Bihotz Kirurgia Basurtutik Gurutzetara eramatearen «kalteak» salatu dituzte

Langileen arabera, derrigorrezko lekualdatzeak aldez aurretik jakinarazi gabe heldu dira. Osasun sailburuaren aurkako oihuak entzun dira

Basurto Bizirik plataformak atzo eginiko mobilizazioa, Bihotz Kirurgia lekualdatzearen aurka. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Bihotzeko kirurgia Basurtuko ospitaletik Gurutzetakora eramateko erabakiaren aurka agertu zen atzo Basurto Bizirik plataforma. Basurtuko kardiologiako langileak ospitale parean batu ziren beren haserrea erakusteko. Guztira, 150 pertsona inguru bildu ziren Bilboko Montevideo kalean, Eusko Jaurlaritzaren erabakiekiko desadostasuna adierazteko.

Mobilizazioaren arrazoia Osakidetzak azken egunetan hartutako erabakia da: halabeharrezko lanpostu aldaketa, Bihotz Kirurgiaren itxiera dela eta. Izan ere, Basurto Bizirik plataformak salatu du Basurtutik Gurutzetara derrigorrezko lekualdatzeak aldez aurretik jakinarazi gabe heldu direla egunotan. Jose Miguel Ormaetxea Basurtuko kardiologia zerbitzuko buruaren arabera, lekualdatuko dituzten pertsonen zerrenda helarazi berri diete. «Helegitea aurkezteko, hamar eguneko epea eman digute. Udan egonda, jende askok ezingo du helegitea aurkeztu, oporretan daudelako».

Lekualdatzeen informazioa irailean jaso behar zutela diote Basurtuko kardiologia zerbitzuko langileek; horren ordez, lekualdatzea irailaren 15ean bukatuko dela salatu dute. Kardiologia zerbitzuko buruaren aburuz, «Gurutzetako ospitalean ez daude prest bihotz kirurgia bateratu bat emateko». Erabaki horrek Bizkaian bihotz kirurgiarako zerbitzu bakar bat utziko du. Lagaitz Gaztañaga kardiologoaren arabera, «lekualdatze honek kalteak ekarriko ditu pazienteengan».

Jaurlaritzak argudiatu du bi ospitaleetako bihotz kirurgiak ospitale bakar batean batuta emaitzak hobetu egingo direla. Roberto Saez Hemodinamika zerbitzu buruak dioenez, emaitzak ez dira hobetuko. Are okerrago, lekualdatuko dituzten langileak gabe, «arriskutsuak izan daitezkeen teknikak ezingo dira Basurtun egin», eta horrelako ebakuntzak atzeratzeak zenbait kalte eragin ditzake pazienteen osasunean, Saezen esanetan.

Bertaratutako 150 pertsonen artean, asko Pentsiodunen Mugimenduko parte ziren. Haien ustez, azkenaldian hartzen ari diren neurriak —anbulatorio askotan larrialdi zerbitzuak itxi izana, esaterako— «zerbitzuen pixkanakako murrizketak» dira. Pentsiodunen Mugimenduko kide den eta Basurtuko ospitalean bihotz kirurgia jaso zuen Eugenio Perezen arabera, haientzat oso garrantzitsua da horrelako zerbitzu bat gertu izatea, «eta joan-etorriak egiteko denbora ez handitzea».

Dimisio eskaera

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatu zuten. Gizarteko ohiturak aldatzeko momentua dela esan zuen sailburuak, eta osasunari lotutako zerbitzuak jasotzeko mugitzera ohitu beharko direla biztanleak, nahiz eta gero zuzendu egin zituen adierazpenok. Gaztañagarentzat, «benetan zentzugabekeria» bat dira hitz horiek. Saezentzat, hitzok zerbitzu berrien inguruan zirela esaten duten arren, ez da egia. Izan ere, «jadanik badabilen zerbitzu bat desegitera doaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.