajak egongo direla aintzat hartuta, batzordeak boluntarioen talde bat ere sortu du, azken ordurako ezustekoei aurrea hartuta. Igandean, esaten dutenez, matinades-ek esnatuko dituzte auzotarrak, xaramelak eta danborrek sortzen duten musika tradizionalak, zeinak festa nagusietako lehen eguna iragartzen baitu. Iratzartzen garenean, etxeetatik, kaleetatik, plazetatik, auzoetatik, eskoletara joango gara, bozkalekuetara sartuko gara, eta botoa emango dugu sentituz herri bat garela, aspaldiko hondoko itsaskia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.