LABek «harresi sozial bat» eraiki nahi du beste sindikatuekin batera

«Enplegu suntsiketari» eta «prekarizazioari» aurre egitea izango luke helburu. Aurki hasiko du akordioak lotzeko bilera erronda konfederala

LABeko Negoziazio Kolektiboko arduradun Xabier Ugartemendia eta idazkari nagusi Garbiñe Aranburu. J. FONTANEDA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
«Harresi sozial bat», Garbiñe Aranburu LABen idazkari nagusiak alderaketa grafikoa egin zuen atzo buru duen sindikatuak abian jarri nahi duen egitasmoa deskribatzeko. Izen deigarriaren atzean, sindikatuen arteko akordio bat josteko asmoa dago, «enplegu suntsiketari eta prekarizazioari» aurre egiteko. Horretarako, bilera sorta konfederal bat hasiko du aurki, eta lortzen diren akordioen arabera erabakiko dituzte hurrengo pausoak.

Harresiaren oinarria eraikitzeko, «protokolo» bat diseinatu du LABek, hiru plano nagusi dituena: lantokietan gertatzen ari diren kontrako erasoak geratzea; bereziki kaltetuak izan diren sektoreen egoerari erantzutea; eta edozein enplegu galeraren kontrako mobilizazio sozial zabalak bultzatzea. Mobilizazioei buruz hitz egitean, Aranburuk zenbait egoera deskribatu zituen: «Enpresa batean aldi baterako erregulazio bat badago, enpleguarekiko konpromisoa eskatu behar dugu, eta behin-behineko langileak kanpoan ez uzteko. Aldiz, erregulazioa behin betikoa bada, posizio argi bat hartu behar dugu. Enpresaren egoera ondo ezagutu behar da horretarako: irabaziak izan dituen, dibidenduak banatu dituen, diru publikoa jaso duen...».

Azken hilabeteetan, izan ere, erregulazio ugari egon dira Euskal Herriko enpresetan: ITP Aeron, ITP Castingsen, Aernnovan, Alestisen, Matriceria Deuston... Sindikatuek jarrera ezberdinak izan dituzte negoziazio prozesuetan, eta etorkizunera begira «modu bateratuan» egiteko balio behar luke harresiak. Hala onartu zuen Xabier Ugartemendia LABeko Ekintza Sindikaleko idazkariak aurkezpenean: «Gustatuko litzaiguke enpresetan adostasun bat izatea, antzeko kudeaketa egin eta mobilizazioak bideratzeko».

Aranburuk, izan ere, hitz gogorrak erabili zituen enpresa batzuen jarrera azaltzeko, eta «krisia baliatzen» ibiltzea leporatu zien. «Oso erraz jotzen dute kaleratzeetara eta prekarizaziora. Enplegu asko suntsitu dute, eta gaur egun enplegua galtzeko arrisku handia dago». Alde horretatik, erakunde publikoek duten ardura salatu zuen: «Instituzioak patronalaren alde daude. Ez daude langilea defendatzeko. Enpleguaren arazoa egiturazkoa da, eta irtenbide politikoak behar ditu: lan erreformak atzera bota eta lan harremanen eraldaketa sakona».

Baita eremu publikoan ere

Instituzioen haritik tiraka, harresiaren eragina erakunde publikoetara iritsi beharko lukeela nabarmendu zuen. «Erakundeen utzikeriaren erruz» behin-behineko langile tasa «izugarria» dagoelako eremu publikoan, eta, LABen ustez, «sendotze prozesuak» beharrezkoak dira: «Lekuan lekuko egoerak aztertu, eta lekuan lekuko erantzunak eman. Bitartekoen eskubideak errespetatu ditzaten, mobilizazioak antolatzeko garaia da. Administrazio publikoan ez dago inor sobera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.