Gabriel Arestiren lagun bizikleteroa

Javier Batarrita Elexpuru 1961eko martxoaren 27an hil zuten guardia zibilaren kontrolean Boluetan, Jose Antonio Martin-Ballestero eta Fernando Larizgoitiarekin batera zihoala. «Komando terrorista» osatzen zutelakoan zen polizia, eta tiroz josi zuten euren autoa.
Javier Batarrita Elexpuru, ezkerretik bigarrena, Fausto Coppi txirrindularia alboan duela, Milanen, 50eko hamarkadaren amaieran.
Javier Batarrita Elexpuru, ezkerretik bigarrena, Fausto Coppi txirrindularia alboan duela, Milanen, 50eko hamarkadaren amaieran. JAVIER BATARRITA GAZTELUREN BILDUMA

Miel A. Elustondo -

2018ko martxoak 28
Gabriel Arestiren laguna zen Javier Batarrita Elexpuru. Poetak asmatu zuenez, «Ezpainetan zuen tango baten soinua / polizia batek gelditzeko haltua / mitralleta batekin eman zionean». Ez da ziurra azken tangoaren aire adur txarrekoa zekarrena. Zierto ziurra da, aldiz, polizia batek —guardia zibilak, zehatz—, gelditzeko agindua, altua eman ziola. Horretan zuzen poeta, oker zen metrailetari zegokionean. Subfusila zen. Aresti oker zen, halaber, dokumentazio identifikatzailea eskatu ziotela dioenean. Javier Batarrita Elexpururi ez zioten ezer eskatu. Tupustez ekin zioten tiroka poliziek —indar armatuetakoek, guardia zibilek, polizia sekretakoek—, batetik eta bestetik ero moduan Boluetan, Basauritik Bilborako gurutzean, 1961eko martxoaren 27an, arratsaldeko 8.30ak zirenean. Eta betiko hil zuten Arestiren lagun Javier Batarrita Elexpuru, betiko elbarritu ondoan zeraman Jose Antonio Martin-Ballestero Martinez de Velasco, betiko trauma eragin bala zauririk gabe onik irten zen Fernando Larizgoitia Mimentzari.

«Nire laguna zen, nire lagun maitea; bizikleteroa, denon adiskidea, / ideologietan etzen inoiz sartu. / Bakean bizi zen mundu guztiarekin, / gorriekin eta berde eta zuriekin. / Orok estimazio handia zioten.» Javier Batarrita Elexpuru ezaguna zen Bilbon. Bizikleteroa dioelarik, bizikleta zale porrokatua zela diosku Arestik. Ez da gezurra, Espainiako Itzuliaren antolatzaile batzordekoa zen Batarrita, hiriburuko El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkariak delako bizikleta karrera antolatzen zuen garaian.

Gasteiz, martxoak 26, 27

«Iluntze batean zetorren Bituritik /automobilean.»

Martxoaren 27 hartan Gasteiztik zetozen Batarrita, Martin-Ballestero eta Larizgoitia, lan egiten zuten enpresarentzako lanean hirurak, zorren bat kobratzetik. Ordurako, ordea, zenbait gorabehera izanak ziren Gasteizen, bezperan.

Auto judizialean jasota dagoenez, eta iduri luke horretan aski zuzen ari dela, martxoaren 26an, Gasteizen, Zadorra ibaiaren partean zebilela, Vicente Garcia Aguado izenekoak gizonezko batzuk ikusi zituen han inguruan. Javier Batarrita Gazteluk, Boluetan hildakoaren semeak, daki: «Pertsona hark beste haiek zer esaten zuten entzun, nonbait, eta ekintzaren bat prestatzen ari ote ziren kontuak atera. Sabotajea eta beste. Guardia zibiletara joan, baina ez zioten sinetsi», auto judizialean aipatzen den guardia zibilen «itaunketa zorrotza» gorabehera.

Biharamunean, hilaren 27an, beste korapilo bat asmatu zuen giza irudimenak. Batarrita Gazteluk esana: «Zadorra paraje beretsuan, Indauto enpresako zaindari Gregorio Porcel Carrillok, auto bat ikusi zuen —gure aitarena bezalako Peugeot bat—, alderdi hartara hurreratzen, eta bazterrean geratzen. Hiru gizon jaitsi omen ziren autotik. Handik pixka batera, beste auto bat Seat bat, oker ez banago, etorri omen zen Gasteizko norantzatik, gidaria beste inor ez barruan. Peugeot-a zegoen parean gelditu zen. Indautoko zaindariaren arabera, batzuk eta besteek hitz batzuk gurutzatu zituzten, eta, ondoren, bigarren autora sartu ziren lau gizonak». Gasteiz aldera jo zuen delako Seat-ak. Zaindariari hura dena arraro iruditu eta guardia zibilei hots egin zien. Bezperan ere Vicente Garcia Aguado antzeko joan zitzaienez, delako Zadorra aldera, Indauto enpresara, joan ziren guardia zibilak. «Ordurako autorik ez zen han, ordea. Zaindariak esan zien batak Gasteiz aldera hartu zuela berriz, eta, besteak, aldiz, Bilborantz. Guardia zibiletako agintedunak, orduan, jakinaren gainean jarri zituen ondoko probintzietako kideak», Batarrita Gazteluk adierazi duenez. Horrela antolatu bide zuen Bizkaiko poliziako arduradun nagusiak «Boluetako operazioa».

