Sabelera itzuli

Arnasa hartu eta ur azpian 120 metrora murgildu edota arnasari 11 minutuz eusteko gai diren pertsonak daude. Apneistak dira, eta gehiago mintzo dira lasaitasun eta gozamenaz, arrisku edo beldurrez baino.
Miguel Lozano, ur azalera iristen.
Miguel Lozano, ur azalera iristen. BERRIA

Imanol Magro Eizmendi -

2015eko azaroak 17
Bete urez sukaldeko harraska. Sartu burua eta arnasari eutsi. Berehala bihotz taupadak %25 jaitsiko zaizkizula sumatuko duzu. Lasai, ugaztunen erreflexua da, gorputzaren mekanismo bat da, eta masailek uraren kontaktua nabaritzean aktibatzen da. Ikertuta dago, ez da ezer pasatzen. Neurtu zenbat denbora irauten duzun burua atera arte. Ez tematu gehiegi, ez du merezi arriskatzea, ez baituzu munduko marka hobetuko. Zein da marka bada? 11 minutu eta 35 segundo gizonezkoetan eta 9 minutu eta bi segundo emakumezkoetan. Nola da posible? «Teknikak daude ikasteko. Guk ikastaroak ematen ditugu, eta lehen egunean ikasleek asko egiten dute aurrera. Niretzat lehen lau minutuak plazera dira, baina hurrengoetan asko sufritzen dut diafragmaren kolpeekin», Miguel Lozanoren (Montgat, Herrialde Katalanak, 1979) hitzak dira. Munduko apneista onenetarikoa da, arnasaldi bakarreko urpekaria, eta, egun, munduko txapeldunorde da sakonerako bi modalitatetan. Sukaldeko proba egingo balu, berak zortzi minutuz eutsiko lioke.

Urpekaritza gizakiaren jakin-mina bezain zaharra den arren, apnea kirol gaztea da. 1950ean hasi zen garatzen, baina pauso handienak azken hogei urteetan eman ditu. Itsasoko modalitateak dira ezagunenak, baina igerilekukoak ere badaude. Euskal apneista bakarretako bat da Erea Lopez (Ordizia, Gipuzkoa, 1988). Bere garaian lehiatu zen, baina utzia du, eta orain apnea ikastaroak ematen ditu. Plazerez murgiltzen da; horixe da hitz zehatza. «Arnasari eutsi, eta hasierako bi minutuen larritasunaren muga pasatuz gero, gozamena da. Hurrengo hiru minutuak plazera dira. Apnea estatikoa —igerilekukoa— meditazio moduko bat da, barne bidaia bat, eta jendea urruntze maila handietara iristen da. Arriskua gehiegizko plazerean datza». Lopez 5.45 iraunikoa da ur azpian. Igerileku markek, baina, ez dute sakonerakoen sonik, entrenamenduaren zati dira. Apnea, bereziki, itsas kirola edo lakuko kirola baita, eta erronka, sakonera.

Lozano 117 metroraino jaitsitakoa da arnasaldi bakarrean. Gorputza mugara eramaten du, han behean presioa ur azalean baino hamahiru aldiz handiagoa baita eta gorputza zanpatzen du. «Ez dut minik nabaritzen. 100 metroetatik behera, beso eta hanketako zainak estutzen direla nabaritzen dut, odola biriketara doalako. Bihotza astiroago doa, eta birikak txikitu egiten dira». Sekretua presioaren aurka ez borrokatzea da. «Ura izan behar duzu. Lasai bazaude gorputza konprimituko da, eta presioa indartsuagoa dela onartu behar duzu». Lopezen sakonera marka 40 metrokoa da, 50 hegalekin. Beste ikuskera bat da, eta beste gako bat nabarmendu du. «Fisikoki ondo egon behar duzu, noski, eta entrenatu, baina, nire ustez, kirol honetan, errendimenduaren %80 psikologia da».

Kristala hautsi, plastikoa ez

Psikologoa nola? Beldurrari eusten, besteak beste. «Larritasunaren muga pasatu eta konfiantza hartzea garrantzitsua da. Minutu bat ur azpian egonda, arnasa hartzeko gogoa duzu, baina ez duzu kontrakziorik diafragman. Ez da oxigeno premia, gorputzak karbono dioxidoa botatzeko duen gogoa baizik. Baina muga hori pasatuz gero, ikusten duzu: «ondo nago». Lasaitu egiten zara; alarma jaitsi da», azaldu du Lopezek.

Ikastaroetan ikasleek hori sinets dezatela da lehen pausoa, azalpen onekin, eta gero euren azalean suma dezatela. Lozano grafikoa da: «Burua moztu eta 120 metrotan sartzen bazaituzte gorputza egokituko da. Baina burua jartzen badizute, larri sentituko zara, eta horrek gogortuko zaitu. Lasai bazaude, plastikozko botila huts bat zara, eta asko estutu arren, ez zara hautsiko. Gogortuta, aldiz, kristalezkoa, eta hautsi egingo zara».

Amateur eta errekor bila dabiltzanen jarduna ezberdina da. Lopezentzat plazer iturri da. «Gorputz eta buruan lasaitasun handia lortzen dut. Behean dena doa ondo. Uretan baino gehiago, zure barnean murgiltzen zara. Itsasoa gainera ez da isil-isila. Sufrimendua mugetan dago, eta jendeak badaki non dituen». Lozano, aldiz, eremu horretan dago. «Ni beherantz noanean ezin dut dena erabat ahaztu. Nire jardunean kontzentratzen naiz: zer egiten ari naiz, nola...». Izan ere, apnean borroka bat dago: arnasa hartzeko beharra ez hartzearen borondatearen aurka. «Ikasketa prozesu bat da. Nik zerbait ikasi eta 200 aldiz egiten badut, alarma egoera jaitsi egiten da, kontua beldurrak arrazionalizatzea da. Beldurrez ezin zara jaitsi, gorputza estu dago eta oxigeno gehiago kontsumitzen duelako».

Lozano 2006an hasi zen apnearekin, eta egungo markak egokitze psikologiko eta fisiko baten prozesu luze baten ondorio dira. Teknika ere beharrezkoa da, beso eta kolpe bakoitzarekin ahalik eta oxigeno gutxien kontsumitzeko. Gako handietako bat, dena den, konpentsatzen jakitea da. Zer da hori? Lopezek ondo azaldu du: «Behera egin hala, eta presioaren eraginez, tinpanoa barrurantz sartzen da, eta hautsi egin daiteke. Horretarako airea bidali behar duzu belarri zuloetara. Ikasi egiten da. Mihiarekin bidaltzen da, aurpegiko aire zuloetatik, diafragmatik...». Lozanok dioenez, arreta konpentsazio tekniketan jartzea lagungarria zaio murgiltzen denean kontzentratzeko.

Beldurrarekin ezin da apnea egin, gorputza erabat tenkatzen duelako. Beraz, zuhurtziak ordezkatzen du. «Arriskua badago, baina jakitun gara. Sustoak mugak bilatzean iristen dira. Zure mugak non dauden baldin badakizu, zaila da sustoak edukitzea. Neurri zorrotzak hartu behar dira: besteak beste, inoiz ez bakarrik joatea. Begira, urpekaritza, aire bonbonarekin, arriskutsuagoa da». Lozanok bat egiten du: «Urpekari askoz gehiago hiltzen dira apneistak baino. Baita estatistikoki ere. Deskonpresioa, materiala... Arrisku handiagoa da. Segurtasun neurriak errespetatuz gero, zaila da zerbait pasatzea». Txapelketetan Lozano bakarrik jaitsi eta igotzen da. Segurtasun buzoak 40 metroko sakoneran izaten ditu zain.

'Sanba', sinkopea...

Apneisten arrisku nagusiak bi dira: sanba eta Black Out, edo sinkopea. Biak ur azalera iristean pasatzen dira, presioa gutxitu eta birikak zabaltzen direnean. Biak, gainera, gorputzaren defentsa mekanismoak dira, oxigenoa birbideratzen duelako. Sanba beso eta hanken kontrola galtzea da, oxigenoa biriketan zentratu eta garunera ez delako iristen. Jasan dutenek ez dute zerbait traumatiko gisa gogoratzen. Sinkopea antzeko prozesua da, baina, larriagoa, konortea galtzen delako. Karbono dioxidoaren pilaketaz garuna deskonektatu egiten da oxigenoa bizirik irauteko beharrezkoak diren organoetan zentratzen delako. Ohikoak dira txapelketetan, eta kaltetuak, normalean, goiz suspertzen dira. Burmuin kalte larria 3-4 minutu pasatutakoan hasten da. Bi kasuetan arrisku handiena itotzea da; horregatik dago debekatuta bakarrik murgiltzea.

Apnea kirol berria da, eta ez da erraza esaten non dauden mugak, baina Lopezen ustez, gertu daude. «Duela 50 urte medikuek zioten ezin ginela 40 metrotik behera jaitsi, eta begira... Eboluzio bat egongo da, baina, hein handi batean, teknologikoa izango da. Tranpatxoekin eta, adibidez botila batekin jaitsi airea gorde eta handik xurgatuz. Nik uste dut mugak gertu daudela. Dena den, niri ez zait eredu lehiakor hori gustatzen; nik aisialdiko apnea aldarrikatzen dut, jaitsi eta urarekin gozatzea».

Lozano, aldiz, lehia horretan murgilduta dago. «Jendea jaitsi izan da 250 metrora zamarekin, eta gorputza egokitu egiten da. Gakoa oxigeno kontsumoa da, behera eta gora egiteko behar dena, eta egokitzea». Munduko txapeldunordeak hausnarketa polit batekin borobildu du azalpena: «Mugak ezartzea zaila da, apnea uste dugun baino naturalagoa delako. Gu ia guztiz gara ur —gorputzaren %75 jaioberritan eta %65 helduetan—, eta jaio aurretik bederatzi hilabete egiten ditugu likido amniotikotan murgilduta. Urarekin bat egin behar dugu: amaren sabelera itzuli».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna