Jabier Larrañaga. Gipuzkoako Ogasun diputatua

«'Langileengan erortzen da zama', esaten dute. Ez, jauna: gezurra da»

«Gutxieneko ardura bat» eskatu du Larrañagak zerga erreformaz eztabaidatu ahal izateko. Gipuzkoan ezkutu fiskala berriz ezartzeak ondare zerga egonkortuko duela uste du.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Xabier Martin -

2018ko urtarrilak 19
Gipuzkoako Ogasuneko burua gustura dago 2017ak utziko dituen bilketa datuekin. Zerga erreformarekin ere bai, nahiz eta I+G ataleko kenkarian jarritako mugak «kezka» eragiten dion. Jabier Larrañagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1972) dio sozietate zergak gehiago bilduko duela, tasa lau puntu jaitsita ere, %28tik %24ra.

Zerga erreforma «lan tekniko bat» zela esan zenuen orain hamar hilabete. Eusten diozu baieztapen horri, prozesua nola joan den ikusita?

Erreformaren zati garrantzitsu bat hobekuntza teknikoak izan dira. Gero, egia da aurrena erronda bat egin genuela eta bigarren bueltan izaera politikoa duten aldaketak sartu direla.

PPrekin egindako azken orduko negoziazio politikorik gabe, ez zen erreforma hau aterako. Teknikotik gutxi dauka horrek.

Erreforma aurrera aterako zen; beste kontu bat da Araban aurrekontuak ez zirela aterako, ezta legebiltzarrean ere. Administrazioetan egonkortasuna bermatzeko gauza biak gurutzatu dira.

Sozietate zergaren bilketak galera izan du azken urteetan EAEn. Zer gertatuko da aurten?

Zerga hori berreskuratuz joan da azken bi urteetan, eta hazkunde nabarmena dago. Edonola ere, Europako batezbestekoan gaude pisuari dagokionez, %6an. Bilketa osoaren %6 da sozietate zerga.

Baina aurten zer gertatuko da?

Hazkunde polita egongo da. Kanpainaren emaitzak %25eko igoera izan du.

Kanpainaz harago, azken emaitzak bi digituko igoera izango du?

Bai.

Hori, sozietate zergan. Eta orokorrean?

Hor ere bi digitukoa izango da igoera, seguru.

Erreformaren beharraren oinarrian sozietate zergaren ekarpen txikia zegoen. EAJk, PSEk eta PPk itxi duzue akordioa, eta tasa lau puntu jaitsi duzue, %28tik %24ra. Ez al da arraroa?

Hasteko, erreforma ez dugu egin sozietate zergak gutxi biltzen zuelako.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak berak onartu zuen defizit hori, ordea.

Bilketak gure ongizateari eustea ahalbidetzen du, eta nik eskatuko nuke gauzak ezbaian jartzen direnean seriotasunez jartzea ezbaian, gutxieneko maila batekin.

Seriotasun osoz egina zen galdera.

Ez naiz ari galderarengatik. Kontua da neurriak hartu aurretik iritziak ematen ari zela jendea. Aldaketak ikusi aurretik kritikatzen hastea ez da oso serioa.

Tasa %28tik %24ra jaitsi duzue. Gehiago biltzeko bide bihurria ematen du, ezta?

Tasa kritikatzen hasi aurretik, jakin behar da errenta zergaren tasa Europako batezbestekotik gora dagoela azken tramoetan; horregatik da hain progresiboa gure sistema; hau da, aberatsek pagatzen dute ia dena. Sozietate zergan ere batezbestekotik gora geunden. Europako iparraldean %20-22ko tasak daude.

Oso bestelako sistemak dira; zerorrek azaldu duzu inoiz. Tasa horiek testuingurutik atera eta adibide gisa erabiltzeak ez du askorik esaten.

Horretaz ari naiz, hain zuzen. Neurri fiskal hauei buruz hitz egitean, fokua tasan jarri dute, eta inork ez du esan kenkariak berrikusi direla bilketari eusteko. Ba, azkenean hazi egingo da bilketa, eta hori da garrantzitsuena. Erreforma soilik batzuen mesedetan zela esan dutenek ez dute ezer jakin nahi horrekin.

Urtebete itxaron beharko da hori horrela den jakiteko, ezta?

Noski, baina aurreikuspenak bete ohi dira, urtez urte.

Beraz, kenkariak mugatzeak eragingo du sozietate zergak gehiago biltzea, baita tasa lau puntu nominal jaitsita ere. Hori esaten ari zara?

Horixe bera. Kenkariak mugatzearekin batera, gutxieneko tasak igo egin ditugu. Ba al dakizu zeintzuk biltzen duten gehien sozietate zergan? Luxenburgok, Irlandak, Suitzak...

Paradisu fiskalak.

Hain zuzen ere.

Gipuzkoa haien pareko paradisu fiskala izatea proposatzen ari zara, edo zer?

Esan nahi dudana da igual ez dela fokua sozietate zergan jarri behar, baizik eta Gini indizean, eta gure ongizateari eusteko finantzaketan. Helburu horretara iristeko bide desberdinak daude, eta herrialde bakoitzak bere bidea hartzen du.

Azalekoa al da esatea sozietate zergaren tasa %28tik %24ra jaistea enpresen aldeko politika fiskala egitea dela?

Bai. Eta, gainera, arduragabekeria da, benetakoa ez den argazki bat eragiten baitu horrek.

Errieta majoa egiten ari zatzaizkio kritika politikoa egiten dutenei zergen esparruan...

Epe luzeko kontuak dira hauek, eta azaletik aritzea ez da arduratsua. Zergei buruzko eztabaida sanoa da, baina izenburu katastrofistak bilatzea ez da eztabaida.

Eta sozietate zergaren tasa erreala igo egingo da?

Tasa erreala igo egingo da, eta bilketa ere bai.

Zorionak, Confebasken ederki asko saldu duzue-eta hau dena. Haiek oso gustura daude zerga erreformarekin. Nola liteke?

Confebaski galdetu behar zaio. Kenkarien mugak argiak dira, eta ni kezkatzen nau mugaren batek, adibidez I+G atalekoak. Enpresatik patrikara diru gehiegi ez eramateko kultura egon da beti Gipuzkoan, eta horrek enpresak sendotu ditu. Horregatik eutsi zioten hobeto krisiari hemen beste leku askotan baino.

Gipuzkoa ez al zegoen ados, ba, erreformarekin?

Bakarrik diot kezka badudala, gurea baita I+G gehien egiten duen lurraldea. Nahiago dut diru horrek enpresaren barruan jarraitzeko aukera badu, enpresak sendotzeko. Krisiren bat etorriko baita berriro; ez dakigu noiz, baina beti etortzen dira.

Pello Gibelalde Adegiko presidenteari azaldu beharko diozu berriro hau guztia, hura ere konforme baitago erreformarekin.

Horregatik esaten dizut enpresariei galdetu behar zaiela.

Zer esan nahi du Espainiaren moduko herrialde batean baino sozietate zerga txikiagoa egotea EAEn? Ematen duena da? Alegia, enpresen aldeko politika fiskala egiten duzuela?

Oso bestelako enpresa kultura daukagu guk, baita beste enpresa egitura bat ere, Gipuzkoari dagokionez. Hemen ez daude Google eta horrelakoak; izenez eta aurpegiz ezagutzen ditugu enpresak eta enpresariak: herrikoak dira. Enpresen neurriak baldintzatzen du tasaren eragina eta kenkariena. Guk sinisten dugu sustapen ekonomikoa dela bidea ongizateari eusteko. Eta sustapen horren zatirik garrantzitsuena ez da eurotan neurtzen.

Eta, hala ere, lan errentek sustengatzen dute zergen bilketaren pisurik handiena.

PFEZean, gehiena pagatzen duten gehien daukatenek. Zerga horren %90 jarduera ekonomikotik dator. Zergadunen %25ek pagatzen dute bilketaren %70, gehien irabazten dutenek. Progresiboa da erabat. «Langileengan erortzen da zama» esaten dute batzuek. Ez, jauna: gezurra da.

Progresiboa al da ezkutu fiskala berrezartzea, aberatsenek babes muga bat eduki dezaten dagozkien zerga guztien aurrean?

Lehen esan dut: helburu bera lortzeko bide desberdinak daude. Aberastasunaren zerga aldatu genuenean, 2015ean, esan zen aberatsen zerga kendu genuela, eta hara non ordutik urtero bilketa handitu egin den.

Jaitsi egingo dela dio 2018rako aurreikuspenak.

Iaz oso aurreikuspen handia egin genuen, eta orain berdindu egin dugu, gutxi gorabehera.

Baina ez da igoko.

Espero duguna da mantentzea.

Aurki ondare zerga izango denak ezkutu fiskala izango du, eta aurreko urteetako igoerak etengo direla aurreikusi duzue, baita hazkunde ekonomikoak aurrera jarraitzen duela ere. Ez al du hots arraroa ateratzen horrek?

Ezin da urtez urte neurtu; epe luzeagoari begiratu behar zaio. Urte batzuk egin ditugu gora, eta orain berdinduko dugula esaten ari gara. Egonkortzeak ez du soinu arrarorik ateratzen. Beheraka ez joatea da kontua. Zerga pagatzen dutenen artean, %6k pagatzen dute bilketaren %65. Bakar batek alde egiten badizu, ehunka berri behar dira galera hori orekatzeko. Eta Gipuzkoan ez dira sortzen ehunka aberats hilero. Ezkutu fiskala berrezarriko zela esateak lagundu dio egonkortasun horri.

Eta noizko joaten denaren elkartasunerako gaitasunaz hausnartzea? Gipuzkoa da lehiakortasun fiskalaren indizean lehena Espainiako Estatuan.

Eta zerga gehien pagatzen den lurraldea ere bai.

Nola liteke hori?

Enpresa eta pertsonak nahasten direlako azaleko izenburuetan. Enpresa enpresa da, eta enpresaria enpresaria. Dirua enpresan geratzea komeni zaio enpleguari; hemen zerga gehiago pagatzen dute pertsona fisikoek. Bateragarriak dira lehiakorra izatea fiskalki, enpresei begira, eta aldi berean zerga maila handia edukitzea errenta zergan.

Sistema sustengatzen duten soldatapekoei poliki azaldu beharko diezu hori.

Erreza da ba ulertzea: gehien irabazten duten %25ek ordaintzen dute Errenta zergaren bilketaren %75. Eta, gainera, bilketaren %90 jarduera ekonomikoarekin lotua dago zuzenean. Saia gaitezen jarduera horri pizgarriak ematen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna