Sanferminak Iruñean. Juan Luis Etxaburu. Karrikiri euskara elkarteko lehendakaria

«Egunerokotasunean euskara bultzatzea da gure benetako erronka»

Orain dela 18 urte sortu zuten Karrikiri elkartea, Iruñean euskara eta euskal kulturaren alde egiteko. Sanferminetan ere lanean dihardute, euskararen presentzia bermatzeko.

SAIOA ALKAIZA.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Arropa zuria, zapi gorriak eta euskara. Elementu bateragarriak, Karrikiri euskara elkartearen iritziz. Izan ere, sanferminetan ere Iruñea hiri euskalduna izan dadin lan egiten dute bertako kideek. Juan Luis Etxaburu (1952, Ondarroa) elkarteko lehendakariak eman digu haien egitasmoaren berri, Xabier kaleko Karrikiri dendan, euskarazko produktu eta garagardo artean.

Ondarroarra izanik Iruñeko euskara elkarteko lehendakaria zara. Ez al da kuriosoa?

Jada 34 urte daramatzat Iruñean bizitzen; eta orain dela 18 sortu genuen elkartea. Hasieratik nabil Karrikirin.

Euskararen alde lan egiten duzue, baina zehazki zer egiten du Karrikirik?

Jendea euskaraz bizi dadin kontzientzia sortu nahi dugu. Horretarako, euskal produktuak saltzen dituen denda bat daukagu, merkataritza euskalduntzekoegitasmoa, etxekide euskaldunak bilatzeko zerbitzuak, lan poltsa eta itzulpen zerbitzua.

Eta sanferminetan?

Denda irekitzen dugu; euskal kulturara hurbildu nahi dutenentzat txoko bat zabaltzen dugu. Horrez gain, atun jana ere egiten dugu.

Zer egiten duzue atun janean?

Atunaren inguruan antolatzen da dena, eta etortzeko baldintza bakarra da jendeak harremanak euskaraz egitea. Berezia zen zer edo zer egin nahi genuen: txantxa moduan hasi zen dena, eta jada 18. aldia da. Hasieran, jende gutxi etortzen zen, eta orain, tokirik gabe geratzen gara!

Horrez gain, euskal kulturak ba al du tarterik sanferminetan?

Iruñea eromena da sanferminetan; zenbat jende, eta zenbat kultura batzen diren... Baina, euskaldunontzako badaude gune erreferenteak: Gora Iruñeko jaigunea, Alde Zaharreko tabernak... Iruñea euskal hiri bat da, eta euskal kultura sustraituta dauka.

Dena den, Iruñeko Udalaren egitarauan ez dago kasik euskarazko ekitaldirik.

Ez, udalak ez du ia euskalgintza sustatzen, gutxi, oso gutxi.

Eta gainontzekoan, pankartetan azaltzeaz aparte, euskara aditzen al da kaleetan?

Bai eta ez. Ez eta bai. Kuadrillan erdaldunen bat sartuz gero, zaila da euskara erabiltzea; euskara da halakoetan galtzaile ateratzen dena. Hala ere, gero eta euskaldun gehiago dagoenez, gero eta euskara gehiago aditzen da. Baina sanferminetan oso zaila daerabilpena neurtzea.

Eta etortzen diren turistek ba al dakite Iruñean daudenean Euskal Herrian daudela?

Askok ez. Herri txiki eta zapaldu baten ajeak dira. Horregatik,saiatzen gara dendan euskal kultura ezagutaraztera ematen.

Horren aurrean, zer egin daiteke?

Turistak desagertzen direnean hiria normaltasunera bueltatzen da, eta guretzat bertan dago benetako erronka. Egunerokotasunean euskara bultzatzen.

Balioen krisia, krisi ekonomikoa... euskara ere krisian al dago?

Diru laguntzen galerak asko eragin dio gure elkarteari. Dendari esker mantentzen dugu elkartea bizirik. Iruñeko euskaldunei eskertzen diegu hona etortzea; izan ere, bi gauza egiten dituzte aldi berean: euskal produktuak erosi eta Karrikiriri lagundu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.