Kutxetako isiltasuna

Wagner abesten sekulako ospea erdietsi zuen Isidoro Fagoaga tenorrak XX. mende hasieran. Haren bizitzaren eta ibilbide profesionalaren inguruko erakusketa dago ikusgai Beran.

Naiara Elola.
Bera
2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ez dut nahi nire eszenetako jantziak gazteek inauterietako edota jaietako mozorro moduan erabiltzerik». Isidoro Fagoaga tenorrarenak (Bera, Nafarroa 1893-Donostia, 1976) dira hitzok. XX. mende hasierako tenorrik garrantzitsuena bilakatu zen, Richard Wagnerren operei esker. Batez ere, Italian garatu zuen bere ibilbide profesionala. 1937ko apirilaren 26an, hainbaten artean italiarrek Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutela jakin zuenean, erabaki gogor bat hartu zuen: abesteari uztea. Hala, ia hogei urtetako ibilbidean pilatutako jantzi, egunkari zati eta postalak kutxetan gorde zituen, betiko. Denboraren poderioz, ahanzturan gelditu da Fagoaga. Zein zen hobeto ezagutzeko, Isidoro Fagoaga, bada tenorea! erakusketa bisitatu daiteke ekainaren 9ra bitarte, Berako kultur etxean.

Fagoagaren nahia betez, 1937az geroztik erabili gabeko objektuak ez dira inoiz «inauteritako mozorro» modura baliatu. Are gehiago, Beran ikus daitezkeen jantzi, makillaje kaxa eta gainerako objektuak 80 urtean gordeta egon dira, horietako asko Iruritako (Nafarroa) etxe bateko ukuiluan. German Ereñak, artistaren biografoak, topatu zituen. Eibarko (Gipuzkoa) txistulari taldeko kidea eta Wagner zale amorratua da. Neurri handi batean, Ereñaren ikerketei esker ezagutarazi ahal izan da Fagoaga. Etxean, Martin Ugalderen Hablando con los vascos (Euskaldunekin hizketan) liburua hartu, eta irakurtzen hasi zen. Horri esker jakin zuen Fagoaga euskal herritarra izan zela XX. mende hasieran Wagner abesten zuen tenorrik miretsiena Italian.

Wagnerrek zer duen berezi galdetuta, begiek dir-dir egiten diote Ereñari: «Harena musika handia da, ederra. Agian ez da horren erraza entzuteko, ez delako melodiatsua. Rossini, Bellini, Verdi edota Puccini askoz ere gozoagoak dira». Gaineratu duenez, normalean obra transzendentalak eta sakonak izaten dira, eta gainontzeko operak baino luzeagoak. Hala, dramatizazio handia eskatzen dute, eta horretan ere Fagoaga iaioa zela nabarmendu du Ereñak; aktore ona zela alegia.

Film bat egiteko moduko bizitza izan zuela Berako artistak irizten dio Lupe Mendigutxiak, erakusketa antolatu duen herritar taldeko kideak. Haurra zela egin zuen abesbatza batean abesteko lehenengo saiakera Fagoagak. Antza, herriko parrokiarako abesbatzan abeslari bila zebiltzan, eta hautaketa prozesuan parte hartzea erabaki zuen. Tenorra baztertu egin zuten. «Azterketa egin ziotenean, ahotsa aldatzen ari zitzaion. Normalean, 14 urterekin aldatzen da, baina Fagoagari 11 urterako aldatu zitzaion». Hala, ez zuten herriko abesbatzarako hartu urte batzuk geroagoa Italian tenorrik miretsienetakoa bilakatuko zena.

