Telesailak

Fedearen gatazkak

'The Path' telesailaren hirugarren denboraldia estreinatu dute
BERRIA

Ander Perez Zala -

2018ko urtarrilak 20
Netflixen arrakastaren ondorioz, oharkabean pasatu dira kalitateko beste hainbat ekoizpen; izan ere, konpetentziaren ekoizpen nabarmenek merezi adina oihartzun ez izatea lortu du streaming zerbitzu horrek. Hulu katearen obrak dira horren adibiderik garbienak —hori ere streaming zerbitzu bat da—; The Handmaid's Tale izan da salbuespen bakarra, baina aurretik estreinatu zuten The Path telesailak argi erakutsi du zaila dela haientzat publiko zabalarengana merezi bezala iristea.

Meyerismoa deituriko erlijio mugimendu bateko kide da telesaileko familia protagonista. Abiapuntu gatazkatsua du: Hego Amerikara egindako bidaia batetik bueltan, Eddie pertsonaia nagusiak gero eta zalantza gehiago ditu fedearen eta mugimenduaren izaeraren inguruan. Zalantzek eragina izango dute ingurukoekin dituen harremanetan, besteek harekin duten konfiantza eta errespetua zalantzan jartzeraino. Eddie ohartuko da kultu batean sartuta dagoela, eta mugimenduaz duen iritzia belzten hasiko da. Sarah emaztea mugimenduaren jarraitzaile sutsua da, eta ohartuko da zerbait aldatzen ari dela; horrek ondorio eta eztabaida lazgarriak sortuko ditu bien arteko harremanean. Atalez atal, gatazka pertsonal horrek izango duen eboluzioaren lekuko izango da ikuslea. Bitartean, FBIko agente bat bere nagusiak konbentzitzen saiatuko da, taldean infiltratzen utz diezaioten; haren ustetan, kriminalak dira, gizartearentzako arriskutsuak.

2016an estreinatu zuten lehen atala, eta ikusmin handia sortu zuen. Telesail motela izan daiteke batzuentzat, istorioek denbora behar dutelako behar bezala garatzeko, baina aurreko bi denboraldiek frogatu dute merezi duela pazientzia izatea. Asteazken gauean ekin zioten hirugarren sasoiari, orain arte garaturiko botere gatazkaren inguruan sakontzeko; tentsioak, ohi bezala, gora egingo du etenik gabe.

The Path-en alderik indartsuena da gaia nola tratatzen duen, nola sakontzen duen pertsonaia bakoitzak dituen auzietan, haien bizi estiloan eta transmititu nahi duten filosofian eta ideietan. Gizakien arteko harremanen izaera eta psikologia dira aztergai nagusiak; zerk lotzen gaituen, eta zerk bereizten. Ia telesail guztia dago elkarrizketetan oinarrituta, eta aktoreen lan ikaragarriak mezuen indarra areagotu besterik ez du egiten. Hiru aurpegi ezagunek antzezten dituzte pertsonaia nagusiak: Aaron Paulek (Breaking Bad-eko Jesse Pinkman) Eddie senarra antzezten du; Hugh Dancyk (Hannibal-eko William Graham) Cal, mugimenduko burua, eta Michelle Monaghanek (True Detective-ko Maggie Hart) Sarah, emaztea. Haien artean egiten du aurrera istorioak.

Denetarik nahasten du telesailak koktel berean, eta emaitza indartsua lortzen: errealismoa eta magia, sinesmena, jainkoenganako begirada eta gizabanakoen borrokak. Familia bati buruzko drama bat da lehen begiratuan, baina horren atzean fedeari buruzko drama eraginkor bat dago. Fedea, kultuaren ikuspuntutik.

'THE PATH'

Sortzailea: Jessica Goldberg.

Aktoreak: Aaron Paul, Michelle Monaghan, Hugh Dancy, Patch Darragh, Rockmond Dunbar, Sarah Jones, Emma Greenwell.

Herrialdea: AEBak.

Urtea: 2016tik aurrera.

Non ikusi: Amazon Prime.

Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu. Hirugarren denboraldia estreinatu dute aste honetan.

Generoa: Drama.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna