Datorren asteko estreinaldiak

Han Solo gaztetuaren itzulera

Star Wars sail agorrezinak beste film bat eskaini dio pertsonaia ezagunari
Alden Ehrenreich aktore gazteak egiten du filmeko rol nagusia.
Alden Ehrenreich aktore gazteak egiten du filmeko rol nagusia. BERRIA

Gontzal Agote -

2018ko maiatzak 19
Star Wars frankiziak bere historian zehar erakutsi dituen pertsonaia ugarien artean batzuk ezagunak egin dira, eta beste batzuk ahanzturaren putzura erori dira ia. Ezbairik gabe, zaleek gehien maite dituztenen artean Han Solo dago. Lehen pelikulan agertu zen, eta, bere lagun min Chewbaccarekin batera, urruneko galaxiako ezinbesteko erreferentzia bihurtu zen berehala .

Luke Skywalkerren xalotasun, idealismo eta zuzentasunaren aurrean, Han Solok ironia, materialismo eta urte luzetako esperientzia ekartzen zien abentura espazialei. Leia printzesa zen triangeluaren hirugarren erpina; Solorekin beti sesioan egon arren, haren alderdi heterodoxoak erakartzen zuen, baina bien arteko maitasuna ezinezkoa zen.

Han Solo izan da Harrison Fordek bere ibilbide luzean jokatu duen rolik ezagunenetakoa. Hori asko esatea da, aktore beteranoa Indiana Jones eta Rick Deckard ere izana baita, baina, gaur egun, ezinezkoa da Han Solo Forden irriño okerturik gabe imajinatzea.

Nolanahi ere, zinemaren industriak ez du nostalgiarik onartzen. Negozioa tartean denean —bereziki Lucasfilm eta Disney horretan izanda—, iraganeko mitologia akabatu eta garai bateko pertsonaiei bisaia berria jartzen die, inolako erreparorik gabe. Horixe gertatu zaio, hain zuzen ere, Han Solori; izan ere, Solo: A Star Wars Story pelikula berrian, pertsonaia gaztetu egin dute, eta beste aktore baten eskuetan utzi.

Zuzendari aldaketa

Alden Ehrenreich-ek izan du pertsonaia berpizteko ardura, zeinak, gaztea izan arren, jada lan egin duen Coppolarekin —aita zein alaba—, Allenekin edota Coen anaiekin lan. Berak onartu duenez, Fordenagana jo zuen lana eskuratu bezain pronto, asko miresten baitu aktore beteranoak egin zuen lana.

Nondik dator solo gaztearen inguruan film bat egitearena? Kontua da, beste frankiziekin gertatzen den moduan, Star Warsek ez duela aski trilogia originalaren gainean trilogia berriak egitearekin, eta spin-off delakoei ekin diete, hau da, istorioan dagoen pertsonaia bati buruzko pelikulak egiteari.

Estrategia berriaren bigarren uzta da oraingoa, orain dela bi urte estreinatu baitzen Rogue One: A Star Wars Story. Gareth Edwardsek zuzendutako film hori oihartzun handirik gabe pasatu zen. Kontua ez da hor amaituko, eta jadanik prest da 2019an estreinatuko den Star Wars-en bederatzigarren atala, berriro ere J.J. Abramsek zuzendu duena.

Solo: A Star Wars Story horren filmaketa espero baino gorabeheratsuagoa izan da. Phil Lord eta Christopher Miller hasi ziren pelikula zuzentzen, baina kaleratu egin zituzten lanari ekin eta hainbat hilabetetara. Nonbait, bi zuzendarion eta Lawrence Kasdan gidoilariaren arteko harremana ez zen batere ona, eta, azkenean, ekoizleek gidoilariaren alde egitea erabaki zuten. Haien ordez, zinemagile beterano bat aukeratu zuten zuzendari lanetarako, Ron Howard, besteak beste Willow eta Cocoon egin dituena.

'SOLO: A STAR WARS STORY'

Zuzendaria. Ron Howard.

Aktoreak. Alden Ehrenreich, Emilia Clarke, Donald Glover, Woody Harrelson.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 135 minutu.

Generoa. Zientzia fikzioa. Ipar Euskal Herrian asteazkenean estreinatuko dute; Hego Euskal Herrian, ostiralean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna