Samara Velte.
Iruñeko taldeko sexu erasoa. ANALISIA

Indarkeriarik ez?

2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Espero baino hiru hilabete beranduago iritsi da 2016ko sanferminetako bortxaketaren epaia. Bistakoa zen Nafarroako Lurralde Auzitegiko aulkiak urduri ari zirela mugitzen euren lekuetan: presio sozial handia zeukaten indarkeria matxistaren aurka kontzientziatutako gizarte baten partetik —askoren gogoan, Nagore Laffage—; presio mediatiko izugarria, auzia azken tantaraino zukutu duten hedabideen partetik; eta barneko tentsio ugari.

Atzo jakin zen emaitza: hiru epaileetako batek boto partikularra eman du, 20 urteko neska bat taldean bortxatu zuten bost gizonak absolbi zitzaten. Beste biek jarri diete zigorra, fiskalak eskatu baino nabarmen arinagoa: bederatzi urteko espetxe zigorra, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta 50.000 euroko kalte-ordaina.

Eztabaidagarriak dira zigorraren iraupena eta formatua, baina epaiaren arrazoibidea da benetan iraingarria: ez du bortxaketa deliturik ikusi, «abusua» baizik. Desberdintasuna, lengoaia juridiko tranpatiaren arabera, biktimak jarritako erresistentzian datza: gizonek indarkeria fisikorik erabili ez zutenez euren zakilak neskaren gorputzean sartzeko —hori ez baita, nonbait, indarkeria—, ez zen bortxaketa izan, nahiz eta epaiak berak onartzen duen biktimaren oniritzirik gabe jardun zutela. Alegia: bortxatzeaz gain jipoitu ere egiten ez bazaituzte, ez dagoela indarkeriarik.

Ez da togarik behar jakiteko oniritzirik gabe ekintza bera dela indarkeriazkoa, neskak bere espazioa inbadituta ikusi zuen unetik bertatik. Tamalez, ohikoegia da gizonek egiten dituzten delituak emakumeen jardunaren arabera neurtzea. Epai honen argumentazioarekin ere, erasoaren erantzukizuna neskaren gain utzi du auzitegiak: hark jarritako erresistentziaren arabera gertatuko baitzen bortxaketa deliturako behar den indarkeria hori. Ikuspegi miopea, injustua eta matxista da; eta are eskandalagarriagoa kontuan izanik herri honetan hitzak, keinuak eta txikikeriak ere zigortu izan direla indarkeriatzat jota. Baina indarkeria ere egiten —eta, batez ere, sufritzen— duenaren araberakoa da nonbait. Gero, salatu behar dela esango dute, beti eskatu behar dela laguntza; baina, atzokoa ikusita, agerian geratu da babesgabetasun juridiko hau bera ere badela indarkeria mota bat emakumeentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.