Talka egiten dutelako joan da

Eduardo Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusiak dimisioa eman du, «arrazoi pertsonalengatik».

Tirabirak izan ditu PPrekin.

'Parot doktrina' baliogabetzea defendatu zuen
Eduardo Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusi ohia, Kongresuko agerraldi batean.
Eduardo Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusi ohia, Kongresuko agerraldi batean. J. J. GUILLEN / EFE

Edurne Begiristain -

2014ko abenduak 19
Eduardo Torres-Dulce Espainiako fiskal nagusiak amore eman du. Espainiako Gobernuarekin dituen desadostasun sakonek eraginda, kargua utzi du. Publikoki, baina, «arrazoi pertsonalak» argudiatuta eman du dimisioa, Estatuko Fiskaltzak ohar batean jakinarazi duenez. Ordea, bistakoa da kargua hartu zuenetik sintonia gutxi izan duela PPren gobernuarekin eta horrek eraman duela dimisioa ematera. Espainiako Gobernuak, ostera, ukatu egin du «inolako presiorik» izan dela. Nolanahi ere, karguan eman dituen hiru urteotan, sona handia izan dute Torres-Dulceren eta gobernuaren arteko tirabirek, bereziki fiskalak Justizia ministroarekin izan beharreko autonomiaren inguruan. Azken ika-mika Kataluniako prozesuak eragin du: Kataluniako Auzitegi Nagusiko fiskalek uko egin zioten Artur Mas eta haren gobernukideak inputatzeari, Torres-Dulceren irizpidearen kontra, eta horrek tirabirak izan zituen gobernuarekin Masen aurkako kereila aurkezteko epeetan.

Bi aldeen arteko tentsioa aspaldikoak da; batez ere, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministro ohiarekin izandakoa. Joan den azaroaren 26an Torres-Dulcek Espainiako Kongresuan egindako azken agerraldiko adierazpenak esanguratsuak izan ziren, oso. Han esan zuenez, inork ezingo zion leporatu PPren gobernuaren «aldekoa» izatea, besteak beste Luis Barcenas PPko diruzain ohia espetxeratzeko eskatu zuelako eta Bolinaga eta Matas auzietan Barne Ministerioak hartutako jarreraren kontrakoa babestu zuelako. «Ez dut inoiz onartuko gobernuak zer egin behar dudan esatea; hori delitua litzateke. Gobernuaren kontrako jarrera izan behar badut, izango dut», gaineratu zuen.

Torres-Dulce ildo kontserbadoreko kidea da. Candido Conde-Pumpido ordezkatu zuen Espainiako fiskal nagusi karguan 2012ko urtarrilaren 27an. Hiru urteotan, zeresan handia izan du Euskal Herriko gatazka politikoarekin lotutako hainbat auzitan. Esanguratsua izan zen 2012an Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatzeko erabakia hartu zuenean adierazitakoa. Legeztatzearekin «juridikoki etsita» zegoela aitortu zuen orduan, eta ohartarazi zuen fiskaltza «erne» egongo zela alderdi abertzaleak Espainiako Konstituzioari «iruzur» egin ez ziezaion.

Euskal presoen inguruko erabakiak hartzeko orduan, berriz, ez du beti irizpide berbera erabili. Batzuetan, irmo defenditu izan ditu presoen aurkako neurriak, eta besteetan, malguago jokatu du. Hala, ETAren delituek ez preskribatzearen eta haiek «gizateriaren aurkako krimentzat» jotzearen alde agertu da. Halaber, Bateragune auziko bost auzipetuak kartzelan mantentzea defendatu du Torres-Dulcek, eta bere garaian Auzitegi Nazionalari zigor epaia berresteko ere eskatu zion. Frantzian egindako espetxealdia kontuan hartu eta delitu berberarengatik Espainiak auzitegien aginduz bete beharreko kartzelaldiari kentzeko auzian, berriz, «presaka» aritzea egotzi dio Auzitegi Nazionalari, Plazaola, Arrospide, Mujika eta Caride presoei espetxealdia murrizteko agindu zuenean.

Ordea, Parot doktrinaren kasuan, hura baliogabetzearen alde egin zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak doktrina horri buruzko epaia kaleratu zuenean. Epaiak «sendotasun teknikoa» duela adierazi zuen, eta ohartarazi Espainiak ezingo zuela «bazterrean utzi» ebazpen hori. Haren esanetan, Europako epaiak «balio interpretatiboa» izango zuen Espainiako ordenamendu juridikoan, «halabeharrez».

Bestelako alor batzuetan ere esku hartu izan du Torres-Dulcek. Esaterako, iazko otsailean baimendu egin zuen Banca Civica erakundearen bat egitea eta burtsaratzea ikertzea; barnean zen CAN Nafarroako Kutxaren auzia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna