Arabako aurrekontua %13 igoko da, «familiak eta enpresak babesteko»

Foru Aldundiak 650 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du. EH Bilduk salatu du «zeharo eskasa» dela egoerari erantzuteko

Itziar Gonzalo eta Ramiro Gonzalez, atzo, aurrekontu proiektua aurkezten. ARABAKO FORU ALDUNDIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Arabako Foru Aldundiak badu 2023. urterako aurrekontu proiektua: 650 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino %13 handiagoa. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak eta Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuak proiektua aletu zuten atzo, prentsaurreko batean. Azaldu zutenez, helburua da pertsonak, familiak eta enpresak «babestea» eta herrialdeak datozen urteetan behar dituen «proiektu eraldatzaileetarako» inbertsioak egitea.

Egungo krisiak sortutako «ziurgabetasun egoerari» erantzuteko xedez ondu dute egitasmoa. «Erakundeoi dagokigu urrats bat aurrera egitea eta ahulenak babestuko dituzten politikak garatzea», azpimarratu zuen Gonzalezek. Hala, iragarri zuen Araba Lagun plana martxan jarriko dutela datorren urtean, eta zuzeneko jarduerak eta neurri fiskalak lehenetsiko dituztela. Besteak beste, plan horrekin lortu nahi dute pertsonak eta familiak babestea, mugikortasuna sustatzea, jarduera ekonomikoari laguntzea, energia aurreztea eta energiaren gainkostuari aurre egiteko laguntzak ematea.

Esaterako, 24,5 milioi jarriko dira zaintza zerbitzuak indartzeko. Neurri sorta horren barruan,desgaitasunen bat dutenei bizitza independentea bermatzeko prestazio bat sortuko dute, besteak beste. Era berean, 7,8 milioi euro erabiliko dira zahar etxeetan leku gehiago sortzeko: 150 toki irekiko dituzte Arabarren egoitzan, etaehun sortuko dituzte itunpeko egoitzetan.

Araba Lagun planean, aurreikusita dago beste laguntza batzuk luzatzea, bereziki energia eraginkortasuna eta aurrezpena indartzeko. Zehazki, 800.000 euro jarriko dira galdara komunitarioa dutenen hornidura kostua apaltzeko, Gasteizko Udalak emandakoen osagarri moduan, eta, gainera, herrialde osora zabalduko da. Gizarte politikekin duten konpromisoari eusten diola azaldu zuen Gonzalezek, halaber. Helburu hori betetzeko, 286,1 milioi euro jarriko dira gastu sozialerako, hau da, «867 euro arabar bakoitzeko», ahaldun nagusiaren hitzetan.

Batetik bestera mugitzeko aukerei dagokienez, Arabako ahaldun nagusiak esplikatu zuen eskualdeko garraioaren hobaria osatzen jarraitzeko funts bat ezartzea aurreikusi dutela, erakundeen artean akordio bat badago. «Ezin dugu garraio guztia linealki eta denbora mugarik gabe diruz lagundu, baina beste erakunde batzuekin koordinatuta jardun dezakegu, 2023an inflazioa kontrolik gabe igotzen bada».

EH Bildu, kritiko

EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedo kritiko agertu da aurrekontu egitasmoarekin, eta negoziatzeko borondaterik ez izatea leporatu dio gobernuari. «Zeharo eskasa da lurraldeko herritarren eta enpresen egoera ezohikoari erantzuteko». Fernandez de Pinedoren iritziz, proiektuak ez die erantzuten lurraldearen beharrei, eta, batez ere, gabeziak sumatu dizkie zerga alorrean aurreikusitako neurriei,diru gehiago dutenek ekarpen handiagoa egin diezaioten lurraldeari. Zerga erreformarik ez proposatzea deitoratu du, era berean. Horrez gain, salatu du ez dela neurririk jaso zahar etxe pribatuetako langileen egoera «lazgarria» konpontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.