Bolueta, martxoak 27 (20:30)

Bateko eta besteko herrialdeetan dispositiborik eratu zuten ez dakigu. Hasteko, Gasteiztik Bilborako sarreran, Boluetan, kontrola jarri zuten guardia zibilek. Basauritik datorren gurutzean jarri ziren guardia zibilak, bi. Ez zeuden, hala ere, bakarrik. Han zituzten hainbat polizia eta sekreta ere, Gasteizko norantzatik bide zetorren Peugeot argi kabriolet baten zain. Bai delako ibilgailua etorri ere. Bai guardia zibilak etortzen ikusi ere. Batarrita Gazteluk daki: «Guardia zibiletako batek, kamino erdian zegoenak, bazterrera egiteko keinua agindu zion gure aitaren autoari, eta gure aitak autoa baztertu, eta gelditu. Beste guardia zibila, autoaren eskuin aldetik, gure aitaren ondoan zegoen Martin-Ballesterori zuzendu zitzaion. 'Nondik zatozte?', galdezka. 'Gasteiztik' izan omen zen erantzuna». Auto judizialaren arabera, Martin-Ballesterok, makurtu eta zer edo zer hartzeko keinua egin zuen, eskularru-kaxatik edo. Aldi berean, Batarritak autotik irteteko keinua egin zuen, egoera argitu guran. Auto judizialaren arabera, betiere.

Eta orduan, tiro bat. Tiro bat.

Su egiteko agindua izan balitz bezala.

Tiro zaparradaren garaia izan zen. Tiroak handik eta hemendik, poliziak, guardia zibilak, sekretak, tiroka denak autoa zegoen aldera.

Autoa baztertzeko eta geratzeko agindu zion guardia zibilak egin bide zuen lehen tiroa, Javier Batarrita Elexpuru hil zuena. «Guardia zibil horrek subfusil bat zeukan eskuetan. Haren tiroak buru zati bat kendu zion gure aitari. Bertan hil zen, odoletan. Autopsiaren arabera, eta ondoko tiro zaparradaren ondorioz, 49 tiro zeuzkan gure aitaren gorpuak». Martin-Ballestero ere bala batek jo zuen, baina bizkarrezurrean, eta betiko elbarritu zuen gerritik behera.

Fernando Larizgoitia Mimentzak ez zuen zauririk ageri. Trauma betiko, hala ere. Jakileetan izan zen epaiketan: «Guardia zibilak gerarazi egin gintuen. Nondik gentozen galdetu zigun. 'Irten edo tiroz josiko zaituztegu', esan zigun guardia zibil hark. 'Guardia zibila oso beroa da', esan genuen gure artean». Hortik etorri bide zen Batarrita Elexpuruk autotik irteteko mugimendua egitea, Martin-Ballesterok ere delako keinua egitea.

Epaiketa

Auto judizialaren arabera, gobernuko poliziaren hamalau agente, bi polizia armatu eta bi guardia zibil —Basauriko gurutzeko lanean ohikoak—, ziren Boluetan. Akusatuetan, aldiz, hamar ageri dira: Prudencio Julian Martin Huerta, Felix Maestre Gonzalo, Ricardo Castro Colmenar, Pedro Amigo Dominguez, Jose Maria Sanz Castillo, Francisco Javier Esteban Martin, Isidoro de la Hoz Blanco, Angel Hernandez Recio —poliziak—, eta David Valencia Sanchez eta Ismael Gonzalez Martinez —guardia zibilak—. Denak libre direla ageri da autoan, denak kaudimengabeak. Arduradun zibil subsidiarioa, berriz, espainiar estatua. Akusazio partikularra, Antonia Gaztelu Oyarzabal andrea izan zen, Javier Batarrita Elexpururen alarguna. Akusatuei leporatzen zitzaien delitua: zuhurtziagabekeria.

Polizia eta guardia zibilen lekukotasunak, aitzakia gabeak izan ziren ahozko epaiketan: «Hura ez zen ohiko operatiboa. Arma luzeak generamatzan… Zerbitzu arriskuz betea zela esan ziguten, bestelako oharrik gabe… 'Sua, ekin!', entzun nuen esaten zuela baten batek… Terroristak zirela esan ziguten, sabotatzaileak, armak zeramatzatela… 'Eurak dira! Sua!', aditu nuen… Ez, ez zuten auto barnetik tiro egin… bertatik bertara jo zuten… Atze-eskuinaldetik jo zuten tiroa…». Gisa berekoak dira ahozko epaiketan guardia zibilen eta polizien lekukotasunak.

Jakileetan ziren, bestalde, Boluetako Aginagako gasolindegiko bi behargin ere, gasolindegian bertan kokatu baitziren zenbait polizia, handixe zelatatu baitzuten guardia zibilen kontrola. Polizia hauek gasolina-hornitzaileen atzean gorde zituzten beren buruak. Eta egin zuten tiro. Beharginek zer edo zer ikusi zuten: «Ez, guardia zibilak ez zuen tiro egin, ziur… Pareko autobusaren markesinatik egin zutela tiro esango nuke [guardia zibilak ez baina polizia zegoen lekutik] gasolina-hornitzailearen eskuinaldetik… Garbi-garbi ikusi nuen polizia armatua tiro egiten… Poliziak tiro egin zueneko, tiro gehiago ere eginak zituzten… Kalekoz jantzitako batek egiten zuela tiro iruditu zitzaidan…», eta zenbat buru hainbat bertsio metatu ziren auto judizialean, anabasa interesatua ez ezik guardia zibilen eta poliziaren arteko lehia ere erakutsiz, nork bere burua eta kidegoa, zuritu nahirik eta auzoa zikindu guran.

Estatuak ohi duenez, bere burua garbitu zuen, ez zuen bere zerbitzupekoen ardurarik onartu. Eta horrelaxe azaldu zuen 1961eko apirilaren 12ko epaiketan: «Aktuazio sumarialak ez du egiaztatzen autoritatearen ezein agentek tiroketari ekin zionik. Lehen tiroa aditzeaz batera, prozesatuetako batek, auto barrukoek eraso egiten ziotela irudituz, eta beren gainekoek emandako oharrak kontuan hartuz —auto barrukoak ustezko terrorista armatu eta arrisku handikoak zirela—, bere burua defenditu eta tiro egin zuen, eta agindua zitzaion lana behar bezala burutu».

Delitua izan zela ez zuen ukatzen, ordea, estatuaren abokatuak. Zuhurtziagabekeria ausartegia izan zela zioen, nahiz eta prozesatuak egile arduraduntzat ez onartu. Ondorioz, eta bere azalpenean esan zuenez, «egoki da prozesatuen absoluzioa, erabaki guztiak aldeko dituztela, eta Estatuaren ardura zibil subsidiariorako arrazoirik ere ez dago».

Eta, halaxe, epaileak prozesatu guztiak errugabetu zituen 1963an, eta akusazioak sententzia errekurrituagatik ere, auzitegiek aurreko ebazpena berretsi zuten handik bi urtera, diktadura garaian —baina ez diktadura garaian bakarrik—, gauzak egiteko modua erakutsiz erregimenaren oinordeei.

Ez Boluetako auzoen lekuko gehiago bildu zituzten —poliziak inguruko etxeetan izan baitziren kontrola jarri zutenean, auzoei pertsianak eraisteko agindua emanez, adibidez, nahiz eta guztiek agindua bete ez—, ez diktaduraren kontra borrokan zirenei egiten zitzaien gisako itaunketak egin zitzaizkien guardia zibil eta poliziei, ez egiazko ikerketa ere hartu zuten helburu. Esaterako, orduko EGIren aldizkari klandestino Gudari-n idatzi zutenez, Peugeot-aren kontra tiro egin ondoan, bateko polizia armatu eta sekretek, eta besteko guardia zibilek lekuak hustu zituzten, bertan utzirik Javier Batarrita Elexpuru, Jose Antonio Martin-Ballestero eta Fernando Larizgoitia Mimentza. Bilboko Posta kaleko Derby jostundegiko Izpizua jaunak, zeina Boluetatik Bilborantz baitzihoan, parean fortunatu, hartu eta eraman zituen, ziztu bizian, erietxera. Batarrita hila zen ordurako eta, Gudari-ren bertsioaren arabera, Izpizuari esker salbatu zuen Martin-Ballesterok bizia.

«Egia da ezen herri-gobernariak / dolatu ziren haren heriotzarekin. / Baina egiagoa ezen…»

Martxoaren 27ro berritzen den krimena, Boluetakoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna