Burujabetzarako bide bat

Ipar Euskal Herrian azken urteetan hainbat arlotan egindako lana aldarrikatu du Txetx Etxeberrik
Adolfo Muñoz eta Jean Noel Etxeberri <em>Txetx</em>, atzo, Gasteizen.
Adolfo Muñoz eta Jean Noel Etxeberri Txetx, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko ekainak 23
Euskal Herriko burujabetza prozesurako bada eredu bat, Jean Noel Etxeberri Txetx bakegile eta ELAren Manu Robles Arangiz fundazioko kidearen ustez: «Ipar Euskal Herriko bidea estrategikoa izan daiteke burujabetzarako. Euskal Herriko burujabetza eraikitzeko bidea zein izan litekeen erakutsi da». Hori arrazoitzeko, azken urteotan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan sortu diren hainbat ekinbideri buruz mintzatu da Gasteizen, fundazioak berak antolatutako Garaipen txikien bidez Euskal Herria burujabe mintegian; EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaz, Euskal Elkargoaz edota ETAren armagabetzeaz.

Etxeberrik esan du bi osagai nagusi dituztela ekinbideok. Batetik, gizartean «sare zabala» sortu izan dela aldarrikapen berberen inguruan, «jende eta sektore anitz» mugiarazita. «Helburuek norabide egokia izan dute, agian abertzaleen eskariak guztiz asebetetzen ez zituzten arren». Eta, bestetik, Frantziako Estatuaren erantzuna itxoin gabe, eskaera haien edukia praktikara eraman dituela gizarteak. Iparraldean «harreman, zubi eta aliantza berriak» sortu direla nabarmendu du. ETAren armagabetze prozesuan, adibidez, «jendeak erabaki zuen beren kabuz egitea bi estatuek egin behar zutenaren zati bat». EHLGren kasuan, adierazi du «estatuari beldurra galdu» izana funtsezkoa izan zela. Abertzale direnak eta ez direnak elkarrekin aritzeko bi adibide dira, Etxeberriren esanetan. «Gaur askok zuzentzen dizkiegu bi estatuei eskari arrazoizkoak eta erabilgarriak, eta ez gaude haien etengabeko ukoa onartzeko prest eta eskari horiei entzungor egitea pairatzen jarraitzeko prest».

Euskal Herriaren burujabetza lortu nahi baldin bada gizartearen «kontzientziak eta perspektibak eraldatu» egin behar direla azaldu du Etxeberrik. Gakoa da, haren esanetan, herritarrek euren bizitzaren gaineko «kontrola» berreskuratzea, eta, horretarako, gizartearen «ahalak» eta mobilizatzeko duen gaitasuna oinarri hartzea proposatu du. Nabarmendu du Ipar Euskal Herrian sortutako ekinbideen oinarrian lan egiteko oso metodo zehatza egon dela, «pixkanaka errealitatea, kontzientziak eta perspektibak eraldatzea eragin duena».

Muñoz, kultura politikoaz

Antzeko gogoeta egin du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Edozein aldaketa lortzeko gizarte zibilari parte hartzeko aukera eman behar zaiola esan du. Haren aburuz, Ipar Euskal Herrian lurraldearen eta gizarte zibilaren antolakuntza ezinbestekoak izan dira «kultura politiko» berri bat sortzeko, eta hori, aldi berean, erabakigarria izan da lankidetzarako «konfiantzak» sortzeko. Hegoaldean, ordea, «kultura demokratiko eskasa» ikusten du ELAko buruak, besteak beste, Jaurlaritzak ez duelakoan ontzat jotzen «klientelista» ez den gizarte antolatu bat, eta, Muñozen iritziz, politika molde horrek «oso kutsu autoritarioa» dauka.

Xabi Anza ELAko formakuntza arduradunak esan du mintegian ikusi dela «alternatibak posible» direla, «kapitalari boterea kentzea posible» dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna