Ekainaren 10eko giza katea. Hirigunen erronka

Handiek ere eragin nahi dute

Gure Esku Dago-ren ibilbidea herri txikietan hasi zen, baina, plataformako kideen lanari esker, eragin eremua nabarmen zabaldu da. Hiriguneetara iristea erronka gisa jarrita abiatu zuten igandeko giza katearen egitasmoa. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izan dute hiri handietako taldeen eguneroko lana. Ari dira sare iraunkor bat ehuntzen.

Igandeko giza katearen aurkezpena, Arabako hiriburuan, apirilean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gure Esku Dago-k Euskal Herriko ehunka herri eta hiritan osatu ditu taldeak, herri galdeketak eta beste hamaika ekinbide aurrera eramateko. Horiek dira herriz herri eta auzoz auzo lanean ari direnak ere ingurukoak igandeko giza katearekin engaiatzeko. Herri eta hiri guztiak, ordea, ez dira berdinak. Tamaina, kokapena, biztanleria edota historia ezberdinak dituzte.
Hilabeteotan herri galdeketak hirietara iristea jarri du jomugan plataformak. Getxon (Bizkaia) eta Errenterian (Gipuzkoa) egin dira jada, Donostiakoa eta Irungoa (Gipuzkoa) laster iritsiko dira. Horietan sare iraunkor eta zabal bat egitea, ordea, ez da beti erraza izaten herri txikietan jaiotako mugimendu batentzat. Errealitate sozial eta politiko zabalagoak ageri ohi dira horietan, eta giza katea gisako mobilizazio erraldoi baterako milaka lagun elkartzea kosta egiten da. Halere, «ilusioa» mantentzen dute, eta gogotsu dabiltza lanean bizilagunak dagozkien kilometroetara eraman ahal izateko. Horren adibideak dira Gasteiz bera, Errenteria (Gipuzkoa) eta Getxo (Bizkaia).

GASTEIZ. Giza katearen muturretako bat izango da, eta ez diote aterik ixten herri galdeketa bat egiteari




Goierrin sortutako mugimendua Arabako hiribururaino iritsi zen 2014ko giza kateko prestaketek bultzatuta. Hogei lagun inguruko taldea bildu zen orduan, baina herritar, alderdi politiko, sindikatu eta eragile anitzekin hitz egin ostean saretuz joan da. Lehen giza kate hura «arrakasta handia» izan zela uste du Gasteizko GEDeko kide Josu Olanok, eta hark ekarritako «giro ederrak» ilusioa piztu zuela hirian: «Horrek ireki zigun bidea». Ordutik mantendu egin da hasierako hogei lagun inguruko talde hura, baina herritar gehiagoren laguntza ere izan dute ekintza ezberdinak aurrera eramateko. Egun, taldeak lokal bat du hiriko alde zaharrean, eta maiatzaren hasieratik egunero irekitzen ari dira, jendeak igandeko giza katerako izen eman dezan. Izan ere, erronka handia du hiriak, katearen muturretako bat izango baita.

Gasteiztarrek bederatzi kilometro bete beharko dituzte, bost hiri barruan eta beste lau kanpoaldean. Horretarako, 4.500 lagun inguru beharko dituzte, kilometro batean 500 pertsona inguru beharko baitira katea eten ez dadin. Gasteiz barruko kilometroak betetzeko arazorik ez dela egongo uste du; kanpokoetara jendea eramatea izango dute, ordea, zailena. «Kilometro guztiak ez dira berdinak; batzuetan, jende gehiago egongo da, eta, beste batzuetan, gutxiago», azaldu du Olanok. Hori saihesteko, azken kilometroetan pilatu daitezkeen herritarrak kilometro guztiak betetzera animatu nahi dituzte, beharrezko baliabideak eskainiz. Izan ere, azken bi kilometroetan espero da jende gehien, batez ere Eusko Legebiltzarraren alboan. «Logistika kontuak dira horiek», Olanorentzat, eta «konpondu daitezke».

Horiek horrela, Olanoren ustez, lehen giza katea baino «errazagoa» izango da aurtengoa Arabako hiriburuarentzat. Izan ere, Durango eta Iruñe artean, Lizarrusti (Gipuzkoa) ingurua lotu zuten eskuz esku 2014an. Olanok gogoan du egun hartan taldeak hirian izan zuen harrera; hasieratik «oso ona» izan zela, egitasmo hark sortutako ilusioaren ondorio. Igandeko giza katerako ere ilusioa nabari du, eragile anitzekin hitz egin ostean: «Giro polita eta alaia sortzea espero dugu». Ikusten du, ordea, bien arteko ezberdintasunik: «2014koa berria izan zen, inoiz ez zen era hartako mobilizaziorik egin». Orain, bigarrena izanik, «sorpresa faktorea» falta dela uste du, baina ilusioa mantenduz: «Bidea arazorik gabe beteko dela uste dugu».

Giza kateari babesa emateko 200 alkatek eta hautetsik Gernikan ateratako argazkian, Gasteizko Gorka Urtaran izan zen hiriburuetako alkateen artean parte hartu zuen bakarra. Oraingoan ere, Gasteizko Gure Esku Dago-k giza katean parte hartzeko gonbita egin dio: «Azken kilometroan parte hartzera gonbidatu nahi dugu, eta etortzea espero dugu».

Ekainaren 10ean, ordea, ez da dena amaituko. Taldeak aurrera jarraituko du, eta egin beharrekoak erabaki beharko ditu. «Gizarte mailan zein konpromiso lortzen den, zein lotura politiko egiten diren... horren arabera mugituko gara», azaldu du Olanok. Izan ere, Arabako hiriburuan herri galdeketa egiteko aukera mahai gainera atera zen, baina giza katearen tamainako mobilizazio baten aurrean, indarrak horretan zentratu nahi izan dituzte. Orain ez dute ez aterik itxi, ez ireki nahi, herritarren asmoa zein den jakin gabe. «Hemendik aurrera zer egin behar dugun jendeak erabaki beharko du. Datorren urtean [galdeketa] egin nahi bada, ahalik eta txukunena egiten saiatuko gara». Halere, galdeketarik ez badago ere, beste bide batzuk aurkituko direla azpimarratu du: «Ilusionatuta gaude, eta hori gizartera transmititu nahi dugu».

GETXO. Bete dute hiru kilometro osatzeko erronka, auzoz auzo eginiko lanari esker




Getxo (Bizkaia) izan da herri galdeketa egin duen hiri handienetako bat. 2017ko azaroaren 5ean egin zuten, eta 8.000 lagun inguruk parte hartu zuten. Oraingoan, getxoztarrek hiru kilometro bete beharko dituzte giza katean, Arabako partean, Amurrio eta Zuia artean.

Getxo hainbat auzok osatzen dute, eta hala banatu dituzte kilometroak ere. Algortak hartu du bat, eta Itzubaltzetak bestea. Azken kilometroa, berriz, bi auzoetako gazteek beteko dute. «Publiko ezberdinetara iristen saiatzeko» egin dute hori, Getxoko GEDeko kide Unai Arangurenen esanetan.

Getxok dituen zailtasun handienen artean, «jende guztiarengana» iristea aipatu du GEDeko kideak: «Getxon, ideologia politiko ezberdin asko daude; batzuk, muturrekoak». Halere, galdeketan saretutako jendea baliatuta, jada hiru kilometroak betetzeko gutxieneko 1.500 lagunak badituzte, «tartean espero ez genuen jende askok ere eman du izena». Horretarako, saretutako lagunei abisatu, horiekin bildu, eta aurkezpenak egin dituzte. Aurkezpenak Itzubaltzetan eta Algortan egin dituzte, baina beste bat zehazki gazteentzako egin dute.

Egungo egoerara heltzeak, ordea, bere lana izan du. Hasieran, lau edo bost lagun elkartu ziren hirian, eta horien helburua «sentsibilitate ezberdinetako pertsonak elkartzea» zen, Arangurenen hitzetan. Hortik abiatuta, jende gehiago joan da bilduz. Aurkeztu, eta talde «indartsu» bat sortu zen horrela. Gabezia bat bazuen, ordea: «Gazteen presentzia ez zen handia taldean. Bai mobilizazioetan, baina ez aktiboki». Horri buelta emateko asmoz, haientzako lantalde bat jarri zuten martxan. Beraz, egun hiru talde dituzte: Itzubaltzetakoa, Algortakoa eta gazteena.

Iazko azaroan gustura amaitu zuen taldeak herri galdeketako emaitzarekin. Parte hartzea %11 izan arren, «parte hartzeak izaniko gorakada» kontuan hartu behar dela azpimarratu du Arangurenek. Izan ere, 2014ko giza katean 1.500 getxotar inguruk parte hartu zuten, eta galdeketan, 8.000k. «Lana ondo egiten ari den seinale».

Gorakada horren ostean iritsiko da igandeko katea, eta eguna iristeko «ilusioa» nabari du Arangurenek. Hainbat hilabetetan, egunean bat edo bi herritarrek izena eman dutela azaldu du; azken asteetan, berriz, jendetzak: «Eta oraindik falta da».

ERRENTERIA. Antolaketa eredu berriak zailtasunei aurre egiteko bermea eman die




Urtebete baino gehiago igaro da Errenterian (Gipuzkoa) herri galdeketa egin zutenetik. Orain, plataformak indarrean jarraitzen du, bi helburu nagusirekin: herritarron ituna sustatzea bata, eta azken egunera arte giza katerako sarea handitzen saiatzea bestea. Errenterian 2.000 lagun elkartzeko erronka jaso zuten, ibilbideko lau kilometro betetzeko, Itziar eta Deba artean (Gipuzkoa). «Erronka handia», adierazi du Errenteriako GEDeko kide Kattalin Aizkorretak.

Horri aurre egiteko «ingeniaritza sozial indartsu bat» beharrezkoa izan dute. Talde motorra arduratu da eguneroko lanaz, astero bilduta. Horretaz gain, ordea, hamasei arduradun bildu dituzte, bakoitzak bost azpiarduradun dituela. Azpiarduradun bakoitzak 25 lagun saretzeko ardura izan du, 2.000 lagunetara iristeko asmoarekin. Koordinazio handia eskatu die horrek, baina gustura daude lortutako emaitzarekin.

Teknologia berriak ere lagun izan dituzte hirian. Telegram aplikazioaren aldeko apustua egin dute, eta, lanerako taldeak sortzeaz gain, Orereta-Errenteriako Gure Esku Dago kanala ere sortu dute. Halere, aurrez aurreko bilerak ezin dira albo batera utzi, eta taldeko kide guztiekin bi bilera egin dituzte, bata lanen hasieran eta bestea amaiera gerturatu ahala. Talde motorra, berriz, astero bildu da, egitasmoaren jarraipena egiteko.

Gainontzeko hiri handietan bezala, Errenterian ere denda irekita izan dute azken hiru hilabeteetan. «Egunero egon da irekita, materiala erosi, saretu edo edozein zalantza galdetzeko», azaldu du Aizkorretak.

Errenterian, 2017ko martxoaren 19an egin zuten herri galdeketa, eta orduan sortutako sarea ezinbestekoa izan dute gaurko egoerara iristeko. «Herri galdeketak lagundu zuen auzoak berriz aktibatzen eta norbanakoen sareak berpizten», azpimarratu du Aizkorretak. Halere, onartu du zailtasunak ere izan dituztela herritarrak saretzeko orduan. Aurreko asteazkenerako 1.200 lagun zituzten lotuak. Ez dute galdutzat ematen, ordea: «Badakigu jendea azken egunetan ibiltzen dela izena ematen». Arazo nagusien artean, berriz, herriko hainbat sektoretara iristeko zailtasuna aipatu du GEDeko kideak, nahiz eta hasieratik horretarako indarrak jarri.

Igandeko giza katea gainean dago, eta hari begira jendea «pozik eta alai» ikusten du Aizkorretak. «Eguna iristeko gogoz dago jendea, eta auzoetan ikusten da hori». Igandean, ordea, ez da dena amaituko. Herritarron itunera begira hasitako lanketarekin jarraituko dute, «lehen fasetik bigarrenera igarotzeko asmoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.