Telesailak

'La Zona', istripu baten ondorioak

Sanchez-Cabezudo anaiek kalitate handiko telesaila aurkeztu dute; kritika onak egin dizkiote ikusleek oraingoz
BERRIA

Ander Perez Zala -

2017ko azaroak 11
Badirudi Movistar+ek bere burua desafiatu nahi duela behin eta berriz, gero eta eskaintza hobeak aurkezteko. Telesail serioak sortzeari ekin dio, eta gero eta proposamen erakargarriagoak aurkezten ari da. Hain justu, Espainiako fikzioari falta zaion seriotasuna eta heldutasuna eskaintzeko prest agertu da, eta La Peste telesailaren ostean, La Zona aurkeztu berri du, oihartzun handia izango duen obra. Helburu argia du kateak: kalitatezko telesailak aurkeztea, Europako beste herrialdetako obren mailara iristen saiatzeko. Horregatik, xehetasun guztiak zaindu ditu telesail berrian; istorioak, gainera, ikuslea hasieratik harrapatuko du. Zortzi ataleko lehen denboraldia duela bi aste estreinatu zuen, urriaren 27an, eta dagoeneko sona handia izan du ikusle eta kritikarien artean.

Alberto eta Jorge Sanchez-Cabezudo anaiek sortutako unibertsoa oso aberatsa da, pertsonaia konplexuz eta trama interesgarriz osatua. Izan ere, muturreko egoeretan azaleratzen baitira gizakiaren alde ilunenak. Abiapuntua ere, erakargarria: duela hiru urte istripu nuklear bat izandako gunean gorpu bat aurkitzen dute, zintzilik, norbaiten edo zerbaiten otordu izan ostean; aldi berean, kontrabando trama bat, istripua gertatu zen gunetik sartu eta ateratzen dena; gainera, une batetik bestera argitara aterako den erabaki politiko kaxkar baten berri izango du ikusleak, herritarren haserrea eragin eta gobernuko hainbat politikariren kargugabetzea eragingo duena. Horiek dira, besteak beste, telesailaren ildo narratiboak.

Hiru urte dira istripua gertatu zela, eta, harrezkero, pertsonaia nagusiek beren tokia bilatzeari ekin diote. Hector ikertzaile lanera itzuliko da, polizia gisa; hondamendia gertatu eta gutxira beste 49 lagunekin kutsatutako eremura sartzen lehena izan zen, eta handik bizirik atera zen bakarra. Semearen bila izan zen han, baina ez zuen hura aurkitu. Hilketa ikertzearen ardura izango du, Martinekin batera. Horiez gain, Julia nabarmentzen da; medikua da, eta erradiazioa neurtzeaz arduratzen da.

Movista+ek ez du aurrekontuaren berri eman, baina agerian geratu da apustu handiko obra dela, eta inbertsioa handia izan dela, anbizio handiko proiektua. Kokagune ikaragarriei gehitzen zaie Espainiako aktore ezagunetariko asko: Eduard Fernandez, Manolo Solo, Alexandra Jimenez, Luis Bermejo, Luis Zahera, Emma Suarez eta Sergio Peris-Mencheta. Thriller gisa definitu du telesaila Movistar+eko fikzioen arduradun Domingo Corralek. «Lehen aldia da Espainian mota honetako istorio bat kontatzen dena. Ez da zientzia fikzioa, ez du mundu apokaliptiko baten ezaugarririk».

Sanchez-Cabezudo anaiek fikzioa maila berri batera eraman zuten Crematorio telesailarekin, askorentzat Espainian egindako obra onenarekin. Oraingoan, heldutasun handiko obra berria aurkeztu dute, aurrekoaren maila gailendu dezakeena. Kalitatezko produktu gutxi daude Espainiako fikzioan; salbuespenetako bat da La Zona.

'LA ZONA'

Sortzailea: Alberto Sanchez-Cabezudo eta Jorge Sanchez-Cabezudo.

Aktoreak: Eduard Fernandez, Manolo Solo, Alexandra Jimenez, Luis Bermejo, Luis Zahera, Emma Suarez, Sergio Peris-Mencheta.

Herrialdea: Espainia.

Urtea: 2017tik aurrera. Urriaren 27an estreinatu zuten zortzi ataleko lehen denboraldia.

Non ikusi? Movistar+.

Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.

Generoa: Drama. Thrillerra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna