Garbiñe Aranburu. LABeko idazkari nagusia

«ELAk ulertzen du bere eredua inposatzea dela elkarlana»

Sindikatu abertzaleen arteko aliantza estrategikoaren prozesuak porrot egin eta gero, LABeko idazkari nagusiak ahoan bilorik gabe hitz egin du ELArekiko harremanaz.
GORKA RUBIO / FOKU

Xabier Martin -

2018ko apirilak 22
Lanbide arteko esparru akordioari jarritako salaketa erretiratu dela iragarri eta ordu gutxira hartu du BERRIA Garbiñe Aranburuk (Legorreta, Gipuzkoa, 1973), LABek Donostian duen egoitzan.

Albiste ona da salaketa kentzea, ezta?

Bai, oso eraso larria delako, 155.a gure lan arlora ekartzearen modukoa. Beraz, bertan behera geratuko balitz, positiboa litzateke. Baina horrek ez du agortzen estatalizazioaren aurkako borrokak. Garbi utzi nahiko nuke hori.

Balitz? Litzateke?

Inpugnazioa erretiratuko den ez dago batere argi [ostiralean], Feadrsen kide den Eurestekin akordio bat baino ez baitago, hark patronalean eragin dezan. Baina larunbatean dute bilera Feadrs-ekoek, eta azkarregi saldu dute akordio hori, badakigulako patronalaren barruan iritzi desberdinak daudela oraintxe.

Ematen du ez duzula gustuko ELAren eta Euresten akordioa...

Ez dugu nahikotzat jotzen, izan ere. Inpugnazioa erretiraraztea da bat, positiboa zinez, eta Euresten Espainiako itun bat aplikatzen dela da bestea. Enpresaren konpromisoa da bakarrik negoziazioari bide ematea.

Ez al da zuzena orduan ELAk iragarri duena? Azkarregi eman du egintzat burutu gabea?

Bai, oraindik ez baita ziurra inpugnazioa kenduko dutela. Gainera, ELAk ez du gehiengoa Eurest enpresan, eta estatalizatuta dauden sektoreko beste bi enpresetan LABena da gehiengoa. Ez dagokion interlokuzioa bereganatu nahi du ELAk. Bere burua egoera honen konpontzaile gisa plazaratzen ari da, baina ez dagokio hori. Euresten, esaterako, LAB da mobilizatzen ari den sindikatu bakarra estatalizazioaren aurka.

ELAk grebara deitu zuen 24rako Euresten.

Bai, greba deialdia egin zuten, baina ez dute bestelako konpromisorik hartu. Gainera, ELAk akordiorako oinarria egin zuen Eurestekin, baina batzordean gehiengoa ez zuenez, ezin izan zuten gauzatu. Hori ere esan behar da, akordio horretan ez baitzitzaion mugarik jartzen estatalizazioari.

Inpugnazioa erretiratzearen meritua ez da ELArena?

Ez, balizko erretiratze horren atzean dagoena langileen mobilizazioa dago. Eta Euresten bakarrik LAB ari da mobilizatzen. Irakurketa zabalagoa egiten ari gara, izan ere, arazoa maila konfederalean jarrita. Ez da zuzena ELAk inpugnazioaren auziren garaipena bereganatzea. Akordioa hain azkar saltzera atera behar izateak, oraindik segurua ez denean, islatzen du ELAk patrimonializatzeko duen joera hori.

CCOOk esan du ELAk sektoreko langileekin salerosketa egin duela Bizkaiko arazo jakin bati enpresa itun baten soluzioa emateko. Zer diozu?

Bere burua patronalarekiko konfrontaziotik atera duen sindikatua ez da inor horrelako adierazpen gogorrak egiteko; ezin dute bere burua eredutzat jarri, eta besteei kontuak eskatu. CCOO eta UGT patronalaren mesedetarako ari dira, eta beste sindikatuenganako kritikan espezializatu dira.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia utzi berri du CCOOk. Agian ez da hain otzana.

Mahai horrek ez zuen sortu behar ere. Confebaskek ELA eta LAB lan mundutik kanpora ateratzeko egindako erasoaren ostean eratu zuen Jaurlaritzak, eraso horri garrantzia kentzeko. Erabat antidemokratikoa da forma aldetik, gutxiengo sindikalarekin ari zelako, hari aitortza emanez; eta, eduki aldetik, hutsala izan da, Jaurlaritzaren politikei zilegitasuna emateko tresna bat. CCOOren erabakiaren ostean, organoaren antzutasuna argi geratu da.

ELA eta LABen aliantza estrategikoaren saioak, berriz, porrot egin du. Jada esan daiteke?

Guk jarraitzen dugu aliantza horren beharra aldarrikatzen. Langileen begietara ulergaitza da gertatzen ari dena, inoiz baino behar handiagoa dagoelako aliantzarako, eta sindikatuen arteko sestra batean sartua egotea nik pena handiz bizi dut. Hori esanda, ELAk erabaki du aliantza horretan ez sakontzea.

ELAren bizkarrean jartzen ari zara porrotaren zama. LABek eskatzen duen erantzun zabalagoan ez duelako sakondu nahi? Greba orokorraz ari gara?

Sindikatu abertzaleen artean egin beharreko eztabaida hor kokatzen dugu. Pentsiodunen eta emakumeen ondotik, neurriko erantzuna eman behar du lan munduak. Lantokiz lantokiko gatazketan aritzea oso ondo dago, baina, harago, erantzun zabalagoa eskatzen du bizi dugun errealitateak, eta greba esparruan eman behar da.

Eta zer dio horri buruz ELAk?

Eztabaida horretan egon beharko genuke ELAk eta LABek, baina ELAk uko egin dio horri, aurreko urteko amaieran elkarlanean ez sakontzeko erabakia hartu zuelako. Orain errelato bat eraikitzen ari da horri guztiari zilegitasuna emateko. Bizi dugun inboluzio sozial eta politikoa ikusita, jantzi behar dute nolabait elkarlan horretan ez sakontzeko erabaki hori.

Baina zergatik uste duzu erabaki hori hartu duela ELAk?

Estrategia desberdineko sindikatuak gara, eta elkarlanean sakontzeko ausardia behar da, arriskatzea. Uneak eskatzen du helburu orokorragoen alde jokatzea, eta bakoitzak zerbait uztea bidean.

Eta ELA ez dago prest?

Ez, ELAk ulertzen du bere eredua inposatzea dela elkarlana. Lehia sindikala ezin dela egin dio, eta guk ez dugu ulertzen hori. LABek bere estrategiari uko egitea nahi ote dute? Hauteskundeetara ez aurkeztea? Guk uste dugu erdigune batera gerturatu beharko genukeela biek, eta ELAk uste du LABek berera joan behar duela.

Ordezkaritza handiagoa du, izan ere.

Bai, eta bere nagusitasuna ez dago zalantzan. Ez dakigu nondik ateratzen dituen LABekin lehiatzeko beldur horiek. Badakigu sortu ginenetik hazi besterik ez garela egin, baina ELAren nagusitasuna ez dago auzitan oraintxe.

A zer panorama sindikatu abertzaleen artean batasuna nahi duten langileentzat... Frustrazioa ez ote da izango harlauza handiegia etorkizuneko mobilizazio handientzat?

Langileentzat nahiko ulergaitza suertatu daiteke, eta argi dago kezka sortzen duela. Horregatik nahi dugu elkarlan horretan jarraitu ELArekin. Ardura ariketa bat da, finean, helburu orokorragoen alde gure estrategiak modulatzea. Baina eztabaida hori egiteko, ez dugu interlokutorea topatzen. Badakigu, ordea, orain edo gero, harremanak berreskuratu beharko ditugula, gure proiektua ez bada behintzat gure zilborrari begira egotea, besterik ez.

Prekarizazioa izugarri zabaltzen ari dela salatzen duzue, eta patronala eta Jaurlaritza langabezia teknikoaz hasi dira hitz egiten. Non gaude?

Langabezia tasa jasangaitzetara iritsi ginen, eta orain tasak murrizteko lana prekarizatu da, enplegu berria sortzea baino gehiago. Hor gaude: langileen pobreen aroan, DSBE behar duten langileen aroan. Lana edukitzeak ez du bermatzen bizitza duin bat edukitzeko aukera. Errealitate hori ezin dute ezkutatu langabezia tasa txikiek. Datu makroen hazkundearekin, saiatzen ari dira prekarizazio prozesu argi bat ezkutatzen. Kontua da sortzen den aberastasunaren geroz eta zati handiagoa doala kapital errentetara, eta geroz eta txikiagoa lan errentetara. Lapurreta argi bat egiten ari zaigu langileoi, eta zerga politikak zerikusi handia dauka horretan.

2017an hazkunde handia izan du ogasunen bilketak, eta aurten ere aurreikuspenaren gainetik doaz datuak.

Jarduera berreskuratzen ari delako, baina askoz gehiago egiteko tartea dago. EAJk, PSEk eta PPk egindako zerga erreforma hor dago. PPk baldintza gisa jarritako sozietate zergaren jaitsiera oso gustura onartu zuen EAJk.

Lan zikina egin ziola diozu?

Bai, horixe bera.

Eta Maiatzaren Lehenera begira zer gertatuko da? Nola baldintzatuko du ELArekin batera egindako prozesuaren porrotak?

Lan, bizi, herri duina, burujabetza ezkerretik da aurtengo leloa, eta horrek erakusten ditu gure erronkak. Mobilizazioa bizi-bizirik dago herri honetan, eta garaipen batzuk badaude enpresetan. Baina harago, mobilizazio soziala orokortzea da gure helburua.

Greba orokorraz ari zara berriro?

Egoerak eskatzen duela iruditzen zaigu. Baina ez dut esaten inori presioa egiteko, ez nuke nahi honek gaizki-ulertuak eragitea. Aipatze bakarrak oztopatu egin ohi duelako aukera.

Baina gorputzak eskatzen dizue?

Egoerak eskatzen du, kaleak erakusten digulako horretarako beharra eta baldintzak daudela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna