Telesailak

Ordezko txukuna

'Philip K. Dick's Electric Dreams' telesailean, Ronald D. Moorek XX. mendeko idazle esanguratsuaren istorioak jaso ditu.

Telesailak gizartearekin lotutako auzi anitz jartzen ditu mahai gainean. BERRIA.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Channel 4 kateak arrakasta eta sona handia lortu zituen Black Mirror telesailari esker, bai kritikaren aldetik baita ikusleen aldetik ere,Ordea, Black Mirror-ek izandako arrakastaren ostean, Charlie Brooker sortzaileak Netflixi saldu zizkion telesailaren banaketa eskubideak, eta, egun batetik bestera, Channel 4 katea bere produktu garrantzitsuena gabe geratu zen. Hutsune hori betetze aldera, zientzia fikziozko beste telesail bat ekoizteko agindua eman zuten, Amazonekin batera: Philip K. Dick's Electric Dreams. Oraingo honetan, Philip K. Dick zientzia fikzioko idazle ezagunaren idazlan laburretan oinarritutako istorio batzuk garatu dituzte; atal independenteak sortu dituzte, eta, telesaila Black Mirror-en maila berera iritsi ez den arren, kateak lortu du ordezko produktu txukun bat sortzea, ikusleen ikusmina betetzen duena.

Ez da lehen aldia idazlearen obra bat pantailaratzen dutela. The Man in the High Castle telesaila, Blade Runner filma eta Minority Report film zein telesaila, esaterako, pantaila handian zein txikian ikusi ahal izan dira. Oraingo telesail honetan, gizakia zer den aztertzen dute, zerk egiten duen gizakia gizaki —Blade Runner-en amaieran Roy Battyk egiten duen hitzaldian bezala—, eta istorio bakoitzak dilema hori aztertzen du anbiziozko zenbait mundu fantastikotan: salto egiten du cyberpunk girotik gaur egunean girotutako istorio batzuetara, baina, bide horretan, telesailak ez du galtzen diskurtsoa, diskurtso bateratu eta indartsua. Atalen maila du arazo bakarra, nahiko gorabeheratsuak baitira.

Philip K. Dick's Electric Dreams-en, arreta ez dute teknologia berrietan jartzen, teknologia horrek egunerokoa zalantzan jartzen duen puntuetan baizik, ohartarazteko hautsi egin daitezkeela ustezkoak diren hesiak. Galderak egiten ditu, askotan erantzunik eman gabe, ikusleak bereak bilatzeko. Gizartearen ikuspuntutik aztertuta, auzi anitz jartzen ditu mahai gainean, eskubideei buruzkoak —pribatutasuna, datuena zein gizakien adimenarena—, segurtasunaren eta askatasunaren arteko talkari buruzkoak, terrorismoari buruzkoak, diskurtso politikoen ondorioei buruzkoak…. Egun gizarte gisa planteatzen diren galderak, Dickek 1960ko hamarkadan garaturiko istorioetan oinarrituta; ideiak aspaldikoak izan arren, telesailak erakutsi du gogoeta horiek bizirik daudela oraindik. Hamar ataleko denboraldi bakarra kaleratu dute, baina ugaritzen ari dira bigarren sasoia egitearen aldeko ahotsak; oraingoz, Channel 4ek eta Amazonek ez dute hitzik esan sasoi berri bati buruz.

Sona handikoak dira telesailaren gidoilari eta zuzendariak, eta hori nabari da atal bakoitzean, aberatsak baitira sortu eta ekoitzi dituzten munduak. Hori guztia, XX. mendeko idazle aipagarrienetariko baten eskutik, etorkizunak ekar ditzakeen ateei begirada bat emateko.

'PHILIP K. DICK'S ELECTRIC DREAMS'

Sortzailea: Ronald D. Moore. Aktoreak: Nicole Agada, Matthew Raymond, Ann Akin, Anthony Boyle, Tom Brooke, Rudi Dharmalingam, Jack Reynor, Geraldine Chaplin. Herrialdea: Ingalaterra. Urteak: 2017. Non ikusi: Amazon Prime Video. Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu. Generoa: Drama. Umorea. Zientzia fikzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.