Kolesnikova Bielorrusiatik kanporatzen saiatu direla salatu du Ukrainak

Kieven arabera, oposizioko hiru politikari herrialdetik kanporatzen ahalegindu da Minsk; haietako bi Ukrainan sartu dira

Maria Kolesnikova, artxiboko argazki batean. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Buruzagirik gabe geratu da Bielorrusiako oposizioa: Poliziak preso hartu ditu erbestean ez daudenak; azkena, Maria Kolesnikova. Hura atxilotu zuten zurrumurruak herenegun zabaldu ziren, hainbat lekukok salatu zutenean ezezagun batzuek atzeman eta ibilgailu batean eraman zutela. Oposizioak, berriz, atxilotu egin zutela esan zuen, eta Poliziak, eurek ez zutela atzeman. Atzo bestelakorik jakinarazi zuen Minskek: mugako segurtasun indarren arabera, goizaldean Ukrainara sartzen ahalegindu ziren Kolesnikova bera, Anton Rodnenkov eta Ivan Kravtsov —biak desagertutzat eman zituzten atzo—.

Lehena atxilotu egin zuten muga zeharkatu aurretik, baina beste biak Ukrainan sartu ziren. Minsken arabera, bi horiek ere atxilotu zituzten Ukrainako segurtasun indarrek. Kievek, ordea, ez du halakorik baieztatu.

Oso bestelakoa izan zen Ukrainako segurtasun indarren kontakizuna. Haien arabera, hiru ekintzaileak Bielorrusiatik kanporatzen ahalegindu ziren hango segurtasun indarrak, eta lortu zuten, Kravtsov eta Rodnenkoven kasuan; baina Kolesnikovak pasaportea apurtu zuen, eta, beraz, ezin izan zioten Ukrainan gelditzen utzi; horregatik atxilotu zuten Bielorrusian. «Ez zuten Maria Kolesnikova kanporatzea lortu, emakume ausart honek neurriak hartu zituelako, mugaz bestaldera bidal ez zezaten», esan zuen Anton Gerastxenko Barne ministrordeak.

Svetlana Tsikhanovskaia presidentetzarako bozetarako oposizioko zerrendaburuak gaitzetsi egin zuen atxiloketa, eta Kolesnikova berehala aske uzteko eskatu zuen. «Koordinazio Kontseilua negoziaziorako plataforma bat da, eta, beraz, bertako kideak, Kolesnikova bera tartean, aske utzi behar dituzte [Aleksandr] Lukaxenko presidenteak ohartu behar du horretaz. Ezin da jendea bahitu egun argiz. Hori eginez, Lukaxenkok erakusten du beldur dela».

Aldiz, Lukaxenkok ontzat eman zuen Kolesnikovaren atxiloketa, eta berretsi hura ahalegindu zela herrialdetik irteten. Bide beretik, aitortu zuen manifestazioen aurkako lehen egunetan «gehiegikeria batzuk» egin zituztela segurtasun indarrek, eta horiek ikertzeko konpromisoa hartu zuen.

Dimisiorik ez

Hainbat komunikabideri emandako elkarrizketan, Lukaxenkok onartu du «agian denbora gehiegi» egin duela agintean, baina, era berean, berretsi du ez duela dimisioa aurkezteko asmorik. Aldiz, ez du baztertu konstituzioan «hainbat aldaketa» egin ondoren hauteskundeetara deitzea.

Manifestazioei buruz galdetuta, berriz, AEBei, Poloniari eta Txekiar Errepublikari egotzi die horiek bultzatu izana, Bielorrusiako «klase ertainaren» laguntzarekin: «Boterea nahi dute, eta horregatik bultzatzen dituzte protestak». Hala, nabarmendu du ez duela hitz egingo Koordinazio Kontseiluarekin, euren helburu bakarra «herrialdea hondamendira eramatea» baita. «Errusia anaiarekiko lotura guztiak urratzea nahi dute, hezkuntza eta osasun ordainpekoak izatea. Enpresa guztiak ixtea nahi dute, eta langileak lanik gabe geratzea. Ez dakit nor diren kontseiluko kideak, baina ez dira oposizioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.