Datorren asteko estreinaldiak

Ukitu soziala duten komedia mingotsak

'Tully' pelikularekin, hobekien ezagutzen duen generora itzuli da Jason Reitman zuzendaria
Charlize Theron aktorea da filmeko protagonistetako bat.
Charlize Theron aktorea da filmeko protagonistetako bat. BERRIA

Gontzal Agote -

2018ko ekainak 16
Txekoslovakian jaio zen Ivan Reitman, baina Kanadara egin zuen, eta handik zinemaren industriarik boteretsuenean sartzeko aukera izan zuen, Hollywooden. Gidoilari, ekoizle eta zuzendari lanetan ibilbide artistiko luze eta emankorra egin zuen, gehienbat komediak idazten eta zuzentzen. Besteak beste, gaur egun pop kulturaren parte den Ghostbusters filma zuzendu zuen. Hori izan zen Reitman aitak lortu zuen arrakasta komertzialik handiena.

Horiek horrela, pelikulak egiten hasi zenean, Jason Reitmanek aitaren itzalaren kontra borrokatu behar izan zuen ezinbestean. Hala ere, laster batean Ivanen semea izatea lortu zuen. Film labur pare bat egin ostean, 2005ean Thank You For Smoking komedia mingotsa egin zuen, eta, zinema aretoetan nahiko oharkabean pasatu bazen ere, oso kritika onak izan zituen Aaron Eckhart protagonista zuen pelikulak. Hortik aurrera, gauzak errazagoak izan ziren Jason Reitmanentzat. 2007an arrakasta komertzial handia lortu zuen komedia sasi-independente bat zuzendu zuen, Diablo Codyren gidoi baten gainean. Juno zen film horren izena, eta nerabeen inguruko komedia hori urte horretako sorpresarik handienetako bihurtu zen.

Ellen Page eta Michael Cera aktore gazteak ezagutarazi ez ezik, sari garrantzitsu bat lortu zuen haurdun geldituko den nerabearen inguruko istorioak: jatorrizko gidoiaren Oscar saria. Horrez gainera, Oscarretarako beste hiru izendapen lortu zituen.

Cody eta Theron

Juno-ren arrakastak bultzatuta, Reitmanek bere hurrengo proiektuari ekin zion. Up in the Air komedian, garai hartako aktorerik inportanteenetakoarekin lan egiteko aukera izan zuen, George Clooneyrekin. Juno-ren arrakastarik lortu ez bazuen ere, filmak harrera beroa izan zuen; besteak beste, Oscar sarietarako sei izendapen bereganatu zituen, hala nola pelikularik onenarena.

Hortik aurrera, ematen du gain behera joan dela Jaso Reitmanen filmografia. Diablo Codyren gidoi baten gainean egin zuen Young Adult-ek, esaterako, ez zuen izan espero zuen harrera. Nolanahi ere, Charlize Theron aktorearekin egindako lehen elkarlana izan zen hura. Antzeko patua ezagutu dute azken urteotan etorri diren beste bi filmek: Labor Day eta Men, Women and Children.

Horiek horrela, egoerari buelta eman nahian ekin dio Jason Reitmanek Tully pelikula berriari. Horretarako, ongi ezagutzen dituen bi kolaboratzailerekin egin du berriro lan: Diablo Cody gidoilaria eta Charlize Theron aktorea.

Hirugarren semea izan berri du Marlok. Anaiaren aholkuz, gauetan hura zaintzeko neskame bat kontratatuko du: Tully. Hasieran, Marlok errezeloz hartuko du Tullyren presentzia, baina, poliki-poliki, bien artean harreman berezia sortuko da.

'TULLY'

Zuzendaria. Jason Reitman.

Aktoreak. Charlize Theron, Mackenzie Davis, Mark Duplass, Emily Haine, Ron Livingston

Herrialdea. AEB. Urtea. 2018.

Iraupena. 94 minutu.

Generoa. Komedia.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna