Datorren asteko estreinaldiak

Istorio espainiar bat, irandar baten begietatik

Cannesen estreinatu ondoren, Asghar Farhadiren 'Todos lo saben' thrillerra aretoetara ailegatuko da. Javier Bardem, Penelope Cruz eta Ricardo Darin dira protagonistak
Persieraz idatzi zuen gidoia Farhadik, eta espainieraz zekien lagun batek itzuli zion.
Persieraz idatzi zuen gidoia Farhadik, eta espainieraz zekien lagun batek itzuli zion. BERRIA

Gontzal Agote -

2018ko maiatzak 5
Oso gutxik izaten dute munduko zinemaldirik famatuenari hasiera emateko ohore handia; horregatik, jakin-min izugarria izaten da urtero Cannesen inaugurazioa eginen duen filmaren inguruan. Asteartean hasiko da Cannesko zinema jaialdiaren 71. edizioa, eta Asghar Farhadi zuzendariaren pelikula berriak inauguratuko du.

Ez da harritzekoa Farhadiri aukera hori eman izana, azken urteotan Cannesko zinemaldiarekin estuki lotuta egon baita —hastapenetan Berlingoari lotuta egon zen moduan—. Orain dela bost urte, bertan aurkeztu zuen Le passé filma, eta Berenice Bejok emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuen. 2016an, berriz, Forushande filmarekin egon zen Cannesen, eta orduan ere saritu egin zioten filma: gidoirik onena eta gizonezko aktorerik onenaren saria, Shahab Hosseinirentzat.

Zinemaldi entzutetsu horretan aurkeztu ondoren, Asghar Farhadiren azken filma aretoetara ailegatuko da. Oraingo honetan, zinemagile irandarrak pelikula espainiar bat egin du, herrialde horretan filmatuta baitago Todos lo saben, ia guztiz bertako aktoreekin eta espainieraz. Farhadik azaldu duenez, 2000. urtearen bueltan Espainiara egin zuen bidaia batean bururatu zitzaion istorioaren lehen ideia. Horrekin ibili zen bueltaka beste proiektu batzuetan lan egiten zuen bitartean, eta azkenean, duela bost urte, aurrera ateratzeko aukera ikusi zuen.

Atzerrian filmatu

Farsiz idatzi zuen gidoia, eta espainiera zekien lagun batek itzuli zion. Ez zuen atzerritar batek egindako film baten trazarik izatea nahi; horregatik, gidoi proba batzuk egin zituen Espainiako hainbat lagunekin, istorioa zein elkarrizketak bertakoagoak izan zitezen. Herri txiki batean gertatzen da istorioa, eta ardura berezia izan du kulturarekin eta ohiturekin lotutako detaile txikiak zaintzearekin.

Hala eta guztiz ere, hau ez da Farhadik Irandik kanpo egiten duen lehen pelikula. Frantzian filmatu zuen 2011ko Le passé , frantsesez. Zinemagilearen esanetan, istorio motaren arabera erabakitzen du non filmatu, eta, atzerrian lan egiteak hainbat traba kultural gainditu behar izatea ekartzen badio ere, abantaila ugari ematen dizkio baliabideei dagokienez.

Lauraren ahizpak Espainian ezkondu behar du. Hori dela eta, Argentinatik sorterrira joanen da Laura, Espainiako herrixka batera. Hasieran, egonaldi laburra izan behar zuen, baina ustekabeko gertakari batzuek uste baino gehiago luzatuko dute bisitaldia. Era berean, egonaldi horrek iraganeko hainbat zauri irekiko ditu.

Javier Bardem, Penelope Cruz eta Ricardo Darin dira filmeko protagonista nagusiak, eta Ramon Barea dago bigarren mailako aktoreen artean. Era berean, Alberto Iglesias donostiarra izan da filmaren musikagilea.

'TODOS LO SABEN'

Zuzendaria. Ashar Farhadi.

Aktoreak. Penelope Cruz, Javier Bardem, Ricado Darin, Eduard Fernandez, Inma Cuesta.

Herrialdea. Espainia.

Urtea. 2018. Generoa. Drama.

Iraupena. 130 minutu.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna