Evo Moralesentzat, gerrak pizten dituztenek egiten dituzte, gero, harresiak

Herrien Mundu Konferentzia egiten ari dira Bolivian. UNHRCren ustez, errefuxiatuen fenomenoari «alderdi humanotik» erantzun behar zaio

Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Evo Morales mintzatu zen, atzo, Herrien Mundu Konferentziaren inaugurazio ekitaldian, Tiquiyapan (Bolivia), eta Boliviako presidenteak adierazi zuen gerrak pizten eta beste nazio batzuk inbaditzen dituzten estatuak direla gero errefuxiatuak baztertzen dituztenak, harresiak eraikiz. Harresirik gabeko mundu baten alde lelopean egiten ari dira konferentzia, eta gaur bukatuko da. Hiru kontinentetako ia hiru dozena bat herrialdetako 700 ordezkari bildu dira han.

Immigrazioa ez dela segurtasunik ezaren «erruduna» gaineratu zuen Boliviako presidenteak. «Inbasio koloniala eta itxaropenik eza dira munduko panikoaren erantzuleak». Moralesen iritzian, munduan ezin da egon hiritartasunik, askatasunik eta komunitaterik gabeko «legez kanpoko» gizasemerik. Krisi ekonomikoa migratzaileei egotzi izana kritikatu zuen, gainera: «Esaten zaigu migratzaileak langileari lana kentzen diola; esaten zaigu migratzaileak arriskuan jartzen dituela langilearen eskubideak. Baina nork egiten ditu lanik gogorrenak? Nork zaintzen ditu Mendebaldeko zaharrak eta haurrak? Horiek dira latinoak, afrikarrak eta asiarrak».

UNHRC Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariko eskualdeko ordezkariak ere, Michele Manca de Nissak, parte hartu zuen konferentzian, eta adierazi errefuxiatuen fenomenoari «alderdi humanotik» erantzun behar zaiola. Une honetan 65,6 milioi errefuxitau daude munduan, eta UNHRCko kideak gogoratu zuen behartutako desplazamenduei dagokienean «aurrekaririk gabeko» zifra bat dela hori.

IOM Migrazioen Nazioarteko Erakundeko eskualdeko ordezkari Diego Beltrandentzat «tragedia» bat da gertatzen ari dena, eta beste datu bat eman zuen, atzo: 2014tik gaur arte, 14.000 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneo itsasoan, Europara iristeko ahaleginean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.