Albistea entzun

Datorren asteko estreinaldiak

Estetika japoniarra eta animalien politika

Wes Anderson zuzendariak bigarren animazio filma egin du: 'Isle of Dogs'. 'Stop motion' teknika erabili du berriro
Txakur gripearen izurritearen ondorioz, txakur guztiak irla batera eramango dituzte.
Txakur gripearen izurritearen ondorioz, txakur guztiak irla batera eramango dituzte. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gontzal Agote -

2018ko apirilak 14

Estilo baten jabe izan, bada, baina zaila da Wes Anderson zinema zuzendaria genero jakin batean sailkatzea. Itxura naif-eko filmak egin ditu, baina, azpian, film horiek gizarteari zorrotz begiratzen diote. Hala, azken hamarkadotan zuzendariak harribitxi sailkaezin batzuk utzi ditu, hala nola The Grand Budapest Hotel, Moonrise Kingdom, The Royal Tenenbaums edota Life Aquatic filmak.

Batera eta bestera salto egin badu ere, zuzendari estatubatuarra eroso sentitzen da animazioan, eta orain molde horretako bigarren pelikula egin du.

Duela bederatzi urte, Wes Andersonek mundu guztia ahoa bete hortz utzi zuen Fantastic Mr. Fox maisulana egin zuenean; Roald Dahl idazlearen eleberri labur baten gainean eraiki zuen azeri familiaren istorio harrigarria.

Animazio digitala denen ahotan zegoen orduan; hark, ordea, erabaki zuen film bat egitea stop motion teknika erabilita, eta emaitza ezin hobea izan zen.

Isle of Dogs-ekin, zinemagilea stop motion-era itzuli da berriro ere. Aurtengo Berlingo zinemaldian aurkeztu zuen pelikula, eta zuzendari onenaren saria irabazi zuen. Dena den, Andersonek nabarmendu nahi izan duen bezala, halako lan bat talde lan zabal baten emaitza da ezinbestean.

Ez dira hitz hutsalak, jende berarekin lan egitea baita zuzendariaren ohitura. Aktoreen artean, haren pelikuletan ohikoak dira Adrien Brody, Jason Schwartzman, Bill Murray edo Owen Wilson. Oraingoan ez dago hezur haragizko aktorerik, baina, gidoia idazteko orduan, ohiko bi kideren laguntza izan du: Roman Coppolarena eta Jason Schwartzman berarena. Haiekin batera, Kunichi Nomura ere aritu da istorioari forma ematen.

Eragin ugari

Izan ere, Isle of Dogs Japonian dago girotuta. Ez du leku zehatzik aukeratu filmerako, baina kultura eta estetika japoniarraren osagaiez atondu dute dena. Akira Kurosawa eta maisu japoniarren mireslea da Wes Anderson, eta istorio honekin haiengandik ikasi dituen hainbat gauza eraman nahi izan ditu pantailara, ukitu propioa emanda. Era berean, Hokusai eta Hiroshige pintoreen lanek ere eragin nabarmena izan dute Isle of Dogs egiteko orduan.

Nolanahi ere, horiek ez dira Andersonek filmean erabili dituen erreferentzia bakarrak, Stanley Kubrick eta Andrei Tarkovskiren lanen arrastoa ere ikusten ahal baita.

Megasakiko herrian txakur gripearen izurritea zabaldu da. Horren ondorioz, agintariek txakur guztiak irla batera eramatea erabakiko dute. Hortik aurrera, txakurrak bakartuta biziko dira.

Atari gaztetxoa, berriz, ez dago prest Spots bere lagun fidela galtzeko. Horregatik, irlara abiatuko da, haren bila. Bertara ailegatzean, espero ez zuen errealitate bat aurkituko du, eta herria arriskuan jartzen duen plan bat ezagutuko du. Bost txakurraren laguntza izango du mehatxuari aurre egiteko.

'ISLE OF DOGS'

Zuzendaria. Wes Anderson.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 101 minutu.

Generoa. Animazioa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. ©BERRIA

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Urtzi Urkizu

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Atzo egin zuten agiriaren aurkezpena.

Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Betiko txistorra ematen du ba!

Urtzi Urkizu

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.