Sanferminak Iruñean. Aritz Barea eta Imanol Sanz. 3indarrok Gazte Peñako kideak

«Kalea berreskuratu behar dugu, kaleak gure txokoa izan behar duelako»

Bestelako jai eredu baten alde lan egiten du 3indarrok Gazte Peñak, Iruñerriko gazte mugimenduaren peñak. Aurten ere, ekitaldi ugari antolatu ditu sanferminetan.

SAIOA ALKAIZA.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Sanfermin parte hartzaile, euskaldun, herrikoi eta parekideen alde lanean dihardu 3indarrok Gazte Peñak. 2005ean sortu zen, eta, geroztik, bertako eta kanpoko gazteentzako egitarau alternatiboa prestatzen du. Bertako bi kidek eman dute Gazte Peñaren berri, Imanol Sanzek (Barañain, 1991) eta Aritz Bareak (Asiain, 1991). Elkarrizketatu bitartean, Gazte Peñako gainontzeko peñakideak heldu dira jai gunera, elektrotxarangarekin batera.

Zer da Gazte Peña?

Aritz Barea. Iruñerriko gazte mugimenduaren peña da, eta jai parte-hartzaile, euskaldun, eta herrikoien alde lan egiten du.

Zer egiten duzue?

Imanol Sanz. Batetik, sanferminetan ekitaldiak egiten ditugu. Bestetik, Iruñerriko auzo eta herrietako jaietan parte hartzen dugu. Denetarik egiten dugu: bazkariak, jolasak, kontzertuak, kalejirak...

Peña bat zarete, baina ezohiko peña...

I. S. Peña alternatiboa gara. Ez gaude Iruñeko peñen federazioan; ez gara zezenketetara joaten gainontzeko peña guztiak bezala, ez dugu bazkide kuotarik, ez dugu lokalik...

Zezenketetara joateagatik dira ezagun peñak, eta zuek horri ere kontra egiten diozue.

A. B. Gu zezenketen kontrakoak gara. Gure asmoa da zezenketen ordu berean bestelako gauzak antolatzea: askariak, musika... Azken finean, gazteak kalean egotea nahi dugu, gainontzeko jendea zezen plazan dagoen bitartean.

Kalea: ezinbesteko elementua Gazte peñarentzat.

I. S. Kalea berreskuratu behar dugu, kalea gure txokoa delako; kalea guztiona da, eta hala izan behar du.

A. B. Udalaren jai eredua itxia da, zurruna, parte hartzeko aukerarik gabekoa. Kalea, berriz, toki bizia da.

Txarangak peñetako ohiko osagaietako bat dira. Zuek txarangarik ba al duzue?

A. B. Guk elektrotxaranga daukagu; gitarrak, saxofoiak, abeslariak… Euskal abestiak jotzen dituen talde ibiltaria. Kalejirak egiten ditugu haiekin batera, kalea girotzeko.

Udalak aurrekontu handia dauka sanferminetako egitaraua prestatzeko. Zuek, ordea, ez duzue inongo diru laguntzarik jasotzen.

I. S. Ez. Gainera, antolatzen ditugun ekitaldietan ez dugu diru etekinik bilatzen.

Hala ere, jende ugari mugitzen duzue, baliabide ekonomiko handirik izan gabe.

I. S. Bai, sanferminetan jende mordoa etortzen da 3indarrokek antolatutako gauzetara. Baina urtean jende gutxi egoten gara, betikoak. Gazte gehiago animatu nahi dugu peñan parte hartzera.

Nola antolatzen duzue sanferminetako egitaraua?

I. S.Infariak egiten ditugu: informazio afariak.

A. B. Infariak sanferminetako eskaileraren egunetan egiten ditugu: urtarrilaren 1ean, lehena; otsailaren 2an, bigarrena... Sanferminetako egitaraua prestatzeak lan handia dakar.

Nola sortu zen 3indarrok Gazte Peña?

A. B. UPNren jai eredua dela-eta berrikuntza beharra ikusi zuen gazte multzo batek. Gazteok gazteontzat sortutako festak nahi zituzten. Orduan, elkartu eta 3indarrok sortu zen.

Zortzi urte daramatzazue lanean. Nola aldatu da peña?

I. S. Hasieran booma izan zen. Gazte pila zegoen. Geroz eta jende gutxiago azaltzen zen ekitaldietara Orain dela hiru urte, belaunaldi aldaketa izan zen 3indarroken: hasierako jendea joan eta jende berria sartu zen.

A. B. Sartu diren gazteei esker, orain hobera egin du, berriz ere.

Aurten Kale Jira izeneko dinamika prestatu duzue Bilboko Kaskagorri Konpartsa, Donostiako Eskifaia Gazte Kofradia, Baionako Gazte Asanblada eta 3indarrok Gazte Peñaren artean. Zertan datza?

A. B. Aspaldi hitz egindako kontua da; elkarlana bermatzeko dinamika da, harremanak estutzeko egitasmoa. Donostia, Baiona, Gasteiz, Bilbo eta Iruñeko jaietara joango gara bost talde horietako kideok.

I. S. Elkarlan horrek ideiak hartzeko balioko du, besteek egiten dutenetik ikasteko.

Horrenbeste urte sanferminetan lanean egon ostean, anekdota asko izango dituzue.

I. S. Peña bakoitzak bere pankarta dauka, eta guk ere gurea dugu. Nahigabe, gurea da Iruñerriko pankartarik handiena. Peña guztiek neurri berberei jarraiki egiten dute, baina guk neurriak ez genekizkienez... pankarta erraldoia egin dugu!

A. B. Kale batzuetan, ezin dugu sartu ere egin!

Aurten, Gora Iruñeak jai gunea lortu du. Zer iruditzen zaizue?

I. S. Iruñeko Udalak azken momentuan eman duenez gunea irekitzeko baimena, guk ere azken momentutik hona aldatu ditugu gure ekitaldi guztiak.

A. B. Urteetako borroka eraman du Gora Iruñeak, eta aurten fruituak eman ditu. Denon gunea da jaigunea, gozatzeko tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.