Albistea entzun

Katalunia. Euskal senatariak. Miren Gorrotxategi. Ahal Dugu-ko senataria

«155.ak ez du arazoa konpontzen, areagotu baino ez du egingo»

Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena eztabaidatzen ari den Senatuko batzordeko kidea da Gorrotxategi; PSOEk auzi honetan hartu duen jarrera «harrigarria» eta «ulertezina» dela pentsatzen du.
BERRIA

Gotzon Hermosilla -

2017ko urriak 26 - Bilbo

Espainiako Senatuan Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaz eztabaidatzen ari den batzordean euskal ordezkarietako bat da Ahal Dugu-ko senatari Miren Gorrotxategi (Abadiño, Bizkaia, 1967). Batzordea eratu eta gutxira mintzatu da Gorrotxategi BERRIArekin, oraindik batzordearen funtzionamendua zein izango zen ez zekitela. Horrek «estrategia zehatz bat finkatzea» zaildu arren, Senatuan 155. artikuluaren ezarpenaren kontra egin behar zutela argi izan du beti Gorrotxategik, uste duelako neurri horrek ez diola inolako irtenbiderik emango auziari.

Zelan ikusten duzue 155. artikuluaren aplikazioa Katalunian?

Ez diogu zentzurik ikusten. Iruditzen zaigu talka handi bat dela, nolako ondorioak ekarriko dituen ez dakiguna, eta haustura soziala eragiten ari dela. Oso neurri negatiboa da; badirudi [PPkoek] onartu egiten dutela Katalunian eta Euskadin ez dutela gehiengorik, eta nazionalismo espainola harrotzen ari direla autoritarismorako joera handiagoa duen gobernu mota bat sustatzeko eta demokraziaren beste ikuspegi erradikalagoa duten indarrak baztertzeko. Gu aplikazioaren kontra agertuko gara, ez duelako laguntzen arazo politikoa konpontzen eta areagotu egingo duelako.

Nolakoa da 155. artikuluaren ezarpena Espainiako Senatuan eztabaidatzen ari den batzordea?

Ad hoc sortutako bitariko batzordea da, eta hor autonomia erkidegoetako batzordea eta batzorde konstituzionala daude.

Osoko bilkura bihar egitea aurreikusten da, eta nahiko argi dago orduan zer gertatuko den. Hori saihesteko modurik ikusten duzu?

Puigdemontek hauteskundeetarako deia egitea beste irtenbiderik ez diot ikusten. Alderdi Popularra oso konbentziturik ikusten dut hartu duten bide horretan, PSOEk ere sostengua eman dio, eta Puigdemontek hauteskundeetara deitu ezean ez diot irtenbiderik ikusten auzi honi. Eskatzen dioten «legezkotasunera itzultze» hori ez du egingo; hortaz, hauteskundeetara deitzea baino ez dago.

155. artikulua ezarriko balitz, horrek lagunduko luke egoera konpontzen?

Ez, inolaz ere. Horrelako neurri bat inoiz ez da egokia izaten neurri horretako arazo bat konpontzeko, are gehiago kontuan hartuta katalanen erdiak-edo independentziaren alde daudela baina erabakitzeko eskubidearen alde edo galdeketaren alde gehiengo oso inportante bat dagoela. Horrelako neurriek ez dute arrakastarik izaten.

Zergatik?

Kataluniako jendearekin hitz eginez gero ikusten da herritarrak oso haserre daudela, oso minduta eta triste, umiliazioa eta fede txarrez egindako ankerkeria nozitu dutelako. Ez dut uste 155. artikulua ezarriz gero hori ondo hartuko dutenik.

Zer irizten diozue afera honetan PSOEk duen jarrerari?

Ulertezina da, are gehiago kontuan hartuta uztailean Margarita Roblesek marra gorri gisa jarri zuela 155. artikuluaren ezarpena. Harrigarria da, eta esperantza zapuzteko modukoa: PSOEk alderdi berria izan nahi zuen, baina azkar asko zahartu da, oso gutxi iraun die berritasunak. Militanteek Pedro Sanchez berreskuratu zuten ez zeudelako ados lehengo zuzendaritzak zeraman norabidearekin, agindu argi bat eman zioten zuzendaritza berriarekin, eta nik uste dut Katalunia ere hor sartzen zela. Ez dirudi militanteek emandako aginduari eutsi diotenik. Koherentzia politikoaren aldetik oso harrigarria da hartu duten jarrera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Enrique Maia Iruñeko alkatea. ©Iñaki Porto / EFE

Iruñeko alkatea arbuiatzeko adierazpena aurkeztuko dute EH Bilduk eta Geroa Baik

Berria

Adierazpen xenofoboak «daturik eman gabe» egitea eta «kolektibo oso ahulak jomugan jartzea» egotzi diote Enrique Maiari.

Juantxo Lopez de Uralde, Pilar Garrido eta Roberto Uriarte diputatuak Gasteizko Justizia Jauregiaren parean ©Berria

Unidas Podemosek salaketa jarri du Martxoaren 3ko sarraskian Martin Villak zer «erantzukizun» izan zuen iker dezaten

Unai Etxenausia

Gaineratu dute iraganean «krimenak» egin dituzten Espainiako «segurtasun indarren» eta hainbat agintariren zigorgabetasuna amaitu behar dela.

Altsasuko gazteen alde egindako mobilizazio bat, 2019ko urrian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Estrasburgok ez du aintzat hartu Altsasuko auziko gazteek egindako salaketa

Gotzon Hermosilla

Auziak Europan izan zezakeen bide judiziala amaitu egin da. Gizarteak emandako babesa nabarmendu du Altsasu Gurasoak plataformak

<em>Mozal legearen</em> aurka egindako protesta bat, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Mozala nola kendu

Iosu Alberdi

Kongresuko Barne Gaietarako Batzordera iritsi da 'mozal legea' erreformatzeko proposamena. Indar parlamentarioen lana izango da orain aldaketen nondik norakoak eztabaidatu eta adostea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.