Sanferminak Iruñean. Javier Solano. TVEko entzierroetako esataria

«Entzierroa bortitza da, ederra...; airean dago tragediaren mamua»

Entzierroko esatari gisa 22 urte pasatu ondoren, azken hiru urteak telebistatik at eman ditu Solanok. Aurten bueltatu da TVEko emanaldietara. 'Entzierroaren ahotsa' esaten diote.

SAIOA ALKAIZA.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Entzierroaren ahotsa ezizenez egin da ezagun Javier Solano (Lerin, Nafarroa, 1958). 22 urtez TVEko entzierroko esataria izan ondoren, hiru urteko atsedena hartu zuen. Orain, berriz ere bueltatu egin da, gehien gustatzen zaiona ahalik eta ongien egiteko: entzierroaren gakoak azaltzeko. Kafetegi batean elkartu gara. Kafe eta patxaran artean, Iruñeko lasterketa famatuenaren zirrikituetara hurbildu gaitu.

Entzierroaren ahotsa ezizenez egin zara ezagun.

Kazetari gisa, politika landu dut, ekonomia... baina beti ezagutzen naute entzierroko esataria izateagatik. Azken finean, nire gaia da. Garrantzitsuena ez da ikusten dena kontatzea, baizik eta zergatik pasatzen den ulertzeko gakoak eskaintzea.

Nola hasi zinen entzierroko emanaldietan esatari lanetan?

Telebistan lanean 30 urterekin hasi nintzen, 1987an. Nagusiak jakin zuen entzierroko korrikalaria nintzela, eta urtebetera niri enkargatu zidan emanaldia. 1988. urtean hasi nintzen.

Korrikalari gisa ere jarduna zara, beraz.

15 urterekin hasi eta 30 urterekin utzi nuen; entzierroan korrika egitea eta aldi berean esatari lana egitea ezinezkoa baitzen!

TVEn 22 urtez entzierroko esataria izan eta gero, utzi egin zenuen. Gai polemikoa da hori: batzuek diote diru gehiago eskatu eta eman ez zizutelako alde egin zenuela; beste batzuek, aldiz, TVEk entzierroei ematen zien trataera gustuko ez zenuelako.

Ez zen diru kontua izan. Guk Iruñean nahi bezala egiten genituen entzierroen emanaldiak, ez katearen Madrilgo aginpideei jarraiki. 2007an hori aldatu egin zen; Cuatro katea ere entzierroak ematen hasi zen, eta horrek eragin zuen TVEk entzierroak lantzeko era aldatzea. Madrilgo aginduak jaso genituen programa egiteko, ordura arte batere inporta izan ez zitzaiena aldatu nahi zuten. Magazinea egin nahi zuten, morboa nahi zuten. 2010era arte iraun nuen, baina gero utzi egin nuen. Ez nuen programa horrela egin nahi.

Orain, hiru urteko atsedenaren ondoren, berriz ere esatari gisa zabiltza TVEko entzierroari buruzko saioan.

Aurten, zin egin zidaten baldintzak aldatuko zirela. Aldatu dira, baina ez asko. Gauza pila ez zaizkit gustatzen: iraupena, zenbait eduki… Neure esku balego, programa asko aldatuko litzateke.

Nolakoa da zure lan jarduna?

06:15ean, programa prestatzen hasten naiz. Bukatutakoan, Maisonnave hotelean entzierroari buruzko tertulia izaten dut, 09:00etatik 10:00etara. Gero, TVEn berriz kontatu behar izaten dut goizeko programan. Ondoren, albistegirako entzierroaren narrazioa egiten dut. Hori bukatuta, RNEn berriz kontatzen dut. Gero, Navarra Televisionera joaten naiz, berriz ere entzierroari buruz hitz egitera.

Egunean zenbat bider azaltzen duzu entzierroa?

Zortzi aldiz bai, behintzat.

Ikusle pila batek ikusten du entzierroa telebistan. Ardura handia da esataria izatea?

Bai, baina ez naiz batere urduri jartzen. Entzierroa erakargarria da. Lasterketa bortitza da, ederra, azkarra. Tragediaren mamua airean dago beti, eta horrek ikuslea bereganatzen du.

Ba al dago interesik gabeko entzierrorik?

Galdeiozu zezenaren ondoan dagoen korrikalariari ea entzierro gatzgaberik badagoen! Ez ba! Denek dute xarma. Momentuan bertan akaba zaitzakeen animalia baten ondoan egotea latza da.

Momentu zailak ere pasatuko zenituen entzierroak azaltzen.

Pentsa! Anaia, semea, ilobak...denak dira lasterkariak. Nik ez dut emanaldiarengatik sufritzen, korrika egiten ari direnengatik baizik. Halakoetan, baina, profesionaltasunez jokatu beharra dago, eta lagunen bat korrika egiten larri ikusita ere, lanean jarraitu behar duzu, serio.

Une bitxirik izan al duzu esatari lanetan?

Behin, konexioa joan zitzaigun, eta entzierroa hasteko minutu bakarra falta zenean pareko pantaila beltz geratu zen, konexiorik gabe. Halakoetan, segitu egin behar duzu, ez dago besterik. Beste behin, entzierroan oso ongi ibili zen neska bati buruz hizketan pasatu nuen saioa. Bukatu, eta mutil bat zela ikusi nuen! Gainontzeko hedabide guztiek nik neska bati buruz hitz egin nuenez, gauza bera errepikatu zuten. Programa bukatuta, kontu eske etorri zitzaidan, eta orain lagunak gara.

23. urtea da aurtengoa. Aldaketa asko egon al dira entzierroa lantzeko eran?

Berrikuntza teknikoak, bai, baina, egia esan, ez dute erroko deus aldatu.

Zu entzierrozale amorratua zara. Zer iruditzen zaizu entzierro eta zezenketen kontrako mugimendua?

Zezenketak oso aspergarriak iruditzen zaizkit; bertan eserita egotea, deus egin gabe, bero egiten du, luzea da..., baina ez nago kontra. Entzierroa, aldiz, oso polita iruditzen zait. Gainera, entzierroan zezenek ez dute sufritzen, ez zaie deus egiten. Ez dago animalien aurkako indarkeriarik. Lasterkariek sufritzen dute gehien.

Entzierroa gora eta behera ibiltzen zara egunosoan... Sanferminetan besterik egiten al duzu?

Bai, oso sanferminzalea naiz. Asko ateratzen naiz. Ni ez naiz sanferminetan Saloura joaten diren horietakoa! Gauero egoten naiz lagunekin afaltzen. Nahi gabe 03:00ak jota etxeratzen naiz, eta 06:00etarako lanean egon behar izaten dut. Gaupasa eginda ere eman izan dut entzierroa... Eta ez behin bakarrik, e!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.