Mendebaldeko gizartearen erradiografia

Bi denboraldi arrakastatsuren ostean, 'Mr. Robot' azken urteotako telesailik berritzaileena hemen da berriro ere
BERRIA

Ander Perez Zala -

2017ko urriak 14
Mr. Robot telesaila 2015eko udan estreinatu zuten AEBetako USA Network katean, eta berehalako arrakasta izan zuen. Bi urte eta bi denboraldi igaro dira harrezkero, eta Sam Esmailen obra egungo telesailik interesgarrienetako bat bilakatu da, haize freskoa eta originaltasuna ekarri baititu etxeko pantailetara. Asteazkenean estreinatu zuten hirugarren denboraldia. Bi urte horietan, hamaika zorion eta sari garrantzitsu andana erdietsi ditu telesailak, tartean Urrezko Globoak eta Emmy sariak. Hackerrak, iraultzarako beharra, kapitalismoarekiko kritika, denetik du Mr. Robot-ek; dena, thriller psikologiko batean nahasita. Mendebaldeko gizartearen erradiografia da.

Lehen atala besterik ez zuen behar izan telesailak udako eta urteotako produkturik interesgarriena dela frogatzeko, baita ikuslea erabat erakartzeko ere. Kritika politikoa, giro iluna, musika itogarria, hori guztia irudikatzen eta ordezkatzen du pertsonaia nagusiak, Elliot Andersonek —Rami Malekek antzeztua—; E-Corp enpresako langilea da egunez, hackerra gauez. Oso pertsona berezia sortu du Esmailek: bakartia, depresioan eta antsietatean murgiltzen dena; gutxi balitz bezala, errealitatea eta fikzioa desberdintzeko arazo larriak ditu. Testuinguru pertsonal horretan, mundua aldatu nahi duen fsociety hacker taldean sartuko da.

Potentzia ekonomikoek eta mediatikoek biztanlerian duten eragina aztertzen du Mr. Robot-ek lehen denboraldian, iraultzaren beharra indartzeko; betiere, Andersonen arazo pertsonalak alde batera utzi gabe, hori baita telesaila hain erakargarri egiten duen puntuetako bat. Barne gatazkak. Bigarrenak, berriz, lehen denboraldiko ekintzen ondorioetan jartzen du fokua.

Hain justu, egoera oso larri batean amaitu zuen Andersonek bigarren denboraldia, eta estreinatu berri den atal sortak pertsonaia nagusiaren patua zein den ezagutaraziko du, Esmailek jakinarazi duenez. Errealitatetik gehiago aldentzen ari da, ala bere onera itzuliko da? Hainbat dira galderak. Ordea, orain artekoari eutsi, eta litekeena da denboraldiak ikusleari, erantzunak eman ordez, galdera gehiago sorraraziko dizkiola. Horren adibide da hirugarren denboraldiaren trailerra: pertsona desberdina bilakatzeaz, mundu mailako hondamendiez eta aldaketez ari da USA Network-ek kaleratutako bideoa.

Gaia erakargarria da; estetika eta planoak, are gehiago. Hain justu, David Fincherren The Fight Club filma inspirazio iturri argia du telesailak, eta antzekotasunak nabariak dira edozein atal ikusterakoan. Antzekotasunak antzekotasun, Mr. Robot azken urteotako telesailik berritzaileena da, zalantzarik gabe.

'MR. ROBOT'

Sortzailea: Sam Esmail.

Aktoreak: Rami Malek, Christian Slater, Carly Chaikin, Michel Gill, Gloria Reuben, Martin Wallström, Grace Gummer.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2015etik aurrera. Hirugarren denboraldia asteazkenean estreinatu zuten.

Non ikusi?: Movistar+ eta France 2.

Atal bakoitzaren iraupena: 44 minutu.

Generoa: Drama. Thriller.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna