Telesailak

Ezaguna ez den «mundu bat»

Inoizko aktore transgenero gehien izango da 'Pose' telesailean
Ekainaren 3an estreinatuko dute <em>Pose</em> telesaila.
Ekainaren 3an estreinatuko dute Pose telesaila. BERRIA

Ander Perez Zala -

2018ko maiatzak 26
1980ko hamarkadan girotua dago Pose telesaila, eta New Yorkeko egunerokoaren eta gizartearen arteko fusioa aztertzen du: ball culture deiturikoa —AEBetako LGTBQ azpikulturako txapelketak, non parte hartzaileak epaitzen zituzten dantzaren eta itxuraren arabera—, Trumpen garaiaren sorrera, eta auzi sozial eta literarioen unibertsoa, besteak beste. Evan Peters eta Kate Mara aktoreek antzezten dituzte rol protagonistak, Stanena eta Pattyrena; biak guztiz liluratu ditu hiriko xarmak eta, jakin-minak bultzatuta, New Yorken murgilduko dira. James Van Der Beekek antzezten du beste protagonista, Peter, Stanen mafiaburua dena. Aktore ezagun horiez gain, antzezlari zerrenda nabarmentzen da fikziozko telesail batean inoiz izan den aktore transgenero eta LGTBQ aktore gehien izango duelako, 50 inguru, horietako asko istorioko rol garrantzitsuetan —sei hilabete behar izan dituzte aktoreen hautaketa egiteko, eta herrialde osoan izan dira horretarako—. Tartean daude Mj Rodriguez, Dominique Jackson, Indya Moore, Hailie Sahar, Angelica Ross, Charlayne Woodard eta Tony sariaren irabazle Billy Porter. Ekainaren 3an estreinatuko du FX kateak zortzi ataleko denboraldia, eta hurrengo egunean izango da ikusgai mundu osoan, HBOren bidez.

Proiektuaren sortzaile eta gidoilari nagusia AEBetako telebistako pertsona ezagun bat da: Ryan Murphy. Nip/Tuck, Glee, American Horror Story, American Crime Story eta Feud azken urteotan sona handia izan duten telesailen bultzatzailea eta sortzailea izan da, eta esperientzia horrek ahalbidetu dio sortzen duen produktu bakoitzak zeresan eta oihartzun handia izatea. Oraingoan, Pose-rekin lortuko dituen etekin guztiak LGTBQ kolektiboaren eskubideen alde borrokatzen diren erakunde eta taldeei emango dizkie; izan ere, Murphyren helburua da gutxiengo horiei ahotsa eta protagonismoa ematea, telesailaren bitartez. «Trumpen administrazioak eraso egiten dio gure komunitateari. Zer edo zer baikorra jarri nahi nuen», adierazi zuen Murphyk ekitaldi batean. Eta helburu argi bat du: «Jendea heztea, ezagutzen ez duten mundu berri batean sartuz».

Aktore transgeneroen kopuruarekin errekorra gainditzeaz gain, Murphyk eta haren ohiko kolaboratzaileek aktore berriak ere jarriko dituzte kamera aurrean, aurrez esperientziarik izan ez dutenak. Udan telesail gutxi estreinatu ohi da, eta hori abantaila da Pose-rentzat eta izan dezakeen arrakastarentzat, ikusmin handia sortu baitu, eta katea bere produktu izar gisa saltzen ari baita. Eta, Murphyren azken urteotako telesail guztiak bezala, AEBetan hain garrantzitsu diren sarietarako hautagaitzat dute jada.

«Produktu berria» izango dela hitzeman dute sortzaileek, pantaila txikira gutxitan eraman den gai batean sakonduko duelako: «Telesaila egiazkoa izateari buruzkoa da, eta aukerak sortzeari buruzkoa».

'POSE'

Sortzaileak: Ryan Murphy, Nelson Cragg eta Silas Howard.

Aktoreak: Indya Moore, Kate Mara, Jeremy McClain, Evan Peters, Angelica Ross, Ryan Jamaal Swainl.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2018.

Non ikusi: HBO.

Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.

Generoa: Drama. Musikala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna