Nafarroako ekonomiak sendo eutsi dio oraingoz nazioarteko motelaldiari

Laboral Kutxaren arabera, aurten %2,7 handituko da BGPa, eta 2020an, %2,2. Munduko ekonomia atzeraldian sartzeko aukerak handitu dira

Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa bulegoko zuzendaria, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Munduko ekonomia eta Europakoa uste baino abiada handiagoan ari dira moteltzen. AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gatazkak, hitzarmenik gabeko brexit-a gero eta gertuago izateak, eta petrolioaren garestitzeak ingurune ekonomikoa belztu dute ezinbestean. Orain arteko datu enpirikoei etorkizun hurbilari begira enpresek dituzten aurreikuspenak gehitu behar zaizkie, adierazleek islatzen baitute inbertsioetan eta enpleguan eragina izan dezaketela. Arriskuak handitu dira, eta egoerak okerrera egin badu ere, oraingoz Nafarroako ekonomiak sendo eutsi dio. Atzo, Laboral Kutxak azpimarratu zuen aurten %2,7 inguru haziko dela, eta 2020rako %2,2ko hazkundea aurreikusten du.

2018ko txosten ekonomikoa aurkeztu zuen atzo finantza erakundeak Iruñean, Tres Reyes hotelean. Nafarroako Gobernuko kontseilariak, parlamentariak eta enpresa munduko ordezkariak joan ziren aurkezpenera. Bertan, Joseba Madariaga ikerketa bulegoko arduradunak 2018tik hona egoera zertan aldatu den xehatu zuen. Adibide gisa jarri zuen duela urtebete mundu guztiak aurreikusten zuela garai honetarako EBZk interes tasak igotzen hasiko zela; hamabi hilabete geroago, tasek bere horretan jarraitzen dute, eta iraganeko neurriak berrindartu ditu.

Madariagaren ustez, diru politikak bere mugak ditu, ordea: «Mario Draghik berak ez du jada uste bultzatutako neurri horiek lortuko dutela inbertsioa edo enplegua handitzea. Interes tasak %0tik gertu izanik, ez dago tarte handirik horretarako. Kreditua handitu dezake, baina enpresek gehiago inbertitu ahal izateko garrantzitsua da ere enpresek etorkizuneko egoera argi ikustea».

Egungo argi-ilunak

Madariagaren ustez, egungo arazoetako bat da «argi-ilun» ugari daudela. Nagusietako bat Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gatazka da. Donald Trumpek sustatutako gerra horri irtenbiderik ez zaio ikusten epe motzera, eta horrek nazioarteko merkataritzan eragin du.

Azken bi urteotan, arriskuen artean beti brexit-a sartu da, baina behin betiko epemuga gero eta gertuago dago. Akordio bat egiteko aukerarik gabe, erabat argi dago ondorioak izango dituela Europan, epe motzera eta ertainera. Zalantza da zenbatekoa: «Ez dakigu». Ingalaterrako Bankuak epe erdirako ondorioen azterketa bat kaleratu berri du, baina, Madariagaren esanetan, epe motzean ere eragin handia izango du Erresuma Batuak kolpean Europako Batasuna uzteak.

Alemania ere kezka iturri da. Duela urtebete, autogintzan, CO2 isurketen erregimen aldaketaren ondorioz industria ekoizpenak behera egin zuen, baina urte hasieran suspertzea aurreikusten zen. «Erratu egin nintzen horretan», onartu zuen Madariagak,industria produkzioaren beherakadak bere horretan jarraitu duelako. Autogintzari dagokionez, Alemanian produkzioak behera egin du, baina beste lurraldeetanhanditzen ari da.

Azken horien artean dago Nafarroa. Izan ere, Nafarroako ekonomiaren motor den autogintzak %20 hazi da —Landabenen VWek azken hilabeteotan egindako aldaketak lagun—. Esportazioak ere «sendo» ageri dira. Langabezia tasa, berriz, %8tik behera dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.