Gaztetxeak

Hauts artetik loratutako proiektua

Iruñeko Maravillas gaztetxeak bederatzi hilabete beteko ditu aurki, Nafarroako Gobernuak bertako bost kideri jarritako salaketa inguruka duela. Jantokia eta elikagai bankua sortu berri dituzte.

Iker Tubia.
Iruñea
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Badira hamalau urte Yolanda Barcinak Iruñeko Euskal Jai gaztetxea eraitsi zuela bainuetxe bat eraikitzeko aitzakiarekin. Gaztetxeko kideek aurrera jarraitzeko egindako saialdiek huts egin zuten, eta, hein handi batean, mugimendua Euskal Jairen hondakinen azpian lurperatzea lortu zuen Barcinak. Baina duela hiru urte, berriz ere piztu zen okupazioaren eta autogestioaren aldeko mugimendua. Aldaketa instituzionalarekin batera piztutako txinpartari esker, ateak zabalik ditu gaur Maravillas gaztetxeak. Baina egoera ez da erraza, bost kideri salaketa jarri baitie Nafarroako Gobernuak.




Ekainaren 3an bederatzi hilabete beteko ditu Iruñeko Nabarreria plazan dagoen gaztetxeak. Alde Zaharreko gazteek Rozalejoko markesaren jauregia aukeratu zuten haien proiektua garatzeko, espazio horrek «hamaika aukera» eskaintzen dituelako. Nafarroako Gobernua da hogei urtez itxita eta utzita egon den eraikin historiko horren jabea. Eraikina okupatu eta berehala salaketa jarri zien gaztetxeko bost kideri.

Negoziatzen aritu dira, baina bukatu da hartu-emana. Gaztetxeko kideek diotenez, aukera bakarra utzi diete: «kalteak» konpondu eta eraikina uztea. Hori egitekotan, salaketa kentzea «aztertuko» dutela esan diete. «Onartezina da erabat», esan dute Xabierrek eta Izaskunek. Gaztetxeko ateak ireki, eta beren egoeraren berri eman dute gazteok. Izenak asmatuak dira, afera judizialak tarteko izanda nahiago izan baitute benetako izenik ez eman. «Gu beti proposamen berriekin joan gara negoziazio mahaira, eta haien jarrera beti bera izan da: pasiboa erabat», dio Xabierrek. Harriturik agertu dira bi gazteak, hogei urtez ez baitiote kasurik egin eraikinari. «Ez da eraikina hondatu dugulako edo eraikina behera eroriko delako. Aurreikusi zuten honek izan zezakeen herri indarra, eta horregatik kanporatu nahi gaituzte», azaldu du Izaskunek.



Haiek uste dute auzora zenbat eta gehiago ireki eta auzoan zenbat eta gehiago txertatu orduan eta zailagoa izanen dela gazteak handik botatzea. Oraingoz, bide onetik doazela uste dute gazteek. «Auzoarentzat gauza pila egin ditugu, ireki gara, eta eragile asko etorri dira. Aurrerantzean ere auzoarentzat proiektu politak ditugu egiteko», azaldu du Izaskunek. Dagoeneko ehun ekitaldi baino gehiago eta mila bileratik gora egin dira han.


 

Jauregiari kolorea emanez

Hastapenak gogoan izan dituzte bi gazteek. «Duela hiru urteko aldaketarekin, ezkerreko mugimenduek instituzioen aldeko apustua egin zuten, baina horrek ez zuen langile klasearen zati bat gogobete. Pentsatu genuen: norbait etorri beharko da gu salbatzera edo guk geuk eginen dugu? Erabaki genuen gu indar politikoa izatea», azaldu du Xabierrek. Rozalejo jauregia zen horretarako tokirik aproposena, eta barnera sartu ziren.

«Dena ilun zegoen, hautsez beterik, pareta guziak oso zikinak... eta gure lana hori garbitzea eta margotzea izan zen», kontatu du Xabierrek. «Rozalejoko markesarena baino gehiago, usoen jauregia zen hau». Sarrera garbitu eta margotu ondotik, eraikina erabiltzen hasi ziren. Lehenbiziko proiektua zinema izan zen: Paradisu zinema. Igandero filmak jartzen dituzte Nabarreriako gaztetxean. Bileretarako aretoak eta zirku taldearen entrenamenduetarako txokoa ere berehalaxe atondu zituzten. Horren ondoren, barra muntatzea erabaki zuten, alor ekonomikoa ziurtatzeko. XVIII. mendeko jauregiaren aurrealde barrokoaren kontrapuntua dira barnean egin diren horma irudiak: memoria historikoari loturikoak, AHTaren kontrako borrokari buruzkoa... Azkenengo asteotan, areto berriak aurkeztu dituzte: gazte mugimendua entrenatzeko Herri Palestra, hilean behin afaltzeko erabiltzen duten jantokia, musika estudioa eta elikagaien bankua. «Langile klasearen arteko elkartasuna sustatzeko sortu dugu elikagai bankua. Bilketa hamabost egunean behin eginen dugu», esan du Izaskunek. Gaur eginen dute lehenbizikoa, Iruñeko merkatu zaharrean.

Hori ez da egitasmo bakarra izanen. Iruñeko Alde Zaharreko Eguna dela aprobetxatuz, bederatzi hilabete hauetan egindako lana plazaratuko dute. Izan ere, jauregiari kalte egin izana egotzi diete, eta hori gezurtatzeko afixak prestatu dituzte. Gaur aurkeztuko dituzte jendaurrean. Duela bederatzi hilabeteko eta oraingo irudiak parez pare erakusten dituzte.

Argi dute auzotik eta auzoarentzat egindako proiektua dela Maravillas, eta, beraz, auzokideekin harreman ona izan behar dutela. Hasierako errezeloak gainditu dituztela diote gazteek, eta auzoko asko bertara joaten direla. «Zer behar du auzoak? Zer eskaini diezaioke leku honek? Hori da gure ardatza», dio Xabierrek. Hemendik aurrera, autogestioan sakontzea da helburua: «Oraindik ez gara %100 autogestionatuak. Zaila da inposatutako sistematik alde egitea; prozesu luzea eta gogorra da».


Orain arte ibilitakoaren balorazio ona egin dute gazteek, baina eraikinak askoz gehiago eskain dezakeela sinetsita daude. Horregatik, gogotsu dira aurrera egiteko, proiektu horien inguruan husteko arriskua beti egoten den arren. Arriskuak arrisku, okupazioaren alde lerratu dira, Iruñeko Udalarekin egindako ahalegina gaizki atera ondotik. «Horrek ez digu ziurtatzen gure proiektua guk nahi dugun modura egitea: autogestioaz eta herri boterea eraikiz», dio Izaskunek. «Benetan autogestioan oinarritutako gaztetxea izateko, okupazioa da bidea», gehitu du Xabierrek.

Gaur ere ateak irekirik izanen ditu Maravillasek. Xabierrek bertaratzeko gonbita egin du: «Guzion etxea da hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.