Dena den, ezezko hori jaso ondoren, ez zuen etsi. 14 urte zituela, Argentinan bizi zen osabari idatzi zion. Hark postaz Buenos Airesera itsasontzian joateko txartelak igorri zizkion. Bidaia hari esker, «beste mundu» bat ezagutzeaz gain, tenor profesional izateko aukera suertatu zitzaion. Izan ere, Florencio Constantino eta Titta Ruffo abeslariak ezagutu zituen, eta haien bidez Italiara kantuan ikastera joatea erabaki zuen. Hala, Parmara joan, eta lehiaketa batean parte hartu zuen; hirugarren sailkatu zen. Horri esker, Parmako kontserbatorioan ikasten hasi zen. Baina, I. Mundu Gerra piztu zenean, Berara itzuli behar izan zuen, Parmako kontserbatorioa ospitale bilakatu zelako.

Ereñak azaldu duenez, Fagoagarentzat garai horretan Berara itzultzea porrotaren seinale izan zen, hasten ari zen ibilbidea gudaren eraginez eten zelako. Garai hartan hasi zen Iruñeko Orfeoian abesten. Mendigutxiak azaldu duenez, kolaborazio horretaz ez da inor oroitzen; «ahanzturan gelditu da».

Barojatarrek egindako gomendio baten bidez, Madrilgo beka bat lortu, eta berriz ere ikasketekin jarraitu zuen Fagoagak. 1919an debutatu zuen Gran Teatro antzokian, Sanson eta Dalila operarekin. Horrekin berriz ere Italiako ateak ireki zitzaizkion. «1921ean debutatu zuen Walkyrya operan abestuz, Napolin. Garai hartan, Italian Wagnerren obrak abesteko gaitasunik zuen abeslaririk ez zegoelako debutatu zuen», dio Ereñak. Arrakastaren hasiera izan zen, eta 1937ra arte, 26 urtez bata bestearen atzetik pilatu zituen.

Gernika bonbardatu zutenean, abesteari utzi, eta bere bizitzaren zati bati uko egin zion Fagoagak. Donibane Lohizunera (Lapurdi) erbesteratu zen. Orduan hasi zen «benetako bokazioa» zena lantzen: idazten. «Fagoagak beti erraten zuen abeslaria baino lehenago idazlea zela», azaldu du Medigutxiak. Orduan idatzi zituen Pedro Garat abeslariaren eta haren aita Domingo Garaten biografiak. Garaiko intelektualekin ere hasi zen harremana izaten, Jose Antonio Agirrerekin, Jesus Guridirekin, Pablo Sorozabalekin edota Martin Ugalderekin, esaterako.

1953an, berriz, Buenos Airesera joan zen bizitzera. Baina, hamaika urte pasatu eta gero, Donostiara joan zen, eta han bizi izan zen hil arte. Ereñak ez daki zergatik ez zen Berara bueltatu. «Idazten jarraitzen zuen, eta leku on bat behar zuen horretarako. Nahiko urbanoa izan zen beti, eta pentsatzen dut liburutegiak eta artxiboak behar zituela».

Museoa jomugan

Berako kultur etxeko erakusketan, Iruritan urte luzez gordeta egon diren objektu batzuk ikus daitezke. Mendigutxiak azaldu duenez, operetako jantziak, armadurak eta kaskoa erakutsi aurretik zaharberritzeko lanetan aritu dira zenbait teknikari. Haiek jakinarazi diete erakusketan ikus daitekeen makillaje kaxa «altxor» bat dela. Tenorraren halako beste hamaika bitxikeria ditu haren sendiak gordeta, oraindik.

Berako pertsonaia esanguratsuenen ondarea eta haien ekarpena zabaltzeko, museo bat jarri nahi dute martxan erakusketa antolatu duen taldeak. Barojatarrak eta Errandonea anaiak aipatu ditu, besteak beste, Mendigutxiak. Berako Ilekueta auzoko baserri bat hautatu dute museoa kokatzeko, eta orain jabearekin negoziazioetan ari direla aitortu du. Oraingoz, bi aldeen jarrerak aldendu xamar daude. Dena den, bai Ereña eta bai Mendigutxia pozik agertu dira Nafarroako Gobernuak, apurka bada ere, urteetan gordeta egon den Fagoagaren ondarea zaharberritzen laguntzen hasiko delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.