Ez dute Beltranen gorpua aurkitu, eta bilaketa lanen eremua handituko dute

Bost astez aritu dira B1-A eremuan bilaketa lanetan, baina emaitzarik ez dute lortu. Beste bi gunetan arituko dira lanean datozen asteetan

Beltranen gorpua aurkitzeko bilaketa lanak martxan daude Zaldibarko zabortegian (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Joakin Beltranen gorpuaren bilaketa lanek ez dute emaitzarik izan. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo jakinarazi zuenez, Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) miatzen ari ziren eremuan ez dute gorpurik aurkitu. Beltran azken aldiz ikusi zuten eremua husten eta behatzen aritu dira bost astez, «lehentasunezkoa» zela iritzita. B1-A izena du guneak, baina ia amaitutzat eman dute fase hori, eta ez dute aztarnarik topatu. Beraz, Erkorekak iragarri zuen B1-A zonaren alboan dauden guneak egokitzen eta miatzen hasiko direla, hurrengo asteetan behaketekin jarraitu ahal izateko.

Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia) otsailaren 6an amildu zen, eta Alberto Sololuze eta Joakin Beltran langileak lurpean harrapatuta gelditu ziren. Erreskate lanak berehala abiarazi zituzten haiek azkenekoz ikusitako gunean, B1 eremuan, baina zabortegian amiantoa zegoela jakiteak eta lurra ezegonkorra izateak zaildu egin zituen haien bilaketa lanak. Sei hilabete behar izan zituzten lehen aztarnak topatzeko. Hain zuzen, zabortegiko baskularen azpian 23 metro behera eginda aurkitu zituzten Sololuzeren gorpuzkiak eta objektu pertsonalak. Orain, beraz, Beltranen gorpua falta da.

Erkorekaren arabera, ordea, ezin daiteke ziur jakin lur jausia gertatu zen momentu berean Beltran eremu horretan zegoen ala ez, baina uste du «zentzuzkoa» izan zela bilaketa gune horretatik abiatzea. Orain, lanak ia amaitutzat jo ostean, inguruko guneak egokituko dituzte bilaketarekin jarraitu ahal izateko. Zehazki, B1-1 gunera eta B4 eremuaren Hegoaldera zabalduko dute bilaketa. Izan ere, Erkorekak azpimarratu zuen azkeneko aldiz ikusitako eta lur jausia egondako denbora tartea jakinda, uste dutela bi eremu horien artean egon litekeela. Hala ere, ohartarazi zuen lanek asteak iraungo dituztela, eta eguraldiak ere eragina izango duela. Nabarmendu du faktore «oso garrantzitsua» dela.

Argitzeko beharra

Zaldibarko zabortegia aurten amildu da, baina Verter Recycling 2002 SM enpresaren jabeek bazekiten 2018ko udaberritik ezegonkortasun arazoak zituztela. Hain zuzen, orduan eginiko azterketa batzuetan atzeman zuten segurtasun faktoreak ez zirela betetzen eta ingeniaritza enpresa batek jabeei aholkatu zien azterketa sakonago bat egiteko. Hala ere, jabeek aukera hori baztertu egin zuten, eta, gainera, zaborra hartzeko erritmoa handitu egin zuten. Lur jausiaren ostean abiatutako ikerketen lehen faseen ondorioz, Ertzaintzak enpresaren hiru arduradun atxilotu zituen uztailaren 21ean. Hainbat herritan mugitu dira benetan zer gertatu zen argitzeko asmoz. Zaldibar Argitu eta Eskubide Sozialen Kartak herri akusazio baten berri eman zuen urrian, iritzita garrantzitsua dela herritarrek auzibidean «ahots propioa» izatea. Kaleetako kezka epaitegietara eraman nahi dute, erakunde publikoek «eskuak garbitu nahi izan dituztela» iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.