Datorren asteko estreinaldiak

Sakelakoari iltzatutako patuak

Komedia italiar baten moldaketa da Alex de la Iglesiaren azken filma, 'Perfectos desconocidos'. Teknologia berriek egunerokoan duten eragina aztertzen du filmak
Dafne Fernandez eta Eduardo Noriega aktoreak, filmeko eszena batean.
Dafne Fernandez eta Eduardo Noriega aktoreak, filmeko eszena batean. BERRIA

Gontzal Agote -

2017ko azaroak 25
Atsedenerako ia batere tarterik ez du hartu Alex de la Iglesiak, nahiko oharkabean pasatu zen El bar pelikularen filmaketa amaitu eta berehala ekin baitzion hurrengo proiektuari. Telecinco Cinemaren ekoiztetxearen mandatua jaso zuen teknologia berriek egunerokoan duten eraginari buruzko film bat egiteko.

Oraingoan ez da lan originala De la Iglesiak egin duena. Perfetti sconosciuti komedia italiarraren remake-a da Perfectos desconocidos filma. Jatorrizkoak arrakasta handia izan zuen Italian; ikusle andana biltzeaz gain, Donatello bi sari garrantzitsu jaso zituen, pelikula eta gidoi onenarenak.

Teknologia berriek, eta zehazki sakelakoek, eguneroko harremanetan duten eragin handia da istorioak islatzen duen gai nagusia. Alde horretatik, zuzendariak aitortu du Black Mirror telesailak eragin handi samarra izan duela pelikula egiteko orduan. De la Iglesiaren arabera, «gaur egun ez gara gu bakarrik, gu eta sakelakoa gara. Ez da gailu huts bat, gure arimaren parte bihurtu den zerbait da». Filmak eman nahi duen mezu hori are gehiago indartzeko, agertoki bakarrean gertatzen da dena, espazio itxian.

Arrakastak eta porrotak

Perfectos desconocidos-eko abiapuntua itxuraz sinplea da. Lagun talde bat afaltzeko gelditu da, haietako batzuen etxean. Ez da deus ezohikoa, baina afariaren inguruko guztia lagunetako batek jolas bat proposatuko duenean aldatuko da: denek utzi behar dute sakelakoa mahai gainean, eta afarian zehar jasotzen dituzten dei eta mezuak besteekin partekatu beharko dituzte. Jolas hutsa zena korapilatu egingo da, eta gero eta deserosoagoa bihurtuko da egoera.

Ibilbide luze eta oparoa egin du Alex de la Iglesia bilbotarrak zuzendari lanetan. Haren lehen film luzea 1993koa da, Acción Mutante gogoangarria. Nolanahi ere, aurretik ere zeresana eman zuen zinemagile gazteak, gehienbat Mirindas asesinas film laburrari esker.

1995ean, ospea ekarriko zion pelikula egin zuen, El día de la bestia. Sei Goya sari irabazi zituen, horien artean zuzendari onenarena, eta ikusle kopuruan ere arrakasta handiko pelikula izan zen. Horrek aukera eman zion aurrekontu handiko proiektu bati ekiteko, ingelesez filmatuta, Perdita Durango. Horren emaitza ona ez zuen lortu filmak.

Hortik aurrera, gorabeheratsua izan da De la Iglesiaren ibilbide zinematografikoa. Harrera ona izan duten hainbat film egitearekin batera —La comunidad, Los crímenes de Oxford—, askoz ere oihartzun apalagoa izan duten beste batzuk ere egin ditu — 800 balas, La chispa de la vida eta Las brujas de Zugarramurdi—. Horiekin batera, bidean gelditu zaizkio beste zenbait proiektu, besteak beste Fumanchú proiektu handia.

Azken urteotan, genero klasikoen nahasketa alboratuz joan da zuzendaria, eta, gehienbat, komedia kostunbristaren bidea jorratu du. Horren lekuko dira haren azken bi filmak, Mi gran noche eta El bar.

'PERFECTOS DESCONOCIDOS'

Zuzendaria. Alex de la Iglesia.

Aktoreak. Belen Rueda, Eduard Fernandez, Ernesto Alterio, Juana Acosta, Eduardo Noriega.

Herrialdea. Espainia.

Urtea. 2017.

Iraupena. 116 minutu.

Generoa. Komedia.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna