Itzulpen politika ondo zehazteak «lehentasuna» izan behar duela dio EIZIEk

Itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen ofizioaren aldeko aldarria kaleratu zuen atzo elkarteak, Itzulpenaren Nazioarteko Eguna zela gogoratuz

Mikel Garmendia eta Karlos del Olmo, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Herrialde bateko erakundeek, kulturaren alorrean, «erabateko lehentasuna» eman behar diotela «itzulpen-politika ondo zehaztuta edukitzeari eta horretarako baliabideak jartzeari» aldarrikatu zuen atzo, irailak 30, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak. «Bestela esanda, ondo definitua izan zer, nola, nork, zein baldintzatan... itzuli behar den gurea ere kultura-hizkuntza izan dadin eta, behin horiek definituta, behar besteko baliabideak jarri hori guztiori gauzatzeko». Itzulpen politika «ondo zehaztu eta eraginkorrik gabe» ezin da aurrera egin, EIZIEren ustez. «Eta zer esanik ez, guk bezala, hizkuntza minorizatua duten herrialdeetan».

Mikel Garmendia EIZIEko lehendakariak irakurri zuen Gure ofizioaren aldarria testua kazetarien eta elkarteko hainbat kideren aurrean, prentsara zabaldu aurretik. Agiria aurkeztean, Karlos del Olmo izan zuen ondoan, EIZIEko kide eta Senez aldizkariko zuzendaria. Hala Garmendiak nola Del Olmok adierazi zuten euskararen normalizaziorako egin beharreko urratsak aztertzean ezinbestekoa dela itzulpengintza ere aintzakotzat hartzea. «Izan daiteke aparteko atal gisa, edo azterketa globalean integratuta, baina, aldez edo moldez, kontuan hartu beharra dago», adierazi zuen Garmendiak.

Eusebio Hieronimo Estridongoa —San Jeronimo katoliko eta ortodoxoentzat— 420. urteko irailaren 30ean hil zela gogoratuz ospatzen da Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna iraileko azken egunean. Biblia itzulita, Vulgata atondu izanaren meritua egozten diote historialariek.

361 bazkide

EIZIE elkarteak 28 urte beteko ditu azaroan, eta 361 bazkide ditu egun. EIZIEk kaleratzen duen aldizkaria, Senez, lehenagokoa da, 1988koa, eta aldizkariaren 46. zenbakia aurkeztu zuen atzo aldizkariko zuzendariak, Karlos del Olmok. Senez argitaratzeaz ez ezik, Literatura Unibertsala bildumaz, ItzuL posta zerrendaz, 31 eskutik blogaz, NdN Euskal Itzulpengintzaren datu baseaz eta www.eizie.eus webguneaz ere arduratzen da EIZIE.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.