Moncloa eta Generalitatea kontalari baten figuraren zereginean kateatu dira

Madrilek Kataluniako alderdien mahairako nahi du pertsona hori. Kataluniakoak estatu mailako negoziazio batean kokatzea du asmo

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea azalpenak ematen, atzo. EMILIO NARANJO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Generalitateak asteak daramatza adierazten Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketetan «nazioarteko bitartekari batek» egon beharra daukala. Madrilek, baina, ez du halakorik onartzen, eta, horren ordez, «kontalariaren» figura jarri du mahai gainean. Hori batetik. Eta bestetik, figura horrek joan den azarotik Katalunian martxan dagoen alderdien arteko mahaian parte hartzea nahi du, eta ez, zuzenean, Moncloaren eta Generalitatearen arteko bileretan. «Inondik inora ez da egongo nazioarteko behatzailerik», azpimarratu zuen, atzo, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Elsa Artadi Generalitateko bozeramailea ere mintzatu zen: «Urrun gaude elkarrizketa eraginkorretik».

«Kontalariaren» figuraren zereginean kateatu dira bi aldeak. Espainiako aurrekontuak datorren astean eztabaidatu eta bozkatuko dituzte, eta PSOEk Kataluniako bi alderdi subiranista nagusien babesa behar du horiek aurrera ateratzeko. ERCk duela hiru egun jakinarazi zuen osoko zuzenketa jarriko diela aurrekontuei, Moncloak ez badu onartzen Generalitatearekin autodeterminazio eskubideaz negoziatzea. PDeCAT ere osoko zuzenketa aurkeztekotan da.

Kataluniako eta Espainiako gobernuek elkarrizketaren bidea ibiltzeko konpromisoa hartu zuten joan den abenduaren 20an, eta bi aldeetako ordezkariak urtarrilaren 25ean batzartu ziren. Bi aldeen arteko elkarrizketa bideratzeko figurari dagokionez, izen zerrenda bat ere aurkeztu dio Generalitateak Moncloari. Kataluniako Gobernuak estatuko alderdiekin osatu nahi du elkarrizketa mahai bat, eta proposatu du horretan parte har dezatela PSOEko, Podemoseko, ERCko eta PDeCAT-JxCko bina kidek. Kataluniako hainbat hedabidek Generalitateko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Calvok iradoki zuen EAJkoak ere mahaian esertzea, baina proposamen horrek ez zuen aurrera egin. «Bileretan hitz egindakoarekin zerikusirik ez duten gauzak ari dira esaten», aurpegiratu zion Artadik Calvori, atzo.

Eskuinaren manifestazioa

Moncloak kontalariaren figura plazaratu duela eta, PPk, Ciudadanosek eta Voxek manifestaziora deitu dute. Igandean izango da Madrilen, U-1aren epaiketa hasi baino bi egun lehenago. Bestetik, elkarte zibil subiranistek epaiketaren kontrako mobilizazioak egingo dituzte. Aurrenekoa Bartzelonan izango da hilaren 16an, eta bigarrena Madrilen egingo dute, martxoaren 16an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.