Datorren asteko estreinaldiak

Western garaikide bat

Thomas Bidegain zuberotarrak bere lehen film luzea zuzendu du, 'Les Cowboys'.

Country musika eta estetika maite duen familia baten istorioa kontatzen du filmak
Western moduko bat da <em>Les cowboys</em> filma, baina ez da AEBetako ordokietan gertatzen, Frantziako ekialdean baizik.
Western moduko bat da Les cowboys filma, baina ez da AEBetako ordokietan gertatzen, Frantziako ekialdean baizik. BERRIA

Gontzal Agote -

2015eko azaroak 21
Nahasketa bitxia da Les Cowboys filmak dakarrena. Izenburuak iradokitzen duen moduan, western moduko bat da, baina ez da AEBetako ordoki mugagabeetan gertatzen, Frantziako ekialdean baizik. Eta koktela are ezohikoagoa da ikustean egilea euskal herritarra dela, Thomas Bidegain zuberotarra.

Orain arte, Bidegain gidoigile lanetan ezagutu dugu. Ibilbide oparoa egin du azken urte hauetan, gehienbat Jacques Audiard zuzendari entzutetsuaren itzalpean egindako lanetan. Elkarlan oso emankorra izan da bien artekoa, 2008an hasi zena.

Urte horretan Bidegainek eta Audiardek idatzitako Un prophète estreinatu zen, kartzela batean girotutako pelikula bikaina. Urteko filmetako bat izan zen, eta sari asko irabazi zituen: bederatzi Zesar sari, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria, zinema europarraren film onenaren saria... Pelikulak ez ezik, Bidegainen lanak ere saria jaso zuen, gidoi onenaren Zesar saria ema baitzioten Un prophète-ri.

Arrakasta handi horren ostean, Audiardekin beste bi film idatzi ditu Bidegainek. 2012ko De rouille et d'os pelikularen moldaketa onenaren Zesar saria eman zien. Eta orain arte biek egin duten azken filma, Dheepan, aurten estreinatu da, eta Cannesko zinemaldian Urrezko Palma irabazi zuen.

Dudarik ez da Jacques Audiardekin idatzi dituen pelikula horiek izan direla Bidegaini osperik handiena ekarri diotenak. Hala ere, ez da horretara mugatu bere gidoilari lana, eta bestelako filmak ere egin ditu azken urteotan: jostun ezagunaren inguruko Saint Laurent eta Vincent n'a pas des ecailles drama, esaterako.

Indioak, euskaldunak

Orain, berriz, zuzendari lanak bere gain hartu eta lehenengo film luzea ondu du Bidegainek, Les Cowboys. Horrez gain, zinemagile gehienen ametsa bete ahal izan du, Cannesen estreinatu baitzen pelikula. Ez zen sail ofizialean izan, baizik eta zuzendari berriei eskaintzen zaien tartean, Quinzaine des réalisateurs delakoan.

Horren ostean, askoz ere xumeagoa den zinemaldi batean parte hartu zuen Les Cowboys-ek, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) nazioarteko zinemaldian. Bertan zuzendari onenaren saria irabazi zuen euskal zinemagileak.

Country musikarekin girotuta, western garaikide bat da Les Cowboys. Bidegainek berak azaldu duenez, oso maitea du horren estatubatuarra den genero hori, eta horrekin lotuta txikitako pasadizo bat ekarri izan du gogora. Nonbait, telebistan western bat ikusten zutenean aitonak esaten zion indioak euskaldunak zirela imajinatzeko. Hortik sortu da ohiko testuingurutik kanpo dagoen western bat egiteko ideia. Country musika eta estetika maite duen familia bat da protagonista. Frantziako ekialdean bizi dira, eta egun batetik bestera alaba desagertuko da. Horren ondorioz, familiaren barne oreka hautsiko da. Aita abiatuko da desagertutako alabaren bila, seme gaztearen laguntzaz.

'LES COWBOYS'

Zuzendaria. Thomas Bidegain.

Aktoreak. John C. Reilly, Antonia Campbell-Hughes, François Damiens, Ellora Torchia.

Herrialdea. Frantzia.

Urtea. 2015.

Iraupena. 114 minutu.

Generoa. Drama.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna