Datorren asteko estreinaldiak

Etorkizun eta iragan hurbilei begira

Joera nostalgikoarekin bat eginda, Steven Spielberg zuzendariak 'Ready Player One' filma ondu du
<em>Ready Player One</em> Ernest Clineren eleberrian dago oinarritua; zientzia fikziozko filma da.
Ready Player One Ernest Clineren eleberrian dago oinarritua; zientzia fikziozko filma da. BERRIA

Gontzal Agote -

2018ko martxoak 24
Nonahitik begiratuta, Steven Spielbergek maitasun istorio luzea du pop kultura deitzen den horrekin. Batetik, asmatu duelako, modu emankor batez, herri kulturaren ikono eta kodeak bereganatzen eta bere filmetan txertatzen.

Era berean, Steven Spielberg bera pop kultura horren parte nabarmena da gaur egun, bai eta azken hamarkadotan haren eskutik sortu diren ekoizpen gehienak ere. E.T. estralurtarra izaten ahal da adibiderik garbiena, baina ez da inolaz ere bakarra; hor dira, besteak beste, Jaws pelikula edo Indiana Jones pertsonaia bera.

Horrekin batera, neurri handi batean Spielbergi zor zaio iragan mendeko 80ko hamarkadarekin gaur egun dugun lilura hori; haren film asko garai horrekin lotzen dira, eta haietan sortutako iruditeriak elikatu du gaur egun vintage den joera horren oinarria. Adibiderik argiena aipatzearren: ikusi besterik ez da Stranger Things telesail arrakastatsuak zenbat zor dion Spielbergen unibertsoari.

Erreferentzia ugari

Horiek horrela, ez da batere harritzekoa zinemagileak mahai gainean ukabilkada bat eman eta pastelaren bere zatia aldarrikatu izana; aita pontekoak egon beharra zuen 1980ko hamarkadaren gurtze amaigabearen prozesuan, eta hutsune hori betetzera etorri da Ready Player One.

Izan ere, beste ezeren gainetik, pelikula berria erreferentziez trufatutako zientzia fikzio istorioa da. Tron ezagunaren haritik tiraka, zuzendariak mundu paralelo bat asmatu du, eta, behin horren barruan sartuta, kontaezinak dira ikusleei eginen dizkien mota guztietako keinuak: Akira, A Nightmare on Elm Street, Back to the Future edota The Iron Giant.

Ready Player One Ernest Clineren eleberrian dago oinarritua. 2045. urtean girotua dago, eta, Spielbergen filmetan ohikoa denez, nerabe bakarti bat da protagonista. Wade Watts du izena, eta Oasis izeneko bideo joko moduko bat baliatzen du errealitatetik ihes egiteko. Oasis ez da bideo joko huts bat, dimentsio erraldoia duen utopia birtuala baizik.

Halako batean, Oasis-en sortzailea hil egingo da, baina jolas berezi bat proposatuko du hil aurretik: Oasis-en barruan dauden pistak segituta, jokalariek altxor handi bat eskuratzen ahalko dute. Watts bilaketa horretan murgilduko da, eta berehala ohartuko da arerio gupidagabeak izanen dituela han.

Spielbergek film berrian aukeratu dituen aktoreak ez dira bereziki ezagunak, The Pentagon Papers filmean ez bezala. Tye Sheridan gazteak egingo du rol nagusia, eta Mark Rylance agertzen da bigarren mailakoen artean, Spielbergen filmetan ohiko bihurtzen ari den aktorea. Film hau elkarrekin egin duten hirugarrena da.

'READY PLAYER ONE'

Zuzendaria. Steven Spielberg.

Aktoreak. Tye Sheridan, Olivia Cooke, Ben Mendelsohn, Mark Rylance, Simon Pegg, T. J Miller, Hannah John-Kamen.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 140 minutu.

Generoa. Zientzia fikzioa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian; eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna