Datorren asteko estreinaldiak

Clooney eta Coen, koktel tentagarria

Anaien gidoi baten gainean, aktore ezagunak bere seigarren film luzea zuzendu du: 'Suburbicon'
Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan girotuta dago filma.
Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan girotuta dago filma. BERRIA

Gontzal Agote -

2017ko abenduak 2
Azken urteotan zuzendari garrantzitsu askorekin egin izan du lan George Clooneyk, baina horien guztien artean bi izen nabarmentzen dira: Ethan eta Joel Coen. Izan ere, aktore ezaguna lau aldiz jarri da haien esanetara: O'Brother, Intolerable Cruelty, Burn After Reading eta Hail, Caesar filmetan.

Elkarlan oparo horretatik gauza asko ikasiko zituen Clooneyk, eta, oraingoan, gauzak beste molde batean datoz. Suburbicon filmean, Coen anaiak gidoilariak dira —Clooney bera eta haren ohiko laguntzaile Grant Heslovekin batera—, eta aktoreak, berriz, zuzendari lanak egin ditu.

Ez da lehen aldia Clooney kamera atzean jartzen dena; dagoeneko zuzendari lanetan ibilbide luze samar eta interesgarria du egina. 2002an ekin zion zuzentzeari, Confessions of a Dangerous Mind lanarekin, eta hortik aurrera beste lau pelikula ondu ditu.

Horietako bat, 2005eko Good Night, and Good Luck, izan da orain arte harrerarik onena izan duena. Besteak beste, arrakasta komertzial dezentekoa eta Oscar sarietarako sei izendapen jaso zituen drama politikoak.

Elkarlanaren fruitua

Nolanahi ere, Suburbicon elkarlanean egindako proiektu gisa ulertzen ahal da. Batetik, bertan jasotzen direlako Clooneyk betidanik agertu dituen kezka sozial eta politikoak; kasu honetan arraza bazterkeriaren gaiari helduta. Bestetik, Coen anaien unibertso bereziaren ukituak oso presente daudelako proiektu honetan.

Aktore zerrendari erreparatzerik besterik ez dago Coen unibertsoaren presentzia baieztatzeko. Esate baterako, Clooneyren aspaldiko laguna Matt Damon da protagonista —jadanik Clooneyk zuzendu zuen lehen pelikulan parte hartu zuena—, coendarren True Grit western berrituan aritu zena. Halaber, Oscar Isaac dugu Suburbicon-en, Coen anaien Inside Llewin Lewis bikaineko protagonista izan zena; edota Julianne Moore beteranoa, The Big Lewoski gogoangarrian lan egin zuena.

Pelikulak kontatzen duen istorioa benetako gertaeretan dago oinarrituta. II. Mundu Gerra amaituta, G. I. Bill delako legea jarri zuen indarrean AEBetako gobernuak. Horren helburua gerran aritutako soldaduei eta haien familiei hainbat onura eskaintzea zen, besteak beste, ikasketak egiteko edo bizitzeko tokia aurkitzeko. Testuinguru horretan, ia erabat soldadu ohien familiak populatutako hainbat auzune sortu ziren.

Horietako batean dago girotuta Suburbicon, iragan mendeko 50eko hamarkadan. Meyers familia afro-amerikarra auzune lasai batera joango da bizitzera, AEBetako gobernuak indarrean jarri dituen abantailak lagunduta. Laster batean ohartuko dira gainerako auzokideen aldetik ez direla ongietorriak.

'SUBURBICON'

Zuzendaria. George Clooney.

Aktoreak. Matt Damon, Julianne Moore, Oscar Isaac, Glen Fleshler, Michael D. Cohen.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2017.

Iraupena. 105 minutu.

Generoa. Drama.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian; eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna