Bi langile hil dira, Corellako araztegiko putzu batera erorita

Hiru ordu behar izan zituzten beharginen gorpuak erreskatatzeko. Bi biktima eragin dituen urteko hirugarren ezbeharra izan da

Suhiltzaileak, putzura eroritako bi langileren gorpuak erreskatatzeko prestatzen. NAFARROAKO GOBERNUA.
Iker Aranburu.
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Urteko lan istripu larrienetako bat gertatu zen atzo Corellan. Herri horretako araztegian lanean ari zirela, bi langile erori egin ziren hondakin urak zituen putzu batera. Berehala hil ziren beharginak, baina haien gorpuak erreskatatzeko lanek luze jo zuten, operazioa arriskutsua zelako. Atzoko biekin, jada 29 dira 2018. urtea hasi zenetik Euskal Herrian lanean hildakoak. 2017an 54 izan ziren.

Nafarroako Gobernuaren informazioaren arabera, ezbeharra 14:22an gertatu zen. Oraindik argitu ez duten arrazoiren baten ondorioz, bi langile erori egin ziren hondakin urak dituen putzu batera —hiru metroko sakonera zuen—. Nafarroan bizi ziren biak: Ablitasen R.C.G., 35 urtekoa, eta Murchanten, berriz, L.G.F., 54 urtekoa.

Larrialdi zerbitzuak bizkor joan ziren Corellako araztegira, baina ezin izan zuten ezer egin langileen bizitza salbatzeko. Izan ere, putzura erori eta gutxira hil ziren bi langileak. Nafarroako Gobernuakbi hipotesi eman zituen: uretan itota hil izana edo oxigenorik gabe gelditu izana ur zikinek botatzen dituzten gasen ondorioz. Auzi medikuen autopsiak argituko du zein izan den arrazoi zehatza. Tuterako foruzainak eta Polizia judiziala, berriz, ikertzen ari dira zer dela-eta erori ziren putzura.

Gorpuen erreskatea ez zen lan erraza izan. Batetik, bi hilotzakmetro bateko diametroko hodi batean harrapatuta geratu zirelako, eta, bestetik, putzuko urak isuritako gasarengatik. Horrela, erreskatean parte hartzen ari zen Tuterako langile batek lana utzi behar izan zuen, gasekin zorabio arin bat izan zuelako. Haren lankideek 17:45ean atera zituztenR.C.G. eta L.G.F. putzutik. Inguruan zituzten anbulantziak, erreskatean inork arazorik bazuen ere. Operazioa ikuskatzen, berriz, Gorka Garcia Corellako alkatea eta udaltzain talde bat.

Beste istripuak

Atzokoa aurtengo bi hildako eragin dituen hirugarren istripua da. Lehenengoa otsailaren 1ean gertatu zen, Loiun (Bizkaia). Furgoneta batean atseden hartzen ari ziren 32 eta 33 urteko bi langile hilik aurkitu zituzten. Antza denez, konektatua zuten argindar sorgailu baten gasak ito zituen. Egun beltza izan zen hura, zeren handik kilometrora gutxira, Galdakaon, elkar jo baitzuten kamioi batek eta Bizkaibusen autobus batek. Bi ibilgailuetako gidariak hil egin ziren.

Bi biktima eragin zituen beste istripu batek maiatzaren amaieran, Arriberriko harrobian, Orozkon (Bizkaia). Istripuaren egunean bertan, makina handi batek harrapatutako bi beharginetako bat hil zen, ospitalean —54 urte zituen—. Bigarrena ere Gurutzetako erietxera eraman zuten, baina oso zauri larriekin, eta ekainaren 8an hil zen. 47 urte zituen, eta, aurreko astean hildakoa bezala, Arcanor enpresarentzat aritzen zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.