Juan Kruz Igerabide. Idazlea

«Nire kasuan, gorputzaren parte bat da literatura, alde fisiko bat»

'Zangotraba' nobela argitaratu ostean, poesiara itzuli da Juan Kruz Igerabide 'Lainoa janez' obran, euria poemen ardatz nagusi bihurtuta. Aurreko poema liburuen aldean «askoz soilagoa» dela uste du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2016ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
«Karramarroen / antzera, oroimena / itzulbidean», dio Juan Kruz Igerabideren (Aduna, Gipuzkoa, 1956) Udako haikua-k, Lainoa janez (Erein) poema liburuaren barruan. «Bizitzaren errepaso bat» da liburua, egilearen hitzetan. «Errepaso horretan, zer geratzen da? Bizipen batzuk, gizakiok ditugun miseriak eta pozak, minak...». Liburu honen kasuan, euriaren galbahetik pasatu eta destilatua, euria baita poema guztiak batzen dituen ardatz nagusia.

Zerk bultzatu zaitu euria hartzera liburuko poema guztien ardatz gisa?

Oinkari dantza taldearekin batera emanaldi bat egin genuen, poesia eta dantza uztartuz, eta emanaldirako euskal tradizioko poema asko hartu genituen, denak euria gaitzat zutenak: Lizardi, [Bitoriano] Gandiaga, beste batzuk gaurkoagoak... Askotan jotzen dut [Rainer Maria] Rilkerengana, eta garai hartan ere haren poemekin ari nintzen, haren irudiekin, eta haien artean asko agertzen zen euria. Faktore horiek batu ziren, eta pixkanaka poema batzuk sortzen hasi nintzen, nik bizitzan ezagutu ditudan istorioak gogoratuz eta haien gainean euri jasa bat eroriko balitz zer geratuko zen jakin nahian bezala, ea hortik zer destilatuko zen...

Eta zer geratu zen? Zer destilatu zen?

Oihartzun batzuk. Hitz batzuk, hots batzuk ere bai. Monokromia batzuk, [Mark] Rothkorenak bezalakoak... Mina oso gertu dagoenean, zaila da begirada ironiko bat izatea, baina liburuko poemetako minak pixka bat urrunduak daude, eta kasu askotan ironiarako tartea dago. Beste kasu batzuetan, hala ere, errukia eta gupidarako baino ez dago lekurik.

Bizitzaren alderdi gordinenei, eta minari berari ere, aurrez aurre begiratzen diote poemek, baina umorea ere garrantzitsua da liburu osoan.

[Albert] Camusek zioen filosofiaren galdera nagusia, oinarrizkoa, dela: «suizidatu ala ez suizidatu?». Hau da, erabakitzea bizitzen jarraitu nahi duzun ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, atera behar diozu zuku pixka bat bizitzari, eta ironia da horretarako modu bat. Nik uste dut liburuko poema gehienetan —ez denetan, baina bai gehienetan— dagoela halako egarri artistiko edo estetiko existentzial bat, ia-ia mistikoa dena, irudien bidez adierazia, eta hori ironiak ekartzen duela lurrera. Eta ez lurrera ekarri bakarrik; batzuetan hautsi ere bai. Eta orduan zer geratzen zaizu? Umorea eta ironia. Adibidez, zu ari zara Rothkoren koadro bati irudi existentzialak ateratzen, eta bat-batean ospitalean zaude, eta ospitalean odola ateratzen dizutenean Rothkoren monokromiarekin gogoratzen zara...

Rothko bezala, Vermeer, Picasso, Dix, Van Gogh, Beethoven, Satie, Chopin, Schopenhauer, Hoelderlin, Sartre, Camus, Villon, Akhmatova... Artista, musikari, pentsalari eta idazle ezagun asko aipatzen dituzu...

Zenbaiten ustez, jarrera kulturalista bat adieraz dezake horrek beharbada. Baina poemak irakurritakoan berehala jabetzen zara ez dagoela kulturalismorik, ez dagoelako pentsalari edo sortzaile horien inguruko azalpenik. Adibidez, Schopenhauer aipatzen da poema batean, eta horrek gogora dakar «mundua borondate eta irudikapen moduan» eta kontu horiek, baina azkenean errealitate gordinak Schopenhauerri ahoa tapatzen dio. Nire poeman. Horrekin ez dut Schopenhauerren aurkako inolako aldarrikapenik egin nahi, jakina, baina nire poeman hori gertatzen da. Aipuek kentzen didate beste orrialde bateko poema bat idatzi beharra, amildegi moduko bat zabalduz.

Azal dezakezu hori?

Poema batean Rothko, Schopenhauer edo dena delakoa aipatzeak amildegi moduko bat zabaltzen du. Hor beste poema bat balego bezala da. Poema hori ezabatua dago, baina amildegia hor dago. Adibide nahiko argi bat jartzearren, poema batean ama bat ageri da umearen atzetik lasterka, umea korrika putzura doalako, han plisti-plasta ibiltzera. Oso eszena maitagarri eta samurra da. Eta justu ari da emakume hori God Bless The Child [Jainkoak umea bedeinkatzen du] kantatzen, Billie Holidayrena. Hori jartzeak beste orrialde bateko poema kentzen du, hor amildegi bat utzita. Irakurleren batek pentsatuko du nik jarri dudala hor Billie Holidayrena niri Billie Holidayren musika gustatzen zaidalako eta kito. Irakurketa hori egiterik badago. Baina badago, baita ere, hor amildegi bat topatzea. Horrela erabilita daude, nik uste, liburuko aipu gehienak. Edukiarekin lotuta daude beti aipuak. Aipurik gabe ere funtzionatuko lukete poemek beharbada, baina amildegi horiek gabe geratuko lirateke. Aipuekin, gainera, nik uste dut samurragoak direla poemak, goxoagoak, irakurgarriagoak; edo, kasu batzuetan, poema goxo bati halako ezinegon bat eransten diola aipuak, edo halako iluntasun bat.

Zure aurreko poema liburuekin alderatuta, non kokatuko zenuke Lainoa janez?

Mailu isila-ren eta Aienatze-marra-ren ildoan kokatuko nuke, baina askoz ere soilagoa dela uste dut, nahiz eta lehen aipatu dugun aipuen kontuengatik kulturalistagoa ematen duen. Aurreko liburuak baino are ahalegin gutxiago eskatzen dio irakurleari. Aurrekoetan irakurketa sozial batzuk baldin bazeuden, hemen ez dago halakorik. Lehen esan duguna: euria pasatu da eta geratzen dena dago poeman, destilatuago.

Idazteari uzteko erabakiaren inguruko kezka ageri da Ez gehiago idatzi poeman. Amaiera argia da hala ere: «Eta hau oraindik ez da amaitu».

Hizketa atzeratu edo diferitu bat da poesia. Unean esaten ez ditugunak esaten ditugu poesian, batez ere lotsatiak garenok [irri egiten du]. Kezka hori, idazten jarraitu edo uztearena, beti izan dut. Liburu bakoitzarekin. Zertarako jarraitu idazten eta argitaratzen? Olentzeroren gutunaren bidez azaltzen dut hori zuk aipatutako poema horretan. Bizitzako frustrazioei aurre egiteko modu bat da idaztea. Idazteak aukera bat sortzen du, mundu bat, eta idazten dugunoi gertatzen zaigun gauzarik ederrenetako bat da nahi gabe ateratzen zaizkigula testurik ederrenak, kontrolatzen dugunetik kanpo. Nire kasuan, gorputzaren parte bat da literatura, alde fisiko bat du.

Alde fisiko bat? Zer esan nahi duzu?

Amak istorioak kontatzen zizkidanean, mihian zapore bat sentitzen nuen, kobrearenaren antzeko zapore bat. Eta geroztik zapore hori etortzen zait batzuetan irakurtzen ari naizenean. Argitaratzea edo ez, bigarren kontu bat da, eta horrek zerikusia du ispiluarekin, jendearekiko harremanarekin... Baita egoarekin ere. Hori ukatzen hasten bagara, gezurretan ari gara. Guk egindakoa «sozializatu» nahia aipatuz zuritzen ditugu askotan gure harrokeriak. Azken batean, badugu barruan nor izate nahi bat, baina ez boterearekin, diruarekin edo ospearekin lotua. Haragitik ateratzen denean, hitzak nor bihurtzen zaitu. Boterea eman gabe, kendu ere egiten dizu horrek batzuetan, gizajo baten moduan geratzen zarelako, baina nor egiten zaitu.

Zangotraba nobela argitaratu zenuen duela urtebete. Hauts bihurtu zineten (2005) eta Elurra sutan-ekin (2009) batera, zure gaztaroaren garaiari buruzko trilogia bat osatu zenuen.

Hasieran, ez nuen trilogia bat osatzeko asmorik, baina halaxe egokitu da, bai. Ni ikaragarri markatu nauten garai bati eta pertsona batzuei buruzko nobelak dira hirurak. ETAren gaia ageri da hiru nobeletan, gizarte borrokarena, drogarena... eta asko eta asko harreman pertsonalak. 16 edo 17 urte nituela zenbait jenderengandik entzundakoak asko markatu naute ni. Eta gero ideologikoki elkarren kontra egon dira nik orduan entzundako haiek esan zituztenak. Adibidez, nik oso gogoan daukat Andres Osa Sakona-k, Herri Gaztedin, esan zidana: «Bizitza lasai hartzen ikasi behar duk. Luzea duk, urte asko zaudek, eta hemen, iraultza egin behar bada, ikasi ere egin behar dik, estudiatu ere egin behar dik». Beste perspektiba bat ireki zidan, eta beti eskertuko diot Sakonari hori esan izana.

Errelatoa deitzen den horri egin diozun ekarpena dira zure hiru nobela horiek.

Garai baten irakurketa egin dut nobela horietan, batez ere esperientzia pertsonaletatik abiatuta. Historia ofizialak ildo nagusi batzuk hartzen ditu gertatu dena esplikatzeko, baina norberarentzat oso garrantzitsuak diren gauza asko kanpoan geratzen dira. Eta hori ere izan zen. Agian ez du ezertarako ere balioko, baina hori ere izan zen. Adibidez, garai bateko ezker muturreko mugimenduak, Elizaren inguruan sortzen ziren komunismo erradikalak, eta horrek ekarri zuen eboluzioa... batzuk ETAra, beste batzuk ezker abertzalera, Euskadiko Ezkerrara, baita EAJra ere... Abaniko guztia zabaldu da hain estua zirudien abiapuntu hartatik... Hori ere izan da.

Garai hari buruzko nobela gehiago idatziko duzu?

Ez, ez dut uste giro horretako nobela gehiago idatziko dudanik. Esan behar nuena esan dudala uste dut. Hobeto esaterik izango zen, edo gehiago esaterik agian, edo hainbeste mozorrotu gabe zuzenago esaterik ere bai, batez ere hirugarren nobelaren kasuan, baina ez nau asko kezkatzen horrek. Barruan neukana atera dut, horretarako behar nituen tramankuluak erabilita. Beste nobelarik idaztekotan, bestelakoa izango da, beste giro batekoa.

Haur eta gazte literatura idazten jarraituko duzu, jakina...

Haur eta gazte literatura maisu izaten segitzeko modua da niretzat. Pedagogia egiten jarraitzeko modua. Pedagogia, ez didaktika moduan ulertuta; baizik eta pedagogia, haurrak bizitzarekin elkarrizketan jartzea moduan ulertuta. Hori da pedagogia, eta haur literaturak, eta haurrentzako arteak oro har, hori egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.