AEBtako hauteskundeak Euskal enpresak. Pedro Esnaola. Bazkundeko presidentea

«Protekzionismo basatia gauzatzea ez zaio batere erraza izango Trumpi»

Gipuzkoako merkataritza ganberako presidenteak dio azpiegiturekin, finantzekin eta, oro har, 'Made in USA' markaz jarduten duten euskal enpresen kezkak beste guztiena baino txikiagoa izan behar duela.
JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

X. Martin -

2016ko azaroak 11
Muturreko mezuak ematen hasi aurretik, denbora eskatzen du Esnaolak, Trumpen politika «irekitzeko dagoen liburu bat delako».

Enpresariek gustuko ez duten hitza da ziurgabetasuna; Donald Trump zerbait izatekotan, horixe da. Negozio txarra ematen du.

Negozioa ez da bera guztientzat, eta ez ditu ondorio berberak izango guztientzat. Gobernua eratu eta gauzatuko duen politika ikusi arte ez dago esaterik ezer askorik. Kanpainan egitarau politiko argia zerrendatu al du ba? Tituluetan geratu dela esango nuke, garatzeko diren edo ez diren ideiak. Esan daiteke Trump presidenteak atsegin ez dituen alorretan jarduten ari diren euskal enpresek kezka handiagoa dutela. Inbertsioak geratzen badira merkatu zehatz horietan, albiste txarrak datoz, baina beste batzuentzat haizeak alde joko du beharbada; agian finantzentzat edota AEBetan ezarri eta barne kontsumorako ari direnentzat. Baina aurreikuspen ahulez ari gara, besterik ez.

Eolikoentzako estatu laguntzak etetea, adibidez, kaltegarria litzateke hemengo hainbat enpresarentzat. Trumpek ez omen du sinisten klima aldaketan.

AEBetan ezarri diren euskal enpresa gehienek Made in USA zigiluz ekoizten dute, eta hori berme bat da. Kezkagarriena litzateke globalizazioaren aurkako politika protekzionista basati bat gauzatzen hastea. Inflazio handia eragingo luke horrek AEBetan bertan, nahiz eta hazkundea lortu, eta ez ahaztu: amerikarrak espezialista dira inflazioa munduan zehar zabaltzen...

Begien bistakoa da protekzionismorako joera handituko dela, ezta? Segurutzat jotzen dute aditu gehienek.

Globalizazioaren alde onak baino ez ditugu nahi-eta, baina txarrak ere badira. Merkataritza libreko itunak oztopatzen edo desegiten has daitekeela? Ez da bakarrik kanpainan esaten dena, gero benetako politika egin behar da, eta liburu hori irekitzeko dago. Alegia, itunak aldatzea edo ez egitea negoziazio baten ondotik egiten da. Muturreko protekzionismoa gauzatzen hastea ez zaio batere erraza izango zaio Trumpi, AEBek ere bere menpekotasunak dituztelako, saldu eta erosi behar dutenari dagokionez.

Nori datorkio ongi Trump, oil&gas sektorean jarduten duten euskal enpresei, adibidez?

Sektori horri egingo lioke mesede agian, eta beste batzuei ere bai. Begira Indar enpresa, alde eolikoa dauka eta gas&oil-ekoa ere bai. Dibertsifikazioa oinarrizkoa da, baina, mundua orekatu egiten da azkenean. Trumpek zergak jarri ahal dizkie atzerriko produktuei, baina atzerrian produktu amerikarrei jarriko dizkiete agian. Eta egoera berri horrek beharbada lehiakortasuna emango lieke orain arazoak dituzten hainbat euskal enpresari; nork daki? Beraz, ekonomia ez da bere kabuz orekatzen, baina, sare handi bat denez, orekarazi egiten dute. Herrialde batean erabaki bat hartzen denean, beste batean aukera bat sortzen da, edo arazo bat.

Orekatu edo ez, Trumpek ez du albiste ona ematen AEBetan dauden enpresentzat, oro har.

Krisiaren lehen oldarraldia etorri zenean, Latinoamerikara joan behar zela hedatu zen, hura zela flotagailua, eta orduan ere argi esan genuen Bazkundean argi ibiltzeko; eta, gero, 2013tik aurrera, AEBetara eta Alemaniara joan behar zen nahitaez. Orain, Txinak eta AEBek ez dute balio? Tira ba, gauzak aldatuz doaz, baina gure industria munduan zabalduta badago, beti egongo da errekaren bat arrantzan egiteko.

Ekonomiaren alorrean kanpainan esan duen dena egiteko gai izango ote da Trump?

Hauteskundeak irabazi eta egin duen lehen agerraldian ez du suterik eragin, eta hala egin beharko zuen benetan hori balitz bere asmoa. Hillary Clintonek ja ez du kartzelara joan behar, adibidez; orain, eskertu egin behar zaio lana. Gauza bat da hauteskundeak irabazteko esan behar dena, eta beste bat herrialdea gobernatzeko egin behar dena.

Sistemaren aurkakoa dela diote batzuek.

Ez, inondik inora ere ez. Sistemak aberastu du, eta ez da haren enpresen aurka joango. Hori bai, teorian gaitasuna dauka esandakoa betetzeko, kongresuan gehiengoa duelako.

Zer da ekonomiari begira kezkagarriena?

Muturreko protekzionismo bat aplikatzea, nazioarteko merkataritza ezinezkoa egin arte. Baina oinean tiro egitea litzateke hori, erabaki horrek ondorio okerragoak lituzkeelako AEBentzat onak baino. Gure merkataritza balantza ikustea baino ez dago; oso aldekoa da guretzat, oso.

Nola sumatu dituzu enpresariak?

Ziurgabetasuna da okerrena, baina ez da maila berekoa denentzat. Azpiegituretan jarduten dutenak pozik egongo dira agian. Baina enpresek, oro har, oraindik ez dakite pozik egon behar duten, edo ez, eta are gutxiago zein neurritan.

Kezka badago orduan...

Trump ez da politikaria, ez dakigu zein den haren politika; hautagai heterodoxoa izan da, eta hori bada aldaketa bat. Baina, hortik aurrera, aldaketak zein mailatakoa diren da gakoa. Argi dago eragina izan dezakeela merkataritzan, baina inork ez daki nola eta zein mailatan. Ziurgabetasun horrek kezkatzen ditu gehien enpresak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna